«Inauterietan ere, gora borroka feminista»

Ataria 2024ko ots. 13a, 17:24

Tolosako Asanblada Feministak, Tolosako Inauterietako hainbat eragilek eta Tolosako Udalak deituta, herrian izandako azken sexu erasoak gaitzetsi dituzte gaur, zezen plazan.

Inauterietako arratsaldeetan zezen festak hartzen du zezen plaza eta jai giroa izaten da nagusi, gaur ordea aldarrikapenerako bilgune izan da. Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Tolosan hiru emakumezkori sexu-askatasunaren aurkako delituak egiteagatik, eta sexu erasoak gaitzetsi dituzte gaurko deialdiarekin. 

 

«Herria txaranga doinu, kolore eta mozorroz jantzi zaigu egun hauetan, baina tamalez, denontzat ez dira alaitasun egunak izan. Festa giroan egon arren, gertakariak salatzeko eta neska horiei zein bere inguruneari elkartasuna adierazteko gaude hemen», entzuten zen bozgoragailuetan asanbladako, eragileetako eta udaleko ordezkariek Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde zioen pankarta eskuetan, zezen plazari bira eman dioten bitartean.

 

Gogoratu dute erasoak salatu behar dituzten ez direla lehen inauteriak, «gure egunerokotasuna gogor zeharkatzen dute emakumeon aurkako erasoek». Erasoak ugariak eta mota askotakoak direla nabarmendu dute, berdin duela adinak, eguneko zein ordu den edo non gauden, «indarkeria matxistak gure bizitzetako esparru guztiak zipriztintzen dituelako». Indarkeria sexistarik gabeko herri bat eraiki nahi dutela eta horren alde egiten dutela gaineratu dute.

 

Horiek horrela, aldarrikatu dute emakumeek ez dutela inoiz erantzukizunik bizitako indarkerian, edozein izanda ere ordua, tokia, janzkera eta erasotzailearekin edo erasotzaileekin duten harremana «indarkeria beti da egiten duenaren edo dutenen erantzukizuna». Azpeitian izandako bortxaketa gaitzetsi dute era berean, eta herri bezala indarkeria matxistaren aurka pausoak eman behar direla esan dute, horretarako herritar guztien parte hartzea beharrezkoa dela nabarmenduz. Harmailetan zeuden ikusleen txalo zaparrada entzun da orduan. «Inauterietan ere, gora borroka feminista» esanaz bukatu dute ekitaldia.

 

Foru Aldundia

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere erasoak salatu ditu ohar bidez eta esan du Tolosako Udalak kaleratutako adierazpenarekin bat egiten duela Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz. «Beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra, halako erasoen oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun eza baitago, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak». Emakume guztiek aisialdiaz askatasun osoz gozatzeko duten eskubidea aldarrikatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!