Euskararen aurkako erasoak gelditzeko, Bilboko kaleak betetzea eskatu dute azaroaren 4an

Ataria 2023ko urriaren 21a

Eskualdeko herritar eta udal ordezkari ugari elkartu dira gaur eguerdian Tolosako Plaza Zaharrean, Galtzaundik deituta. Elkarretaratzea egin dute bertan, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Herritar guztiei azaroaren 4an Bilbora joateko eskatu diete, 17:00etan hasiko den manifestazioan parte hartzeko.

Elkarretaratzearen amaieran Manex Urruzola Galtzaundi Euskara Taldeko lehendakariak hartu du hitza. Bertaratuei eskerrak eman ondoren, egungo egoera kezkaz bizi dutela esan du Urruzolak: «Euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra sententziak bat bestearen atzetik jasotzen ari gara, eta argi dago ez direla kasu konkretuak: euskararen kontrako eraso eta estrategia judiziala da aurrean duguna; olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa».

Galtzaundiko lehendakariak azaldu duenez, uztailean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen Udal Legearen artikulu bat, udalei barne-funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko eskumena kenduz. Horri, aste honetako oldarraldi berria gehitu behar zaio: «Udal Legearen beste artikulu batzuk baliogabetu ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Vox eta PP alderdien helegiteak onartuta. Azken sententzia hauek helburu argia dute: euskararen erabilera oztopatzea eta gaztelania inposatzea».

Euskarak atzera ez, aurrera egin behar duela esan du Urruzolak. Horregatik, hiru eskari zabaldu dituzte Galtzaunditik:

  • Hasteko, Tolosaldeko 28 herrietako 222 hautetsiei: jarraitu dezatela euskararen aldeko pausoak emanez udaletan, epai hauen aurrean herritarron hizkuntza eskubideak defenda ditzatela.
  • Ondoren, Eusko Jaurlaritzari eta lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakundeei: azken epaiari helegitea jartzeko, eta gainera, bakoitzak bere eskumenetik, euskararen indarberritze-prozesuari lege-babes sendoa bermatzeko.
  • Eta azkenik, euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei: Azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzea oso garrantzitsua da. Bete ditzagun Bilboko kaleak eta zabaldu ezazue hitzordua zuen inguruan. Izan dadila azaroaren 4koa lehen pausoa, herritarrak euskararen defentsan indar gehiagoz antolatzeko. Larria baita gertatzen ari dena. Euskararen aurkako erasoak gelditzeko, gure hizkuntzaren normalizazioan pausoak emateko, hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko eta guztiok euskararen erabilera indartzeko garaia da. Oldarraldiaren aurrean, guk ere euskararekin eta euskaraz bat egingo dugu!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!