EAJren ekarpenak, 2024ko aurrekontua aberasteko asmoz

Ataria 2023ko abe. 20a, 16:58

Tolosako EAJk datozen urteetako erronkei aurre egiteko hamabi proposamen «egingarri» aurkeztu ditu, herriko hainbat eremu eta auzo hobetzeko.

Xarles Iturbe, EAJko udal taldearen bozeramaileak azaldu duenez, «lau urte hauek era eraikitzaile batean garatzea nahi ditugu eta gure ekarpenek helburu izango dute Tolosako hainbat eremu eta auzo hobetzeko; Tolosako garapen ekonomikoa sustatzen jarraitzeko, bereziki azokei, lehen sektoreari, industria nekazaritzari eta gastronomiari zein turismo jasangarriari lotuta; aparkaleku aukerak areagotzeko eta elkarbizitza sustatzen jarraitzeko».

Auzoetako proposamenak

Egitekoen artean Santa Clara eremu osoan zehar azterketa sakona egitea eskatu dute. Tolosako bihotzean kokatzen den eremu bat dela dio Xarles Iturbe EAJko udal taldearen bozeramaileak, eta bere ustetan «eremu horrek behar du lana eta begirada bat». Bertan, Zumardi Txikiaren proiektuaren berroneratzea lantzea eskatu dute, Santa Clara kaleko irisgarritasun arazoei irtenbidea ematea, autobus geltokiaren kokapena erabakitzea eta Alde Zaharrari begirako aparkalekua egitearen aukera aztertzea.

Azken honekin lotuta, aurreko Udal Gobernuak garatutako lan-ildoari jarraiki, Alondegia eta Lapurdi plazako lurrazpiko aparkalekuetan hutsik dauden plazak erabilgarri jartzeko plangintza bat egitea ere eskatu dute jeltzaleek. Baliabideak ustiatu behar dituztela esan du Iturbek, eta «gauzagarriak diren erabaki zehatzak hartu».

San Esteban auzoaren garapen berria martxan jarri bitartean, Ferialekuan egokitzapen obra batzuk egitea ere proposatu dute. Jeltzaleen aburuz, herri dinamika ikuspegi batetik aipatutako lanek lehentasuna eta zentzua dute, «kirol eta kultur jarduerei erosotasun eta duintasun handiagoa emateko asmoz; dutxak eta aldagelak beharrezkoak dira, esate baterako».

Iurre auzoko plazan ere arazo handi bat dagoela esan du Iturbek, «batez ere euria egiten duenean plaza ez da erabilgarria izaten, eta gainera, azpiko aparkalekuak zeharo kaltetuta daude». Iurre auzoko plaza berroneratzen hasi ahal izateko obrentzako aurrekontuetan diru partida jasotzea ere proposatu du EAJk, «auzotarrek haiei dagokien zatia aurki izango baitute aurreztuta osotasunean, eta premiazkoa da esku hartze hau». Horregatik, gai honi lehentasuna ematea eskatu diote jeltzaleek. Halaber, Iurreamendi pasealekuan esku hartzea egitea, eremuan bidegorri, oinezko, txirrindulari eta zuhaitzak direla eta sortzen diren arazoak bideratu asmoz.

Beotibar Frontoiaren teilatuak ere azterketa sakon bat behar du EAJren ustetan. Behin konponketak eginda, eguzki plakak ezartzeko konpromisoa hartzea ere proposatu dute, energia berriztagarrien aldeko apustuari jarraipena emateko. Era berean, pilotaleku kanpoan kokatu dagoen txurro-dendarentzat plan bat diseinatzea ere eskatu dute.

Bestetik, prozesu parte hartzailean Zerkausi goiko terraza birgaitu behar dela erabaki ostean, lan osagarri batzuk gehitzea ere proposatu dute jeltzaleek. Hala nola, Zerkausia margotzea, argiteriaren azterketa egitea, kalefakzioaren ikuskaritza egitea, Wi-fi sarea zabaltzea eta gortina automatikoak jartzea eguzkiak azokagileei sortzen dizkien eragozpenak ekiditeko.

Iturben esanetan, «lehen sektoreak eta azokak garrantzia handia duten eskualdea da gurea». Arrazoi horregatik, ELIKER izeneko Kalitatezko Elikaduraren Zentroaren aldeko apustuarekin jarraitzeko eskatu dute, «azken urteetan martxan jarritako lan dinamikak eta sortutako ekosistema sarea indartzeko». Horretarako, aurreko legealdian HAZI Fundazioarekin eta Basque Culinary Centerrekin abiatutako elkarlanari eta konpromisoari eustea ere eskatu dute.

Aurrekontuetan bizikidetza lan eremuak diru partida propio bat izatea ere proposatu dute, «egin nahi den lanari ikusgarritasuna eman eta honek duen garrantzia azpimarratzeko».

Beste hainbat ekarpen

Mankomunitateak jada tamaina handiko hondakinak biltzeari ekin dio, aurreko Udal Gobernuak hala eskatuta. Hortaz, herritarrak informatzeko eta kontzientziatzeko informazio kanpaina egitea proposatu dute jeltzaleek, egun sortzen diren arazoei aurre egiteko.

Biodibertsitatearekin lotutako gunea sortzeko proposamena ere egin dute. Arkaute Eraikinean kokatzea proposatu dute, Mendizaletasunaren Museoarekin batera.

Horrez gain, turismoari begira, eta iaz eskualdetik igaro zen Tourraren bultzada aprobetxatuz, eskualdeko baliabideen azterketa egin eta bideak prestatzea proposatu dute, Tolosaldea Garatzen agentziarekin batera.

Amaitzeko, Tolosako Udalean mozio banatan onartu diren LGTBIQ+ pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea eta azpiegitura publikoen egokitzapenerako azterketa egitea ere eskatu dute, baita Tolosako zaintza sistemaren diagnostiko erreala eta osatua egin eta horri erantzungo dion zaintza plan feminista eta integral bat osatzea ere.

Iturbek adierazi du ondo landutako eta aztertutako proposamenak direla mahai gainean jarritakoak, «lehentasunezkoak, zentzuzkoak eta egingarriak. Oposizio eraikitzailea egitea da gure helburua, Tolosa eta tolosarren alde lan eginez, herritarren ongizatea hobetzeko helburuarekin. Zentzu horretan, dagoeneko aurkeztu dizkiogu Udal Gobernuari gure ekarpenak, elkarlanean aritzeko borondate osoa adierazi diegu, elkarrekin udal aurrekontu proiektua landu eta osatu dezagun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!