Mundu mailan oso ona den Cappella Amsterdam ganbera abesbatzan abesten du Jon Etxabe Arzuaga (Tolosa, 1978) tenoreak. Bi hamarkada eta gero, Amsterdam geroz eta etxekoagoa sentitzen du; aldiz, Tolosan, herria asko maitatu arren, geroz eta kanpotarragoa sentitzen da. Herrira itzultzen denean, baina, gustukoen duena egiten jarraitzeko aukera izaten du, eta hala, bihar, Hodeiertz abesbatzarekin batera abestuko du.
Noiz hasi zinen Hodeiertzen?
13 bat urte nituen, baina ez nintzen zuzenean Hodeiertzen hasi, Hodei abesbatzan baizik. Orduan Hodeiertz oso abesbatza gaztea zen, baina bertan zeuden abeslariak gu baino helduagoak ziren, eta beraz, gazteagoentzat sortu zuen abesbatza izan zen Hodei, harrobi moduko bat. Hodei abesbatzan abesten genuen guztion ametsa noizbait Hodeiertzen abestea zen.
Nola gogoratzen dituzu lehen urteak?
David Azurza zen zuzendaria, eta hastapenetan neskek bakarrik abesten zuten, baina mutilak ere abesbatza horretara batzea zen beraien asmoa. Eskolako ikaskide baten bitartez izan nuen horren berri, eta horrela animatu nintzen. Dozena erdi bat mutil ginen, eta neskak, hogeitik gora. Hala ere, urtebete pasatxora, Hodeien genbiltzan mutilak Hodeiertzekin abestera joan ginen kontzertu batera, eta hurrengo pausoa Hodeiertzen abesten hastea izan zen. Bolada batean bi koruetan abesten genuen.
Zein izan da urte hauetan guztietan bizi izandako esperientzia handiena?
Gogoan dut Australiako bidaia ahaztezinaren aurretik, Fanora (Italia) joan ginela, autobusez. 16 urte nituen, eta zoragarria izan zen. Australiara joan ginenean, berriz, 18 urte nituen, eta hegazkin batera igo nintzen lehen aldia izan zen. Ez dut inoiz ahaztuko munduko abesbatza onenekin batera Sydneyko Opera Etxean kantatu genuenekoa. Horrez gain, talde izaera lortzearen garrantzia azpimarratuko nuke. Urte haietan taldekide ginenak lagun egin ginen, eta oraindik ere hala izaten jarraitzen dugu. Ikaragarria izan zen garai haietan elkarrekin entseatu, eta bidaia ahaztezinak egitea.
Eta pertsonalki, koruarekin bizitako anekdota bitxiena?
Australian bertan, bertako familiekin bizi izan ginen, eta ni Xabier Zeberiorekin egon nintzen. Etxeko gizonak aireplanoak egiten zituen, eta etxean bertan zuen pista. Buelta bat ematera gonbidatu gintuen, eta esperientzia ederra izan zen, baina beldurra pasa nuen.
Gizartea bera bezala, Hodeiertz asko aldatu da 40 urte hauetan. Zure ustez, lortu al du garai bakoitzera egokitzen?
Nire kasuan, erabat kanpotik bizi izan dut abesbatzaren ibilbidea azken 20 urteetan. Gure garaian garrantzia izugarria zuen abesbatzak. Ikasketez gain, hori zen egiten genuen gauza garrantzitsuena. Gaur egun, akaso, eta kanpotik dudan sentipena da, taldeko kideen bizitzan ez duela lehen zuen garrantzia maila bera. Guretzat lehentasun handia zen orduan, eta baliteke gaur egun hala ez izatea.
Koru batean abesteak esfortzu handia eskatzen du, esaterako, ahotsa zaintzerako garaian. Zure kasuan handiagoa izaten da esfortzua?
Nire kasuan, nire abesbatzan nagoenean, lagun giroan egoten naiz noski, eta hori oso gustuko dut, baina kontuan izan behar da abesbatza batean abestea nire ogibidea dela. Hortaz, oso garrantzitsua da ahotsa zaintzea, baina badira ahotsa gehiago zaindu behar izaten duten lankideak. Une honetan, adibidez, ez nago sasoi onenean, baina zortea izan ohi dut, eztarri indartsua dudalako, eta baldintza txarretan ere abesteko gai naizelako. Zentzu horretan, ez dut behar izaten kontu handiegirik.
«Lagun giroan egoten naiz noski, baina abesbatza batean abestea nire ogibidea da»
Nolako garrantzia du Tolosako Abesbatza Lehiaketak?
Bere garaian, Tolosako Ekinbide Etxean aritu nintzen lanean, eta beraz, baita abesbatza lehiaketan ere; abesbatza-laguntzaileak antolatzea izaten zen nire eginkizuna. Niretzat lehiaketa oso garrantzitsua izan zen. Lehen aldiz, zuzenean entzun nituen nazioarteko abesbatza onenak. Gogoan dut 15 urte nituela Leidorreko saio batean harrituta geratu nintzela, eta «nik ere horrelako abesbatza batean abestu nahi dut» pentsatzen nuela.
Lehiaketaren edizio batean, Suitzako abesbatza bateko zuzendaria ezagutu nuen. Nik ere abestu egiten nuela jakin zuen berak, eta hala, afari batean elkarrekin abestu genuen. Orduan, Suitzan proiektu bat zuela eta, bertara joateko gonbita luzatu zidan, eta bost hilabetetara, 19 urte nituela, Suitzara joan nintzen. Koru erdi-profesional batean hasi nintzen abesten, eta orduan abesbatzen munduan entzutetsuak ziren pertsonak ezagutzen hasi nintzen. Horietako bat Amsterdameko kontserbatoriora etorri zen ikastera, eta handik bi urtera bertara kantu klasikoa ikastera joatea gomendatu zidan. Jaramon egin nion, eta bertan ari naiz lanean orain. Beraz, garbi esan dezaket Hodeiertz eta Tolosako Abesbatza Lehiaketari esker nagoela gaur nagoen tokian, eta beraiei esker naizela gaur egun naizen abeslaria.
Zein iritzi duzu gaur egungo abesbatzen egoeraren inguruan?
Europako zenbait herrialdetan abesbatzen mundurako dagoen zaletasunak eta ohiturak ez du zerikusirik Euskal Herrikoarekin. Herbehereetan abesbatza profesional asko daude; Euskal Herrian, berriz, bat bera ere ez. Horregatik, ezinezkoa litzake nik hemen egiten dudana Euskal Herrian egitea. Herbehereetan badira abesbatza profesionalak, eta nik horietako batean abesten dut, baina ezin dugu ahaztu kultura-jarduera minoritarioa dela. Baina hori ez da txarra, ez delako denontzat gustagarria, eta onartu egin beharra dago. Ikaragarri pozten naiz gure kontzertuetan 20 eta 30 urte arteko gazteak publikoan ikusten ditudanean, baina jakitun naiz oso gutxitan gertatzen dela.
«Ikaragarri pozten naiz kontzertuetan 20-30 urte arteko gazteak publikoan ikusten ditudanean»
20 urte dira Amsterdamen abeslari profesional modura lanean hasi zinela. Zertan aritu izan zara bertan?
Kantu klasikoko ikasketak egiten ari nintzela, lehen ikasturtearen amaieran, lehen proiektuak egiten hasi nintzen abesbatza batean, Cappella Amsterdam ganbera abesbatzan. 20 urte hauetan beste abesbatza batzuetan ere abestu izan dut, eta bakarlari ere aritu izan naiz.
Beste herrialde batzuetan ere aritu zara abesbatzarekin?
Hiru aldiz izan gara Japonian, eta Europako herrialde askotan ere abestu dugu: Frantzia, Italia, Alemania, Norvegia, Polonia eta Portugal. Azken urteetan, baina, osasun egoerak baldintzatuta, gutxiago mugitu ahal izan gara. Horrez gain, ekonomikoki ere kostu handia suposatzen dute horrelako bidaiek, eta beraz, gaur egun zailagoa da batetik bestera mugitzea.
Tarteka, Tolosara etorri izan zara, ezta?
Bai. Eguberrietan Hodeiertz abesbatzaren kontzertuan parte hartu izan dut, abesbatza lehiaketaren lehen edizioetara joan nintzen, eta udaran ere bi hilabete igarotzera joan izan naiz. Inauterietan ere joan izan nintzen lehen urteetan, baita aurten ere. Beraz, lehen lauzpabost aldiz joaten nintzen; azken urte hauetan, ordea, alaba txikia eta pandemia tarteko, gutxiagotan joateko aukera izan dut.
Hodeiertzen 40. urteurrenaren barruan, biharko kontzertuan parte hartuko duzu. Nola jaso zenuen gonbidapena?
Enrike Azurza zuzendariak deitu ninduen. Banekien abesbatzaren 40. urteurrena zela, baina ez nekien kontzertu berezi bat egiteko asmoa zutenik. Udazken honetan oso lanpetuta nabil, baina kasualitatez, hau da libre dudan asteburu bakarra. Atzo kontzertua izan nuen abesbatzarekin, eta gaur joango naiz Tolosara. Gero abesbatza lehiaketa hasi bitartean bertan geratzea da nire asmoa.
Urduri zaude?
Urduri ez. Gogotsu nago, ospakizun festa bat izango delako, eta aspaldiko lagunekin batera abesteko aukera izango dudalako.