Tolosako Udalak hainbat aldaketa egin ditu inauteriei begira, eta horietako bat da zezen plazara txarangen atzetik saltoka sartu ahal izateko gonbidapena behar dela. Zozketa bidez banatuko dituzte gonbidapenak «modurik demokratikoena baita» eta izena urtarrilaren 24ko 12:00ak arte eman ahal izango da Tolosa.eus webgunean. Egun bakoitzeko eman ahal izango da izena, eta kuadrilla, familia zein konpartsen presentzia bermatu nahian, izen-emate bakoitzeko 10 gonbidapen eskatu ahal izango dira. 300 izango dira egun bakoitzeko banatuko dituzten gonbidapenak.
Adinez nagusi izan beharko da zozketan izena emateko, eta adin txikikorik balego, adinez nagusi den norbaitekin sartu ahal izango dute. Behin urtarrilaren 25ean zozketa eginda, emaitza zehaztutako posta elektronikoaren bidez jakinaraziko da. Gonbidapena egokitzen zaien herritarrei, jasotzera joandakoan emango zaizkie sarbiderako jarraibideak. Hori bai, gonbidapen mota hau duten herritarrek, txarangekin batera sartu ahal izango dute plazara, baina saltoka buelta eman ondoren, atera egin beharko dute, ezingo dute barruan geratu. Hori errespetatzea eskatzen du udalak, ikuskizuna bertan behera uzteko arriskuan egon ez dadin. Gonbidapenik gabe, ezingo da txarangarekin sartu.
Zezen festarako sarrerak
Zezen plazara sartzeko sarrerak aldiz, otsailaren 1ean, 16:00etatik aurrera, erosi ahal izango dira. Sarrera gehienak internet bidez salduko dituzte, Bibe.me plataforman, eta azken urteetan egin den moduan, egun bakoitzeko sarreren %5a zezen plazako leihatilan jarriko da eskuragarri, egunean bertan, 15:00etatik aurrera.
Pertsona bakoitzak gehienez bost sarrera erosi ahal izango ditu egun bakoitzeko. Ostegun Gizen, Zaldunita, Astelenita eta Asteartita eguneko ekitaldien kasuan, harmailetako sarreren salneurria 3 eurokoa (+ komisioa) da; Ostiral Mehe egunerako, berriz, nahiz eta doakoak izan, sarrerak internet bidez hartu beharko dira, gainerakoekin egiten den moduan.
Palkoena izango da salbuespen bakarra, osorik erosi beharko baita (17 lagun), 60 euroko prezioan (+ komisioa). Erosleei, argibideak bidaliko dizkiete, palkoetako sarrera horiek non, noiz eta nola jaso ditzaketen jakiteko, eta erosketa egiterakoan jasoko duten agiria aurkeztu beharko dute.
Esan moduan, otsailaren 1eko 16:00etan aktibatuko da sarreren erosketa eta, iaz bezala, itxaron gela birtuala izango da, banaketa demokratikoagoa egiteko. Hau da, erabiltzaileak webgunera iritsi diren ordenaren arabera antolatuko ditu, eta sarbidea emango diete txanda egokitutakoan. Ordua baino lehen sartzen denari, berriz, atzera-kontu bat agertuko zaio. Behin erosketa burututa, eta ordainketa ondo egin dela konprobatuta, posta elektronikoan jasoko dira sarrerak minutu edo ordu batzuen ondoren.
Hondargunea
Plazako hondargunean zezenen aurrean egon nahi dutenek, berriz, ordutegi zehatza izango dute sarbiderako. Gehienez, eta aforoaren neurriak kontuan hartuta, 350 pertsonarentzat izango da horretarako aukera. Ostegun Gizenean, Ostiral Mehean eta Asteartitan, 15:30etik 16:00etara zabalduko dira ateak, Zalditegiaren aldetik. Igandean eta astelehenean, berriz, 15:00etatik 15:30era, jende gehiago izaten baita egun horietan. Banan-banan egingo da sarrera eta behin kopurua gaindituta, ez zaio beste inori sartzen utziko. Neurri honen helburua da txarangak iristen direnerako pilaketak ekiditea, edo murriztea behinik behin, ordutik aurrera soilik musikariek edota atzetik saltoka sartzeko gonbidapena dutenek soilik sartu ahal izango dutelako. Ez da aterik zabalduko muga gaindituta.
16 urtetik gorakoek bakarrik izango dute hondargunera sartzeko aukera, hala jasotzen baitu Joko eta Ikuskizunen Legeak. Ateak irekitakoan, Udaltzaingoak NANak egiaztatuko ditu, hortaz, agiriak eskura izatea eskatzen zaie bertaratzen direnei. Alkoholaren edo bestelako sustantzien eraginpean daudenei, berriz, ez zaie sarbiderako baimenik emango.
Segurtasun perimetroa
Udaltzaingoak zezen plaza kanpoaldeko segurtasun perimetroa indartuko du Inauterietan, batik bat Zaldunita eta Astelenita egunetan, kanpoaldean sortzen diren pilaketak ekiditeko.
Hori dela eta, Oria kaleak eta Gudari kaleak bat egiten duten puntuan itxiko du sarbidea, eta soilik txarangek, gonbidapena dutenek edo harmailaren zati horietan sarrera dutenek pasa ahal izango dute. Zalditegiaren eremua, hau da, Zumalakarregi pasealekua ere itxi egingo da, eta hondargunera sartu nahi dutenek bertatik sartu beharko dute.
Aurreko urteetan arrisku egoerak sortu izan dira sarrerarik gabeko jende talde batzuekin. Zezen plazako ateak puskatzera ere iritsi izan dira. Hortaz, eta ekitaldiak egin ahal izatea kolokan ez jartzeko, zentzuz eta errespetuz jokatzeko dei egin du udalak.
Era berean, txarangen atzetik sartzeko gonbidapena egokitu edo erositako sarrera eskuratu, baina gero aprobetxatuko ez denik balego, beste edonori uzteko dei egiten du udalak, ahalik eta herritar gehien izan daitezen aukera hori izango dutenak.