Kabi Alai Kuttuna eta inauterietako kartela batera aurkeztuko dituzte, herritarren aurrean

Ataria 2024ko urtarrilaren 12a

Ostegun iluntzean, hilak 18, ekitaldi irekia egingo dute Zerkausian, 19:00etan hasita. Kabi Alai txarangak girotuko du aurkezpena, eta Inauterietako kartelaren aleak doan banatuko dituzte gerturatzen direnen artean.

Nor edo nortzuk ote dira Ostegun Gizeneko txupinazoa botatzeko ardura izango duten Kabi Alai Kuttunak? Nolakoa ote da aurtengo Inauterietako kartela? Otsailaren 18an, ostegunean, argituko dira bi galdera horien erantzunak, herritarren aurrean aurkeztuko baitira biak, aldi berean. Kabi Alai elkarteak eta Tolosako Udalak elkarlanean antolatuta, aurkezpen ekitaldi bateratua egingo dute, lehen aldiz. Zerkausian izango da, 19:00etan.

Ekitaldia Kabi Alairen Ostegun Gizeneko udalbatzako alkate eta zinegotziek gidatuko dute, eta bertan izango dira aurtengo kartelaren egilea eta Kabi Alai Kuttuna.

Ekitaldi laburra izango da eta, amaitzean, kartelaren aleak banatuko dituzte doan, gerturatzen direnen artean. Ondoren, eta ostegun arratsaldea girotu asmoz, elkarteko txaranga kalez kale ibiliko da, inauteriak ate joka direla iragartzeko. Kartelaren aleak sobratuko balira, kalejiran joan ahala gerturatzen diren herritarrei ere banatuko dizkiete.

Ostiraletik aurrera, berriz, herriko saltoki eta tabernetan ere banatuko dituzte kartelak; kultur etxean ere ale gehiago jarriko dira eskura.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!