Elkarrizketa

«Egunerokoan hizketarako ohiko gaia bihurtu da eguraldia»

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko azaroaren 23a

Tolosan dagoen Parentesis Psikologia Zentroko arduraduna da Agus Tena Gonzalez psikologoa. Bezeroei espazio segurua eta konfiantzazkoa eskaintzea da bere helburua, laguntza bila joaten dena bere sufrimenduaren arrazoiak aztertu eta kudeatzeko gai izan dadin.

Oraingoz, azken urteetako tenperatura eta prezipitazio datuetan aldaketa drastikorik atzematen ez bada ere, gizartean garrantzia handiko gaia bilakatu dela eta aldartean ere eragina duela aitortu du.

Jendartean nabaritu duzu klima aldaketaren eragina?

Esango nuke, baietz. Egunerokoan hizketarako ohiko gaia bilakatu da eguraldia. Elkarrizketa askoren lehen puntua izan ohi da, eta eguraldiari buruz hitz egitean, norberari buruz ere hitz egiten da. Gaur egun, herritarrek geroz eta gehiago hitz egiten dute gai honi buruz; kezka sortzen duen gaia da.

Herritarrek zer daramate hobeto tenperatura altua edo baxua?

Nire ustez, asko nazkatu egiten dira. Udazken giroko eguraldia oso gustuko dute, baina gaur egun geroz eta gutxiago dira horrelako egunak. Ondorioz, erretxindu egiten dira. Hori dela eta, hotz handia egiten duenean, orain arte, gurean ohikoa izan den klimaren edo eguraldiaren falta sumatzen dute askok.

Prezipitazio handiko egunek eragina dute aldartean?

Bai, batez ere, helduengan. Adin jakin bateko helduen artean gazteen artean baino eragin handiagoa du.

Azken egun hauetan, aldaketa handiak izan ditugu eguraldian. Asteburuan ia uda giroko eguraldia izatetik, astean zehar negu girokoa izatera igaro gara. Aldaketa drastiko hauekin nola erreakzionatzen dute?

Harriduraz bizi ditugu horrelako egoerak. Askotan ez ditugu ulertzen horrelako aldaketak eta zergatik gertatzen diren pentsatzen jartzen gara, gure buruari zenbait galdera eginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!