ERREPORTAJEA

Lau hamarkada, lau ahotsetara

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urr. 27a, 07:58

Hodeiertz 40. urteurreneko entseguan. J. ARTUTXA

Aurten 40 urte bete dira Tolosan Hodeiertz abesbatza sortu zenetik, eta bihar, efemeride garrantzitsua ospatzeko kontzertu berezia egingo du Tolosan. Aurrez, koruko lau kiderekin elkartu gara taldearen sorreraz, orain arte izandako ibilbideaz, eta etorkizunaz hitz egiteko.

1983a urte sonatua da Tolosaren historian. Urte hartako abuztuan gutxik ahaztuko dituzten uholdeak gertatu ziren herrian, kalte ikaragarriak eragin zituztenak. Bada, urte berean, gerora sonatua izango zen abesbatza bat eratu zen: Hodeiertz. Herriko kultur mugimenduan ezinbestekoa den Tolosako Ekinbide Etxeak deialdi bat egin zuen. 16 eta 17 urte inguruko gazteak bildu nahi zituzten, Tolosan abesbatza berri bat sortzeko.

Enrike Azurza eta Patxi Mendizabal tolosarrak izan ziren deialdi hartara gerturatutako gazteetako bi. «Leidor gainean bizi nintzen, eta mundu osotik koruak etortzen zirela ikusten nuen, eta abesbatza batean aritzea gauza ederra izango zela pentsatuz, animatu nintzen. Garai hartan ilusioz gainezka geunden. Aisialdirako aukera ederra zen, bidaiak egiteko, esperientzia berriak bizitzeko, eta askotariko lekuak eta kulturak ezagutzeko», gogoratu du Azurzak.

Koro Garcia eta Idoia Iraola dira abesbatza sortu eta gerora sartu diren kideetako bi. Koruak lauzpabost urte zituela sartu zen Garcia, lagunekin batera: «Ilusio handia nuen, eta taldean ere sentimendu bera antzematen nuen. Zure ohiko zirkulutik atera, eta lagun berriak egiteko aukera ematen du; bizitzako esperientzia bat da». Iraola beti ibili izan da abesbatzen munduan, baina duela ia bi urte hasi zen Hodeiertzen.



40 urte hauetan gertatutakoa handia izan da, ez soilik adin horretan taldean abesten hasi zirelako, abesbatzak autogestioaren bitartez funtzionatu duelako baizik; koruko kideak izan dira proiektuaren arduradunak. «Hastapenak oso zirraragarriak izan ziren, dena egiteke genuen. Abesbatzako kideok osatzen genuen zuzendaritza batzordea, eta zaharrenak 18 urte zituen. Jarduera handiko garaiak bezala oroitzen ditut», adierazi du Mendizabalek. Abesbatzako sortzaileetako bat izateaz gain, lehen lehendakaria izan zen.


2010ean Tolosako Abesbatza Lehiaketan Oroith abesbatzarekin batera saridun. HODEIERTZ


Urte hauetan guztietan, kontzertuen kalitateagatik, bere soinu zainduagatik eta programen originaltasunagatik nabarmendu da Hodeiertz. Espainiako Estatuko eta nazioarteko jaialdi eta topaketa ugaritan parte hartu du eta zenbait lehiaketetan lehen sariak eskuratu ditu. Herriko Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan ere askotan parte hartu izan du, batez ere Tolosan, eta aurten, herriko lehiaketan ez, baina bertako egitarauaren barruan, kontzertu berezia eskainiko du, 40. urteurrena ospatzeko. Bihar izango da emanaldia, 20:15ean hasita, San Frantzisko elizan.

Gaur egungo taldekideez gain, azken 40 urteetan korutik igaro direnak ere gonbidatu dituzte abestera, baita Oroith abesbatza ere. «Emozio handiko eguna izango da, noski, 15 edo 20 urtez ikusi gabeko lagun handiekin berriro abesteko aukera izango dugulako. Oroitzapenez betetako kontzertua izango da». Gainera, hiru obra berri enkargatu dizkiete koruarentzat oso garrantzitsuak izan diren hiru musikagileri: Javier Busto, Xabier Sarasola eta David Azurza. Hodeiertzek berak estreinatuko ditu.

Formakuntzatik sendotzera

Guztira, 200 lagun inguru igaro dira abesbatzatik. Lehen urteetan 35 inguru izan ziren; gaur egun, ordea, 24 dira. Beherakada mailakatua izan da, eta batez ere, gizonezkoetan gertatu da. «Oso zaila da gizonezko ahots berriak sartzea; gaur egun, mutil gazteek kirolerako jauzia ematen dute», nabarmendu du Garciak.

40 urte hauetako prozesuari kanpotik begiratuta, etapa desberdinetan banatutako ibilbidea izan dela nabarmendu du Azurzak. «Lehen urteak formakuntza urteak izan ziren; soinu jakin bat aurkitu nahi genion koruari. Ondoren, lehen sariak irabaztearekin batera, ahotsa gehiago lantzen hasi ginen, teknika desberdinen bitartez, eta koruaren garapen musikalerako urrats garrantzitsua izan zen. Aurrerago, bidaia gehiago egin eta nazioarteko lehiaketa garrantzitsuetan parte hartzeko ordua heldu zen».

1996a urte garrantzitsua izan zen abesbatzarentzat. «Iritzi kontrajarriak zeuden taldean. Batetik, gehiago entseatu eta proiektua seriotasun handiagoarekin hartu nahi genuenak geunden; bestetik, berriz, zerbait lasaiagoa nahi zutenak. Lagun talde bat izan zitekeen, baina guk abesbatza erdi-profesional bat nahi genuen. Lehiaketa etxean edukitzeak ere laguntzen zuen horretan. Irudi txukun bat eman behar genuen», azaldu du Azurzak.

 

Enrike Azurza: «Lagun talde bat izan zitekeen, baina batzuek abesbatza erdi-profesional bat nahi genuen»



Ondorioz, belaunaldi aldaketa bat gertatu zen, baina hurrengo urteak ere garrantzitsuak izan ziren abesbatzarentzat, bidaia gehiago eginez eta sari gehiago lortuz. 2010az geroztik bide berri bat hartu du abesbatzak, eta sendotze prozesu batean sartuta egon da: soinua gehiago landu, obra zailagoak interpretatu, diskoak grabatu, Musika Hamabostaldian parte hartu... «Azken urteetan, koruko kideen bizimoduak oso bestelakoak direnez, gutxiago entseatzen hastea erabaki genuen», esan du zuzendariak.

Hodeiertzeko kideak eta gizartea bera aldatu diren bezala, korua bera ere «naturalki» aldatzen joan dela aitortu dute; garai bakoitzera egokitzen jakin duela diote. «Konpromisoa oso garrantzitsua izan da horretarako; kide bakoitzak ahal izan duena eman du abesbatzagatik», esan du Mendizabalek. Orain ere hori eskatzen diote Hodeiertzen abestu nahi duenari: «Konpromisoa eta gogoa». Jakitun dira, ordea, oso zaila dela gaur egun gazteak abesbatza batean sartzera animatzea.

Opera House eta piano berria

Urte hauetan guztietan bizitako esperientzietatik eta egindako bidaietatik batzuk nabarmentzekotan, ondorengo hirurak azpimarratu dituzte koruko kideek: 1991n, Varnako (Bulgaria) Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan lortutako sariak; 1996an, Sydneyko (Australia) Opera House operan, Koruen Munduko IV. Sinposioan mundu osoko ehunka koru-zuzendariren aurrean izandako parte hartzea; eta 2006an, Indiako Kultura Ministerioak gonbidatuta, Asiako herrialdean barrena egindako kontzertu-bira. «Horiek eta bizitako beste esperientzia gehiago laguntza handikoak izan ziren abesbatzak indartsu eta osasuntsu jarrai zezan». Garciaren ustez, Tolosako Abesbatza Lehiaketan parte hartu, eta saridun izatea ere «sekulakoa» izan zen. «Herrian bertan, Europa mailako lehiaketa batean... pentsa!». Hain justu, Tolosako Abesbatza Lehiaketa pizgarri izan zen koruaren hastapeneko urteetan.

Hodeiertz Sydneyn (Australia). HODEIERTZ

 

Patxi Mendizabal: «Bilera batean Enrikek piano berri bat erosi behar zela esan zuen, bestela korua utziko zuela»

Hodeiertz abesbatza Indian. HODEIERTZ


Koruko kideek ere gogoan dute piano berria erosteko izandako komeriak. Erabaki garrantzitsua izan zen, alde bateko zein besteko iritziak izan zituena, eta dirutza handia inbertitzea suposatzen zuena. «Soinu zatarra zuen piano bat genuen, eta zuzendaritzako bilera batean Enrikek piano berri bat erosi behar zela esan zuen, erdi-haserre, bestela korua utziko zuela adieraziz», gogoratzen du Mendizabalek. «Arrazoi du, eta mailegu bat eskatzera joatera behartu nituen, eta azkenean, piano berri bat ekartzea lortu nuen, oraindik erabiltzen duguna», gaineratu du Azurzak.

Lau hamarkadatan abesbatzak askotariko errepertorioak eskaini izan ditu, eta ez nolanahikoak gainera. Batetik, Thomas Tallis maisuaren Spem in alium 40 ahots mistoetarako obra interpretatu zuen Madrilen, antzinako musikan aditu onenetako bat den The Tallis Scholarseko Peter Phillipsen zuzendaritzapean. Bestetik, Händelen Mesias interpretatu zuen, Ensemble Matheus orkestra eta Les Éléments koru profesionalarekin batera, Jean-Christophe Spinosi zuzendari ospetsuaren gidaritzapean.

Hodeiertzen esanahia

Abesbatzako kideentzat beraien bizitza markatu duen abesbatza da Hodeiertz. «Kantuan ez ezik, bizitzari aurre egiteko esparru desberdinetan heztea lortu genuen abesbatzari esker», aitortu du Mendizabalek. «Abesbatzarekin kantatzea arazo guztiez deskonektatzeko modu bat da», adierazi du Garciak. «Tolosako koruen mugimendua ezin da ulertu Hodeiertz gabe; abesbatza erreferentea da herritarrontzat», gaineratu du Iraolak.

 

Koro Garcia: «Abesbatzarekin kantatzea arazo guztiez deskonektatzeko modu bat da»

Tolosa, San Joan bezpera Hodeiertz abesbatza. HODEIERTZ



Pandemian gertatutakoa garrantzia horren froga argigarria izan zela esan du Azurzak. «Nik hasieran oporrak egitea pentsatzen nuen, baina telematikoki entseatzen hasi ginen, eta sekulakoa izan zen. Orduan jabetu nintzen abesbatza honetako kideentzat beharrezkoa zela abestea, pasioz egiten zutela».

 

Idoia Iraola: «Tolosako koruen mugimendua ezin da ulertu Hodeiertz gabe; abesbatza erreferentea da»



Tolosan eta abesbatzen musikaren garapenean «oso abesbatza garrantzitsua» dela esan zuen Luis Miguel Espinosa Tolosako Ekinbide Etxeko ordezkariak, abesbatza lehiaketako aurkezpenean. «Nazioarteko lehiaketa bat irabazi zuen Euskal Herriko lehen abesbatza izan zen. Herritar guztientzat abesbatza oso maitatua da». «Tolosari egindako ekarpena ikusita, urte hauetan guztietan lan handia egin dela esan nahi du», gaineratu du Mendizabalek.

Tolosan abesbatzetarako zaletasun handia dagoela esaten da, eta horren lekuko da asteazkenean abiatuko den lehiaketa. Azurzaren iritziz, ordea, geroz eta txikiagoa da zaletasun hori. «Abesbatza lehiaketako ikusleen artean tolosarrak ere geroz eta gutxiago dira, eta gazteak, zer esanik ez. Ez dute benetan abesbatzen mundua ezagutzen, eta niretzako hori zorigaitz handia da. Horretarako, ikastetxeek haurrak txotxongiloen museora eramaten dituzten bezala, bizitzan behin abesbatzak ikustera eraman beharko lituzkete».

 

 

Lehiaketa eta sari nabarmenenak

1987. Lehen saria Avileseko (Asturias) lehiaketan.

1989. Lehen saria Ejea de los Caballeroseko (Aragoi) lehiaketan.

1991. Lehen saria polifonia eta folklore sailetan, Sari Nagusia eta zuzendari onenaren saria (Enrike Azurza), Varnako (Bulgaria) Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan.

Enrike Azurza saria jasotzen, Varnan (Bulgaria). HODEIERTZ

Hirugarren saria Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan, folklore sailean.

1992. Europako Grand Prix lehiaketan parte hartu zuen Gorizian (Italia), 1991ko beste bost lehiaketetako irabazleekin batera.

1996. Koruen Munduko IV. Sinposioan parte hartu zuen, Sydneyen (Australia).

1997. Nazioarteko Polifonia Topaketan parte hartu zuen, Fanon (Italia).

1999. Lehen saria Abesbatzen Txapelketa Nazionalean, Xixonan (Alakant).

2001. Koru-zuzendarien Britainiako Elkartearen Urteko Batzarrean parte hartu zuen Londresen (Erresuma Batua).

2006. Indian barrena kontzertu-bira: Delhi, Mumbai eta Bangalore. Indiako Kultura Ministerioak gonbidatuta.

2008 eta 2010. Hirugarren sari bana Mariborko (Eslovenia) eta Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketetan, folklore sailean, Ordiziako Oroith abesbatzarekin elkarlanean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!