Ataria TB

Bugatti autoak Tolosan

Ataria 2023ko urriaren 20a

Bugatti autoen Europako birak Tolosan egin du geldialdia. Herritar asko gerturatu da ikusteko hain errazak ez diren autoek erakarrita.

Bugatti autoen europar bira Euskal Herritik ari da igarotzen egunotan, eta Tolosaldea izan da geratzeko aukeratu duten puntuetako bat. Hain zuzen, Biarritzetik Bilborako bidea egin dute gaur, eta Tolosan egin dute geldialditxoa goizean.

Rafa Gorrotxategiren gozotegian egin dute geldialdia bira egiten ari diren Bugatti etxeko autoek. Bertan gozoak dastatzearekin batera, gozotegia eta gozoak nola egiten dituzten ikusteko aukera izan dute. Bada, herritar asko izan dira, batik bat gazteak, Usabal industrigunean kokaturiko gozotegira gerturatu direnak.

30 Bugatti inguru ari dira bira egiten, eta tartean, munduan bakarra den autoetako bat. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, 10 milioi euroko balioa du autoak.

Gozoak eta kafea dastatu ostean, Getariarantz abiatu dira, bertan Balenciaga museoa bisitatzeko. Gaurko bira Bilbon amaituko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!