Herritar orok izango du lekua urteurren festan

Ataria 2023ko urr. 5a, 07:59

Bihar izango da 'Ataria'-ren hamargarren urteurreneko festa Zerkausian, eta eskualdeko herritar guztiak daude gonbidatuta.

Ospatzeko unea iritsi da. Hamar urte eskualdean gertatzen denaren berri ematen, euskara eta generoa ardatz hartuta, komunitatea osatzen... ATARIAK hamar urte egingo ditu bihar, eta festa berezi batekin ospatuko dugu, ATARIA bere sentitzen duen herritar ororekin.

Tolosako Zerkausiak hartuko du festa 18:00etan hasi eta 21:30ak ingurura bitarte, eta guztia girotzeaz Tolosaldeko artistak arduratuko dira. Olaia Toral musikari billabonatarrak zabalduko du ekitaldia, eta ondoren Harituz bertsolari elkarguneko bertsolariak ariko dira.

ATARIA-ren hamargarren urteurreneko ekitalditxoa etorriko da jarraian, eta Antton Telleria tolosarraren bakarrizketak jarriko du ondoren umore punttua. Alaitz Artola musikari amezketarrak eta Amalur Luluaga dantzari anoetarrak hartuko dute lekukoa eta euren atzetik Intujai antzerki taldearen txanda izango da. Habi musika talde billabonatarra igoko da ondoren eszenatokira, eta trikiti doinuekin Maixa Lizarribar altzotarra eta Manex Torrealdai tolosarra izango dira. Azkenik, festa borobiltzeaz DJ Naza alegiarra arduratuko da.

ESKUALDEKO EKOIZLEAK

Artistekin bezala, Tolosaldeko ekoizleetara jo nahi izan du ATARIAK festa osatzeko, eta erantzuna ezinhobea eta eskertzekoa izan da. Hala, askotariko produktuak izango dira Zerkausira gerturatzen diren ororentzat.

Joxe Mari Barriola ibartarra ariko da urdaiazpikoa mozten, Leaburuko Mahala etxeak jarritako txerrikia izango da, Orexako Oihan Txiki eta Asteasuko Goine gaztandegietako gaztak dastatu ahalko dira, Ibarrako Ibarlurren piperrak eta patata tortillak ere bai Tolosako Ikatza eta Asteasuarra tabernen eskutik. Ogia Tolosako Garia, Albizturko Ogi Ona eta Amezketako Ogi Berri okindegiek jarriko dute, eta postre bereziaz Rafa Gorrotxategi gozogile tolosarra arduratuko da. Edariei dagokienez, Lizartzako Insalus-ek ura jarriko du, eta Tolosako Isastegi sagardotegiko sagardoa ere izango da aukeran.

ATARIA osatzen duen komunitateak ematen duena eskertu nahi dugu, eta era berean, komunitatea osatzen dugunon handitasuna ospatu. Horregatik, Tolosaldeko herritar guztiekin ospatu nahi dugu urteurreneko festa. Beraz, Zerkausira gerturatu eta festara batzeko deia egiten dugu, egin sartu-irtena, unetxo batez edo ekitaldi osoaz gozatzeko. Gonbidatuta zaudete!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!