Martxan da Tolosako San Joan jaiak iragartzeko kartel lehiaketa

Ataria 2024ko api. 22a, 18:00

Lehen aldiz, adituek osatutako epaimahaiaz gain, Jaietarako Herritarren Batzarrak ere izango du finalisten artean botoa emateko aukera; maiatzaren 5a baino lehen aurkeztu behar dira lanak.

Azken urteetan egin den moduan, Tolosako San Joan festak iragarriko dituen kartelaren lehiaketa abiatu du udalak. Lehiaketa irekia da parte hartu nahi duten guztientzat. Gaia, koloreak eta lana egiteko teknika libreak diren arren, aurkeztutako proposamen guztiak originalak izan behar dute eta ondorengo esaldia jaso beharko dute: Sanjoanak 2024, ekainak 21-24 - Tolosa. Horrekin batera, Tolosako ikur komunikatiboa ere integratu beharko dute, kartelaren behealdean; udal webgunetik deskargatu daitezke bertsio ezberdinak. Kartelek 50 x 70 zentimetroko proportzioa izango dute bertikalean eta formatu digitalean aurkeztu behako dira. Irabazle aukeratzen den lanaren egileak bereizmen altueneko formatuan aurkeztu beharko du bere proposamena.

Lanak maiatzaren 5eko 14:00ak arte aurkeztu ahal izango dira. Lehiakide bakoitzak gehienez hiru proposamen desberdin aurkeztu ahal izango ditu, guztiak fitxategi digital moduan, udalaren webguneko sanjoanetako atalaren barruan horretarako prestatutako aplikazioaren bitartez. Aplikazio horretan kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta zenbaki hori izango da epaimahaiarentzat kartelaren identifikatzailea. Fitxategiaren izenean izenburua baino ez da azaldu behar.

Behin proposamen guztiak jasota, arte eta diseinuan adituak diren pertsonekin Kultura, Festak eta Gazteria Departamentuak izendatutako epaimahaiak bost kartel finalista aukeratuko ditu. Finalista horien artean onena zein den ere hautatu beharko dute epaimahaikideek. Boto horiei Jaietarako Herritarren Batzarreren beste boto bat gehituko zaie; izan ere, aurten, lehen aldiz, herritarrek osatzen duten batzarrak bost kartel finalisten artean gustukoena hautatu ahal izango du. 

Kartel irabazlea maiatzaren 27tik aurrera jakinaraziko da. Egileak 500 euroko saria jasoko du eta honi dagokion atxikipena egingo zaio. Era berean, saritutako kartela eta beronen era guztietako erreprodukzio eskubideak Tolosako Udalaren jabetzapean geratuko dira.

Lehiaketaren oinarriak hemen daude eskuragarri, eta lehiaketari buruzko informazio gehiagorako festak@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 670 388 telefono zenbakira deitu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!