Oposizioaren proposamenak «begi onez» jaso ditu EH Bilduk

Ataria 2023ko abe. 20a, 19:00

Tolosako EAJren ekarpenak jasotzat hartu ditu EH Bilduk, eta dagoeneko proiektu batzuk martxan dituztela adierazi du; Iurre auzokoa eta Iurreamendi pasealekukoa, esaterako.

Oposizioak, 2024ko urteko proiektuaren aurrekontuaren inguruan egindako proposamenen inguruan hitz egin du gaur udal gobernuak, eta hain zuzen, EAJko udal taldeak egindako ekarpenak begi onez hartu dituela nabarmendu du Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Proposamenetako batzuk dagoeneko aurreikusita daude, Iurre auzoko lurra berritzeko eta Iurreamendi pasealekuko proiektuak, edota zaintza diagnostikoa egitearena, esaterako. Lanketa horiekin ari gara».

Halaber, beste proposamen batzuk, agian aurten ezin izango direla gauzatu aitortu zuen alkateak, baina agintaldian zehar martxan jartzeko jasotzat hartuko dituztela. Beotibar pilotalekuaren kasua izan daiteke hori. «Erreboteko armailak berritzea da lehentasuna, horretan gaude, eta teilatuarena aurrera begirako lan bat izan daiteke», esan du. Antzeko kasua da San Esteban auzoan kokatuta dagoen Ferialekuarena. Komunak eta dutxak 2024an zehar egokitzeko asmoa dutela, eta etorkizunera begira bere erabilera definitzeko eraikinak bere osotasunean azterketa sakon bat beharko duela azaldu du alkateak.

Santa Klara eta Zumarditxikiaren eremuari dagokionez, berriz, lanean jarraituko duela esan du udal gobernuak: «Aparkalekuen diagnosi integrala berehala jarriko da martxan, eta horrek erakutsiko digu herri mailan ditugun aukera guztiak. Zumarditxikiko lanak egiteko autoak bertatik atera behar dira lehenengo, eta azterketa horrekin ikusiko dugu nora bideratu». Eremu guzti hori bere osotasunean moldatzea aurreikusten dute, bi irizpiderekin: batetik, Zumarditxikiko azalera mantentzea, eta bestetik, Santa Klarako lorategi eta baratzeak mantentzea, «herriarentzat espazio atseginak izan daitezke».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!