Elkarrizketa

«Ikuspegi feminista eskualdera zabaltzeko tresna izango da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 24a, 07:59

Dagoeneko zabaldu ditu ateak Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eta martxan du zerbitzua; bertako ordezkariek argi utzi dute eskualdeko emakume guztien erreferentziazko gunea izango dela.

Urte berriarekin batera, eta hilabete luzetako itxaronaldiaren ondoren, martxan jarri dute Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea. Libe Muguruza asteasuarra da bertako dinamizatzailea eta Agurtza Zubero Tolosako Udaleko berdintasun teknikari ermuarra eta Eli Garmendia administrari tolosarra ditu bidelagun. Tolosaldeko emakume guztiengana heltzea da beraien nahia, eskualde guztian erreferentziazko gune bat izan dezaten. Bertaratu, ezagutu eta bizia ematea egokitzen da orain.

Azkenean martxan jarri ahal izan duzue zerbitzua. Zer sentitzen duzue?

Libe Muguruza: Oso pozik gaude. Prozesua oso luzea izan da eta emakume ugarik parte hartu du. Bide horretatik, erantzukizuna ere handia da, fisikoki Tolosan badago ere, Tolosaldeko Emakumeen Etxea delako. Beraz eskualdeko emakumeen behar eta aurreikuspen guztiei erantzutea egokituko zaigu.

Eli Garmendia: Lanean aurten hasi garen arren, urte luzez aritu gara hau guztia diseinatzen eta errealitate bihurtzen.

Agurtza Zubero: Hasierak oso gogorrak izaten dira, edozein zerbitzutan. Kasu honetan, lan handia eskatzen du, kudeaketa, egitura eta sormen aldetik. Hala ere, ezinbesteko urratsa izan da martxan jartzea, eta orain ilusio handia dugu.

Astean zehar egongo da irekita, goizez eta arratsaldez, baina ordutegiz kanpo ere erabili ahal izango da.

Garmendia: Ordutegi finkoa izango badu ere, sortu daitezkeen beharren arabera moldatzeko prest gaude. Baliteke ordutegia bera ere aldatzea, baina hori aurrerago aztertuko genuke. Oraindik hasiera besterik ez da, proba pilotu bat alegia.

Muguruza: Ordutegiz kanpoko jardueretarako eskaera bat egin beharko dute norbanako edo taldeek, helbide elektronikora idatziz edo hona gerturatuz. Eskaera horretan etxea nork eta zein helbururekin eskatzen duen azaldu beharko da. Hori bai, etxearekin bat datozen jarduerak izan beharko dute. Giltza desberdinen erregistro bat daukagu, eta eskaerak onartu ahala horiek uzten joango gara. Hortaz, etxea itxita egon arren, espazioak erabilgarri egongo dira, horrela, bizi propioa izan dezan. Gaur egun, esaterako, Jabetze Eskolako tailerrak martxan daude, etxea itxita dagoen bitartean.

Tolosako Inpernu kaleko 5 eta 7 eta Emakumeon Plaza 1 zenbakietan dago kokatuta. Tolosan egoteak eskualdeko herritarrak erakartzen lagundu dezake?

Muguruza: Tolosako erdigunean egoteak erreferentzia puntu bat izaten lagunduko du. Irisgarritasun aldetik, Tolosan bertan zabaltzeko nahiz eskualdera iristeko gune estrategikoan dago.

Zubero: Hori izan da betidanik mugimendu feministaren aldarrikapena, erdigunean egotea eta erreferentziazko gune bihurtzea.

Libe Muguruza Andragorako dinamizatzailea: «Andragora bizia eta,  batez ere, feminista irudikatzen dut. Gune seguru bat izan dadila, konfiantzazkoa»

Zein helburu ditu Emakumeen Etxeak?

Zubero: Emakumeak elkartzeko, eztabaidatzeko, ikasteko eta ahalduntzeko gune segurua eta kolektiboa izango da, agenda feminista politikaren ardatz nagusian kokatu ahal izateko, feminismoaren helburu politikoak txertatuz, desberdintasunak eta izan ditzakeen intersekzioak kontuan hartuz, inplikatutako eragileekin gaur egungo agenda zabalduz eta beharrezko tresnak eta metodologiak berrituz. Beste helburu bat prozesu estrategiko eta eraldatzaileagoak lortzeko bidean laguntzea eta aurrera egitea da.

Zein zerbitzu eskainiko dituzue bertan?

Muguruza: Une honetan martxan duguna dinamizatzaileak egiten duen arreta zerbitzua da, edozein beharri erantzuteko. Bestetik, aholkulari juridikoa ere martxan dugu; bi astez behin etortzen da, asteazken arratsaldeetan, eta interesa duenak aurrez eskatu behar du hitzordua. Horrez gain, aholkulari psikologikoa ere martxan jartzeko asmoa dugu; prozesua, behintzat, martxan dago.

Zubero: Lehen aipatu bezala, Jabetze Eskolako tailerrak ere hemen izango dira. Berdintasun Sailak antolatutako sentsibilizazio kanpainen barruan, urteko data garrantzitsuetan jarduerak antolatuko ditugu.

Epe motzera begira, ekintza planik zehaztu duzue? 2024rako adibidez?

Muguruza: Oraindik ez. Etxearen antolatzeko modua eta egiturak zehazten ari gara. Alde batetik, Tolosaldeko mugimendu feminista desberdinekin osatutako talde eragile bat egongo da. Bestetik, biltzar bidezko funtzionamendua izango duen Gune Zabala egongo da; edozein emakumek izango du bertaratzeko aukera. Horiez gain, Koordinazio Gunea egongo da, alderdi politikoetako eta talde eragileko ordezkariek osatutakoa. Azkenik, talde eragiletik lan-talde desberdinak sortuko ditugu ekintza zehatzetarako. Behin hori guztia martxan jartzen dugunean, orduan hasiko gara ekintza plana zehazten eta jarduera desberdinak antolatzen.

Garmendia: Jabetze Eskolako udaberriko tailerrak, adibidez, badakigu bertan egingo direla. Hemeretzi tailer izango dira eta apirilaren 8an izango da lehena.

Agurtza Zubero, berdintasun teknikaria: «Jarduerak kanpora aterako ditugu, eta kalean ere Andragora zer den ikusiko dute herritarrek»

 

Nolako garrantzia izango du Andragorak Tolosaldean?

Muguruza: Erreferente izango da. Herri txiki askoz osatuta dagoen eskualdea da gurea, eta herri horietan oso zaila da berdintasun teknikari bat izatea, edo behintzat pertsona bat zeregin horietan aritzea. Herri horientzako bitarteko edo baliabide bat izango da, dituzten beharrei erantzun ahal izateko, eta batez ere, komunikazio zuzena edukitzeko.

Ate irekien jardunaldian esan zenutenez, eskualdeko emakume guztientzako lekua izango da bertan, eta orain arte egindako lanari jarraipena emateko balioko du. Helduleku garrantzitsu bat izango da, batez ere eskualdeko herri txiki horientzat, ezta?

Muguruza: Bai, horregatik aipatzen genuen lehen erreferente izan nahi hori. Orain, gainera, talde eragilean ordezkari bat egoteko proposamena luzatu dute. Horrela, aurreko prozesu guztiari jarraipen bat ematea lortu eta aurrez dagoen jakintza mantendu ahal izango dugu.

Herri txikien kasuan, esaterako, duela gutxi mezu bat jaso genuen, martxoaren 8ra begira zer eskaini ez zekitela eta, hitzaldi edota ekintzen inguruan galdezka. Herri horren dimentsioa, ezaugarriak eta baliabideak ikusita, horien araberako proposamenak luzatu genizkien. Horrez gain, protokolo bat osatzeko zalantzak heldu daitezke.

Zubero: Gerta daiteke etxean bertan egindako jarduera interesgarri bat inguruko herrietara eramatea proposatzea.

Emakumeen etxea, egoitza soil bat izateaz gain, eraldaketarako tresna ere izango da, ezta?

Zubero: Jarduerak ez ditugu etxean bakarrik egingo, kanpora aterako ditugu, eta kalean ere Andragora zer den ikusiko dute herritarrek. Besteak beste, ikuspegi feminista eskualde osora zabaltzeko eta emakumeen eta gizonen arteko erabateko parekidetasuna lortzeko, heldu daitezken erronka berriei erantzun bat emateko eta Tolosaldeko udaletan genero ikuspegia txertatzen laguntzeko edo emakumeen partaidetza politikoa bultzatzeko tresna izango da.

Aurrera begira, eskualdeko emakumeen bizimodu sozialerako espazioa izatea nahiko zenukete?

Muguruza: Zalantzarik gabe, elkartzeko, kultur, kirol nahiz aisialdi ekintza desberdinak egiteko gunea izango da. Hori izango da Andragoraren oinarrietako bat, betiere aipatu berri dugun eraldaketa baztertu gabe.

Zubero: Eskualdeko emakumeen, emakume taldeen eta mugimendu feministen arteko sareak eraikitzea nahi dugu, besteak beste, elkar ezagutu eta koordinazioz jarduteko eta indarkeria matxistaren inguruko ikuspegi integral bat izateko.

Eli Garmendia, administratzailea: «Ordutegi finkoa izango badu ere, sortu daitezkeen beharren arabera moldatzeko prest gaude»

Espazioari dagokionez, 600 metro karratu ditu guztira: bulegoak, bilera gelak, balio anitzeko espazioak… Lekua, behintzat, ez zaizue faltako.

Zubero: Ez da txikia, ez, eta denetik dauka: Tailerretarako espazioak, harrera gunea, hitzaldi edo aurkezpenetarako areto nagusia... Atsegina da, argitasun handia du eta askotariko aukerak eskaintzen ditu.

Garmendia: Ziur beteko dela, eta gehiegi betez gero, ederra egin dugunaren seinale! Arrakasta izanez gero, akaso beste etxe bat izan genezake…

Zubero: Beste bat ez dakit, baina giza baliabide gehiago edo baliabide ekonomiko handiagoak ongi etorriak izango lirateke.

Muguruza: Aurrera egin ahala, joan dadila pixkana handitzen, baina beti beharrei erantzuteko gai izan behar dugu.

Etorkizunera begira, nolako Andragora irudikatzen duzue datozen urteetan?

Muguruza: Bizia eta, batez ere, feminista. Gune seguru bat izan dadila, konfiantzazkoa, emakumeok biltzeko leku bat, arreta bizkorra eskainiko duena, beharrei ahalik eta hobekien erantzungo diena eta jarduera ugari bilduko dituena. Merezi duen indarra izan dezala.

Zubero: Urratzailea eta eraldatzailea, izan ditzakegun erronken aurrean erantzuteko gai dena. 

ANDRAGORA

Zer da? Tolosaldeko emakumeen partaidetza soziopolitikoa sustatuko duen emakumeentzako gune propioa, berdintasuna sustatzeko ekintzak garatzeko.

Kokapena. Tolosako Inpernu kaleko 5 eta 7 eta Emakumeon Plaza 1.

Ordutegia. Astelehenetik ostiralera, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00.

Helbide elektronikoa. andragora@andragora.eus

Instagram. @andragora_tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!