Duela 20 urte bestelakoa zen, Zaldunita bezpera, Tolosako inauterietan. Besteak beste, erregina eta damak protagonista izaten ziren gaueko danborradan, eta urtetako aldarriek eta gobernu aldaketak ospakizuna eraldatu zuten; 2000. urtea izan zen azkena. Prozesu horretan aritu zenetako bat da Silvana Ostiza (Tolosa, 1959); mugimendu feministatik, urtetan, eta udaleko zinegotzi kargutik, aldaketa gauzatu zenean.
Noiz hasi ziren ozentzen, erreginaren lehiaketaren aurkako ahotsak?
Ni hogei urte atzerago joango nintzateke. Tolosan bazegoen Tolosako Emakumeak izeneko asanblada feminista bat, eta talde horrek zuen aldarrikapenetako bat hori zen, hain justu: erreginak eta damak danborradatik ezabatzea. Danborradaren bezperatan, asanbladako kideok urduritzen hasten ginen; festak zetozen, eta horrekin gure salaketak eta tentsioa kalean. Irunen eta Hondarribian festa bezperatan urduritzen hasten direnean, asko gogoratzen gara gure garai haiekin. Zorionez, Tolosan egoera ez zen sekula hangoa izatera iritsi.
Zer zen, zehazki, gaitzesten zenutena?
Erreginaren eta damen lehiaketa elkarte gastronomikoek eta kultur elkarteek antolatzen zuten. Emakumeok ezin genuen elkarteen parte izan, baina ordezka genezakeen elkarte bat. Orain dela 40 urte, erregina edo dama izatea eta figura horiek ordezkatzea ospe handiko zerbait zen, Tolosako zenbait sektoretan. Aldi berean, ordea, horren guztiaren atzean bazegoen trufa bat: «Hara! Hau ere ateratzen da, halako eta halakoren alaba». Guk, feminismotik, ez genuen hori begi onez ikusten, eta iruditzen zitzaigun emakumeak objektu bilakatzen zirela, loreontzi edo apaingarri huts. Klasismo puntu bat ere bazuen guztiak, izan ere, kantinera izateak ez zuen halako izenik.
Nola gogoratzen duzu herriko giroa, zuen protesten aurrean?
Oro har, borroka hori gaizki ikusia zen kalean. Azken urteotan feminismoa asko txertatu da gizartean, baina, orduan, feministok bazterrekoak ginen. Noski, gu denok itsusiak, txikiak, gizenak edo auskalo nolakoak ginenez, sekula ez ginen erregina edo dama izatera iritsiko, eta hori leporatzen ziguten: gabezia horretatik egiten genuela kritika. Zoritxarrez, emakumeak ziren hori aurpegiratzen zigutenetako asko, eta kartelak jartzen aritzen ginenean, kendu egiten zizkiguten. Plastiko beltzekin-eta gertatzen dena zen, baina maila askoz ere txikiagoan.
1999an, Euskal Herritarrok alderdiak alkatetza lortu, eta udaletik eragin zenuten aldaketa.
Bai. Ni neu udal talde horretan nengoen eta, berdintasunarekin eta beste zenbait gairekin batera, festen ardura ere egokitu zitzaidan. Momentua iritsi zenean, festa batzordean berehala mahai gaineratu genuen, gure iritziz figura erabat anakronikoak zirela, erregina eta damak. Elkarte guztiak deitu genituen, eta gure erabakia jakinarazi: udal talde moduan ezin genuela ospakizun horretan parte hartu. Izan ere, erreginaren eta damen lehiaketak bazuen beste zati bat: elkartetako ordezkariak, festa batzordeko kide batzuk, alkatea eta festa zinegotzia afari batera joaten ziren, eta emakume horien artean erregina zein izango zen aukeratzen zuten. Nola parte hartuko genuen nik eta Antton Izagirre orduko alkateak, festa horretan? Pentsaezina iruditzen zitzaigun.
Urtetan mugimendu feministatik eta aurkako iritziekin arituta, nolakoa izan zen bidea, behin erakunde publikora iritsita?
Ez zen erabat leuna izan, baina, egia da, ez zela gatazka handiegirik sortu. Aurretik lanketa bat egin genuen, ospakizuna beste zerbaitekin ordezkatu nahi genuelako. Elkarte zenbaitek protesta egin zuten, baina baziren gure iritzi bereko herritar eta eragileak ere, eta aliatu bilakatu ziren.
Bidelagunak izan zenituzten.
Aiz Orratz-Veletak, adibidez, urteak zeramatzan neska gaztetxoen erregina eta damak atera gabe. Jose Luis Longaron eta Iñaki Epelde artistak ere alboan izan genituen, kultur etxeko pintura irakasleak. Erreginaren karrozarako Galtzaundi bat sortu zuten; gaur egun kultur etxeko balkoian egoten da. Udaberri dantza taldearekin ere harremanetan jarri nintzen, eta gogo biziz heldu zioten gaiari: euskal herrietako inauteri pertsonaiak ekarri zituzten Tolosara, Amarotz auzoko dantza taldearekin batera. Eta Katixa Perearen kultur etxeko ballet taldea ere batu zen.
Festa batzordean, zein izan zen harrera?
Oso maskulinoa zen, eta batzordeko gizonak oso inplikatuta zeuden erreginaren kontuan. Baina hor ere izan nuen beste aliatu bat, Carlos Muñoa danbor nagusia. Nire harridurarako, erreginaren lehiaketa aldatzearen alde azaldu zen hasieratik, eta nirekin egin zuen ibilbidea. Horrela, emakumeei bidea ireki genien, Zaldunita bezperan danborra joz ateratzeko, ordura arte ez baitzuten tokirik. Ostiraletan beren danborrada antolatzen hasi ziren, baina larunbatean ez zietelako irteten uzten.
2020an erregina bueltatzea nahi duenik izango da, akaso.
Ez zait burutik pasatzen. Orduan ere erabat anakronikoa baldin bazen, gaur egun... Gizarteak aurrerapausoak eman behar ditu. Gaztetan kartzelaratua izan zen lagun bat hogei urtez egon zen barruan, eta 2000. urte inguruan irten zen. Zaldunitan kalera irten ginen, eta iltzatuta daukat nola esan zuen: «Emakumeek eta umeek parte hartzen dute inauterietan! Lehen gizonezkoek bakarrik parte hartzen zuten». Historia oso azkar aldatzen da, eta ahaztu egiten zaigu, baina egia da: ez umeek, ez emakumeok, ez genuen inauterietan parte hartzen, eta karroza eta konpartsa guztiak gizonezkoenak ziren.
Gaur egun, hutsuneren bat ikusten duzu feminismotik?
Emakume askok parte hartzen dute modu aktiboan, baina dena ez dago eginda. Txarangetan oso eskasa da emakumeen presentzia. Ostegun Gizena ere oso maskulinizatuta dago: korporazioa, pregoia, txupinazoa,... Ia beti, omendutako konpartsak, txarangak edo inauterizaleak gizonezkoak izaten dira. Hori guztia indarkeria matxista ahaztu gabe: ezin dugu festa lasaitasun osoz egin.