2000. urtean aukeratu zituzten Tolosako Inauterietako azken erregina eta damak. Danborradari lotutako ekitaldia zen eta ekitaldi hori osatzeko hainbat elkartetan erabaki zen erregina eta damen ekitaldia gehitzea, eta 1956. urtetik 2000. urtera arte egin zen. Esan behar da danborrada hainbat urtez gizonezkoen ekitaldia zela; Berazubi elkarteak antolatutakoan bakarrik zeuden emakumezkoak. Danborradaren ondoren erregina eta damak joaten ziren karroza batean. Elkarteetako gizonek aukeratzen zituzten erregina eta damak, eta baita danborradako taldeekin joaten ziren kantinerak ere.
1999. urtean Euskal Herritarrok alderdiak lortu zuen alkatetza, eta festa batzordean gaia aztertzea erabaki zuten. Udal taldeak elkarte guztiei egin zien dei eta jakinarazi zieten udalak ez zuela horrelako ospakizun batean parte hartuko eta ekitaldira bideratutako diru laguntza kenduko zuela.
Garai hartan Silvana Ostiza zen arlo horretako zinegotzia eta ATARIA-n 2020an egindako elkarrizketan gogoratu zuen ekitaldi horrek bazuela beste alderdi bat; «elkarteko ordezkariak, festa batzordeko kide batzuk, alkatea eta festa zinegotzia afari batera joaten ziren, eta emakume horien artean erregina zein izango zen aukeratzen zuten. Nola parte hartuko genuen nik eta Antton Izagirre orduko alkateak, festa horretan? Pentsaezina iruditzen zitzaigun».
Ostizak gogoratu zuen ez zela erraza izan, baina ez zela gatazka handiegirik sortu ere, «aurretik lanketa bat egin genuen, ospakizuna beste zerbaitekin ordezkatu nahi genuelako. Elkarte zenbaitek protesta egin zuten, baina baziren gure iritzi bereko herritar eta eragileak ere, eta aliatu bilakatu ziren».
Zaldunita Bezperako danborrada 2001. urtean itxuraldatu zen, beraz. Kosakoak, banda, goardia ingelesa, danbor jotzaileak... mantendu zituzten, baina ez erregina eta damen figura. Horren ordez, Galtzaundi egin zuten protagonista. Ramos Azkarate (1847-1904) bertsolari eta poeta tolosarrak idatzi zuen Galtzaundi habanera. Behin erregina eta damak danborradatik eta inauterietatik kenduta, Galtzaundiren panpinak hartu zuen Zaldunita Bezperako protagonismoa.
Bertso eta kantu bitartez ezaguna zen pertsonaia panpina bihurtu zuten, eta 2001. urtean danborradaren ostean jarri zuten kultur etxean Hauster Eguna bitarte han uzteko. Iñaki Epelde eta Jose Luis Longaronek izan zuten irudi hori egiteko ardura.
Eta nor zen Galtzaundi? Santos Aldasoro Iriarte, 1831. urtean Etxarrin jaioa, eta zapataria lanbidez. Francisco Tuduri Esnal tolosarrak hari buruzko liburua argitaratu zuen 2020an eta orduan esan zuen gizon xumea zela: «Abestiaren testuaren arabera, mozkor eta parrandazalea zela pentsa daiteke, baina gizon xumea zela esan daiteke, Juan Garmendia Larrañagak definitu zuen bezala. Bizimodu zaila izan zuen: kalean lan egiten zuen, sei seme-alabetatik bost umetan hil zitzaizkion, emaztea ere egoera bitxian hil zitzaion, etxez askotan aldatu zen, Miserikordian bizitzen bukatu zuen… Mitifikatuta dago, inauteriarekin duen erlazioarengatik».