Asteartean aukeratuko dute San Joan jaietako kartela

Ataria 2024ko maiatzaren 10a

Hodeiertz abesbatzaren emanaldia, San Joan bezperako Andre Maria plazako ekitaldian.

Maiatzaren 14an, Tolosako Jai Batzordeak San Joan jaien azken xehetasunak zehazteko bilera egingo du, kultur etxean; 19:00etan hasiko da eta herritar orori irekia izango da. 

Datorren asteartean, maiatzak 14, Tolosako Jai Batzordearen bigarren bilera egingo da, ekainean ospatuko diren San Joan jaien azken xehetasunak zehazteko. Hala, jai egitarauaren eta baliabideen errepasoa egingo da: komunen beharrak, eragile bakoitzak izan ditzakeenak…

Horrez gain, San Joan jaien kartelaren bozketa ere egingo da. Aurten, lehen aldiz, epaimahaiaren botoei Jai Batzordearen botoa gehituko zaie. Hortaz, bileran bost finalisten artean onena aukeratu ahal izango dute bertaratzen direnek, eta boto gehien jasotzen dituen kartelak izango du Jai Batzordearen botoa azken kontaketarako. 

Aipatutakoez haratago, bertaratzen direnen eskaera, behar edo proposamenak ere jasoko dira, ohiko moduan. Bilera 19:00etan hasiko da, kultur etxean, eta herritar orori irekia izango da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!