Hamar berritasun iragarri ditu udal gobernuak Tolosako Inauterietarako

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 16a, 14:05

Txosnagunearen eta txarangen dantzaldien lekualdaketak, zezen plazara saltoka sartzeko gonbidapenak, haur eta nerabeentzako eskaintza eta Piñata Igandeko suzko zezenak dira aldaketa nabarmenenak.

Tolosako Udalak asteak daramatza aurtengo inauterien prestaketa lanetan murgilduta. Egitarauaren xehetasun guztiak hilabete amaieran emango badituzte ere, udal gobernuak aurten izango diren berritasun nagusien berri eman du. Hamar dira aldaketa nabarmenenak:

Inauterietako kartela eta Kabi Alai kuttuna, herritarren aurrean
Joan den astean aurreratu bezala, aurtengo kartela eta Ostegun Gizeneko txupinazoan protagonista nagusi izaten den Kabi Alai Kuttuna herritarren aurrean aurkeztuko dituzte lehen aldiz, inauteriak berehala iritsiko direla irudikatu asmoz. Ostegun honetan izango da ekitaldia, Zerkausian, 19:00etan hasita. Kabi Alai elkartearekin elkarlanean osatu da eta txaranga presente izango da osteguneko ekitaldian. Bertaratzen direnentzat kartelak banatuko dituzte eta ondoren kalejira izango da.

Txosnagunea, Trianguloan
Txosnagunearen kokalekuak errotazioa izan dezan, hirugarren gune bat definitzeko proba egitea erabaki dute, Trianguloa plazarekin. «Tentsio handiko guneak dira orain arteko kokalekuak, Euskal Herria plaza eta Plaza Berria, aisialdiaren eta atsedenaren arteko orekari dagokionez, urte osoan izaten dutelako soinua. Hortaz, hirugarren gune batekin proba egitea erabaki dugu, leku bakoitzari dagokion urteen tartea denbora-espazioan are luzeagoa izan dadin», esan du Goiuri Ezeiza kultur zinegotziak.

Udal gobernuan kontziente dira erabaki honek eragin handia izango duela, txosnek erdiguneko espazio bat hartuko dutelako. «Festa gunetik hurbil egon behar dute, eta herrian ez ditugu halako ezaugarrietako zerbait har dezaketen espazio asko», esan du Ezeizak. Erabaki honek onurak ere ekar ditzakeela uste dute. «Zarata eta burrunbatik kanpo, beste espazio batzuk inprobisaziorako berreskuratu daitezke. Euskal Herria Plaza eta Plaza Berria talde txikien parodiak ikusi eta entzuteko gune aproposak izan daitezke», azpimarratu du kultur zinegotziak.

Kultur etxearen aurrean kokatuko da karpa, eta jendearen joan-etorria modu erosoan egitea bermatuta izango da uneoro. Hori horrela, Atauts eskulturaren eta Gaztelako Arkuaren arteko bidea libre geratuko da, baita Rondilla kalea ere. Gainera, txarangen igoera eta jaitsierak errespetatu beharko dituzte, pasatzen joan ahala, musika kenduz. «Argi utzi nahi genuke proba izango dela. Probatzen ez badugu, inoiz ez dugu jakingo ea leku hau egokia den. Behin inauteriak pasata, espazioaren egokitasun maila aztertuko dugu», azaldu du Ezeizak.

Neurri gehigarriak ere hartuko dituzte, inguru horietan garbitasuna eta segurtasuna indartzeko. Esaterako, komun gehiago jarriko dituzte, garajeen sarbideak babestuko dituzte edota Trianguloko pasabidea itxiko dute.

Haur Danborrada, Euskal Herria Plazan
Aurreko puntuari lotuta, Haur Danborradak Trianguloa plazan egin ohi duen geldialdia Euskal Herria Plazan izango da aurten. Helduen danborrada, berriz, Plaza Zaharrera joango da, Rondilla kaletik barrena.

Zozketa, zezen plazara saltoka sartzeko
Zezen plazara txarangen atzetik saltoka sartu ahal izateko, gonbidapenak beharko dira aurten. Segurtasun eta edukiera irizpideak errespetatuz, ohiturak ahal bezain beste mantentzea da udalaren asmoa. «Behartuta gaude legeak ezarritako irizpideak betetzera. Garai batean malgutasun handiagoa zegoen, baina orain asko gainbegiratzen duten gaia da», azaldu du Aitzol Gartzia festetako zinegotziak. Gauzak horrela, zozketa bidez esleituko dituzte helburu horrekin jarriko dituzten 300 gonbidapenak, izena ematen dutenen artean. Aste honen amaieran emango dituzte xehetasun guztiak, baita sarreren salmentaren ingurukoak ere, baina aurreratu dutenez, gonbidapena jasotzen dutenek, ezingo dute barruan geratu eta zezen plazatik atera beharko dute.

Zezen plazako sarrera inguruko segurtasun perimetroa ere indartu egingo dute, azken urteetan sarrerarik ez zuen jende multzoekin izan diren liskarrak minimizatu asmoz. «Sarrerarik gabe indarrez sartzen saiatu izan da jendea, bultzaka, pilaketak sortuz, eta jendea arriskuan jarriz. Zezen plazako ateak puskatzera ere iritsi izan dira. Horregatik, zentzuz jokatzeko dei egin nahiko genuke», azpimarratu du Gartziak. «Inori ez zaio burutik pasatzen sarrerarik geratzen ez den Leidor aretoko ikuskizun batera edo Beotibar pilotalekuko partida batera indarrez sartzen saiatzea. Ezin dugu sarrera librea utzi; bestela, kolokan jarri genezake zezen festa ospatzearen aukera. Arazoa eskuartean izanda, baina ohiturak mantendu asmoz, ez dira asko izan ditzakegun soluzioak, eta guk aukera demokratikoenaren aldeko apustua egin dugu», gaineratu du festetako zinegotziak.

Haur eta nerabeentzako ikuskizunak
Arratsaldeko eskaintza indartu nahian, eta azken urteotan egindako lanketarekin jarraituz, haur eta nerabeei zuzendutako ikuskizunen eskaintza are gehiago indartuko dute aurten. Zaldunita egunean, adibidez, haurrentzako dantza eta musika ikuskizun bat izango da Alondegi plazan (euria egingo balu, Herrikide ikastetxeko frontoi estalian). «Kontziente gara jende asko zezen plazara sartu ezinik geratzen dela; bada jai eredu horrekin bat ez datorrenik ere. Arratsaldeko eskaintza hankamotz geratzen da zezen festak irauten duen bitartean, eta hori indartzea da gure nahia. Proba urtea izango da. Ea zer nolako harrera izaten duen, eta hurrengo edizioetara begira, baloratuko dugu ea egun gehiagotan egin beharko ote genukeen», azaldu du Ezeizak. Nerabeei begira, egun berean, elektrotxaranga bat abiatuko da Zezen Plazatik, 15:45ean, erdigune aldera. Astelenitan, berriz, azken urteotan egin den moduan, Gazteako DJ ibiltaria izango da kalez kale. Alondegi plazan, berriz, kontzertu bat izango da, 17:00etan.

Karrozak, elektrifikatuta
Karrozen inguruan ere badira nobedadeak. Aurten elektrifikatutakoak bakarrik izango dute ateratzeko baimena; San Frantzisko pasealekuan hori bermatuko duten puntuak jarri berri dituzte. «Sistema horrek, zarata gutxiagotzeaz gain, bizikidetza arauak errespetatzen direla bermatuko du. Watt kopurua gaindituta, korronterik gabe geratuko dira karrozak, baita ordutegia errespetatzen ez badute ere», azaldu du Gartziak. Gaineratu duenez, aurrerantzean ezinbesteko baldintza izango da karrozek Erantzukizun Zibileko Asegurua izatea.

Txarangen dantzaldiak, Zerkausian
Aurten, eta parte hartzen duten txarangen ordezkariek hala eskatuta, Berdura Plazan egin ohi diren txarangen dantzaldiak Zerkausira lekualdatuko dira. Azken urteetako ikusleen beheranzko joerarekin kezkatuta, bultzada bat eman nahian proposatu dute aldaketa. Modu horretara jendearentzat eskuragarriago eta ikusgarriago egin nahi dituzte dantzaldiak. Txarangen bilkura, berriz, joan den urtean bezala, Euskal Herria Plazan egitea adostu da.

Kontzertua
Gauetako eskaintza indartu asmoz, Plaza Berrian kontzertu bat izango da, Zaldunitan, 22:30ean. «Txarangen dantzaldiak amaitu eta gaueko emanaldiak hasi bitartean, hutsune bat izaten da. Kontzertuaren asmoa hain zuzen, hutsune hori betetzea izango da», esan du Ezeizak. Egitaraua aurkeztean emango dute taldearen berri.

Piñata Igandean, suzko zezenak
Azken urteotako Piñata Igandeetan zezen txikiak izan dira zezen plazan. Animalien Babeserako Legea aldatu egin da, ordea, eta aurrerantzean ezin dira gisa horretako ekitaldiak antolatu zezen txikiekin. Hori dela eta, egun horretan, zezen plazako bigantxen ordez, suzko zezenak izango dira Alde Zaharreko kaleetan barrena. Plaza Zaharretik abiatuko dira, 18:30ean.

Gertuko jarraipena
Aldaketa hauen guztien gertuko jarraipena egingo du udal gobernuak, eta bakoitzaren egokitasuna neurtuko du, behin inauteriak amaituta, baita herritarrekin ere. «Oso konplexuak dira inauteriak, faktore asko dituzten festak direlako. Gainera, inauteriak bizitzeko modu bat baino gehiago daude, eta beraz, espero dugu aldaketa hauek guztion onerako izatea», nabarmendu du Ezeizak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!