Bizitza guztian urte «zailak» ezagutu ditu abeltzaintzan. Azken aldian, klima aldaketaren zantzuak nabari dituela aitortu du, eta nabarmendu du inoiz baino adiago egon behar duela, abereak behar bezala zaintzeko.
Nabaritu duzu aldaketarik eguraldian abereekin lan egin izan duzunean?
Beti lau urtaro izaten badira ere, gaur egun bi direla dirudi: uda eta negua. Egun batetik bestera udatik negura igarotzen garela dirudi. Duela gutxi, «San Martingo udara» deitzen zaion hori dela eta, mahuka motzeko kamisetak jantzita geunden, eta aste honetan, neguko arropekin.
Zuen kasuan, zertan eragin dizue klima aldaketak?
Oso larri ibiltzen gara abereekin kanpoan lan egiten dugunean. Lehorteak handiagoak dira. Ondorioz, belarrak denbora gehiago behar du hazteko. Aurtengo udara ez da hain lehorra izan, eta beraz, nahiko ondo moldatu gara. Lehen, eguraldi onagatik kanpoan edukitzen genituen abereak, baina guk eman behar izaten genien jana.
Prezipitazioei dagokionez, kontzentratuago egitea ona da zuentzat?
Alde batetik bai, baina bestetik ez. Kolpetik prezipitazio altuak izatearen ondorioz, putzu handiak sortzen dira. Abereek lurra txikitzen dute, eta ondoren, belarrari gehiago kostatzen zaio haztea, eta ukuilura sartu behar izaten ditugu.
Abereek zer daramate hobeto, bero handia edo hotza eta euria?
Freskura, hobeto. Une honetan ez daukagu kexatzeko motiborik, ur asko dugulako gure mendietan. Bero handia egiten badu, ordea, ur kantitate handiak eman behar zaizkie abereei. Hotz handirik egin ezean, euri-lanbroari esker, bertan dute ura.