Zabaldu dute eskualdeko erreferentziazko gune feminista berria

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 20a, 19:59

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea martxan da jada. Tolosako Udalak 2016an abiarazi zuen proiektua eta parte hartze bidezko bi prozesu eginda ondu dute. Astelehenean Gune Zabaleko bilera irekia egingo dute 18:30ean eta esan dute interesa duen edozein emakume dagoela gonbidatua.

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoa sustatzea ditu helburu, eta eraldaketarako gune eta tresna dela nabarmendu du udalak. Helburuen artean daude, esaterako, mugimendu feminista sendotzea eta askotariko emakumeen arteko sareak eraikitzea. Baina, horrekin batera, eskualdeko emakume guztien indarrak batzeko eta indarkeria matxistaren aurka ikuspegi integrala lantzeko espazioa ere izango da.

Eskaintza
Orotariko jarduerak hartuko ditu Andragorak, nahiz eta etxetik kanpo edo Tolosaldeko beste udalerrietan ere antolatuko diren ekintzak: topaketak, tailerrak, ikastaroak, jardunaldiak, kirol-jarduerak, ludiko eta kulturalak, kaleko ekintza zuzenak edota egitasmo solidarioak. 

Aholkularitza zerbitzu psikologikoa (banakakoa zein kolektiboa) eta juridikoa ere eskainiko dira bertan. Gainera, bertan kokatuko dira Tolosako Udaleko Berdintasun Sailaren bulegoak.

Erabilera aniztasuna izango da, hortaz, Andragoraren ezaugarri nagusienetako bat. Eta, horretarako, gune ezberdinak izango ditu espazioak.  Bitan zatituko da: eraikin nagusia Emakumeon Plazan dago, Rondilla kalera begira. Harrera gunea, berdintasun teknikarien bulegoak, egongela-liburutegia eta 60 lagunentzako edukiera duen areto nagusia kokatuko dira bertan, besteak beste. Atzean, Inpernu kalean, dago beste espazioa, eta bertan erabilera anitzeko gela ugari, eta sukaldea daude. Altzari modularrekin atondu dira bi espazioak, unean uneko beharren arabera egokitu ahal izateko.

Gune irekia, kudeaketa partekatua
16 urtetik gorako emakumeentzako espazio irekia izango da, edonork parte hartu ahal izango baitu, beti ere, feminismoari lotutako gaien inguruko jarduerekin lotura badu erabilera horrek. Etxearen kudeaketa Tolosaldeko Udalen, eskualdeko mugimendu feministaren eta emakumeen taldeen artean partekatzen da.

Jarduera edo bilera bat antolatzeko, Andragorako dinamizatzailearekin harremanetan jarri beharko da, bertara gerturatuta, andragora@andragora.eus helbidera idatzita, edo 943 00 89 67 telefono zenbakira deituta. Jarduera puntualen kasuan, eskaera gutxienez jarduera baino zazpi egun lehenago egin beharko da. Aldiz, jarduerak bi egun baino gehiago hartuko baditu, 15 eguneko gutxieneko epea bete beharko da. 

Espazioa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, hasiera batean 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara bitarteko ordutegian. Behin martxa hartuta, eta beharra ikusiko balitz, etorkizunean ordutegia aldatzea ere ez da baztertzen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!