Hitzarmen berririk gabe daude Pasaban enpresan

Ataria 2023ko maiatzaren 30a

Lan-baldintzak garrantzia galtzen ari direla eta, enpresa zuzendaritzak hartu duen jarrera salatu dute langileek, eta hitzarmena berritzeko aurrerapausoak ematea eskatu die enpresari.

2022ko abenduan amaitu zen Tolosako Pasaban SA enpresako langileek azken aldiz sinatu zuten lan-hitzarmena. Orduz geroztik, langileek ez dute enpresa zuzendaritzarekin adostasun batera iristeko modurik ikusi. «Azken hilabeteetan ez da inongo aurrerapausorik eman negoziaketan. Orain arte, beste harreman bat genuen enpresa zuzendaritza eta jabeekin; gaur egun hori dena galdu da, hein handi batean, zuzendaritzak hartu duen jarreragatik», salatu dute.

Hori dela eta, langile batzordeak, hitzarmena berritzeko aurrerapausoak ematea eskatu dio enpresari. «Gaur egungo zuzendaritza dagoenetik, arazo handiak ditugu hitzarmenak sinatzeko, orain arteko bileretan langile batzordeak akordio batera iristeko aurrera pausoak eman ditu, enpresak, berriz, atzera pauso bat eman du, bi aldeen posturak urrunduz».

Hitzarmenaz gain, beste gai batzuk landu behar direla uste dute: «Batetik, azken urteetan enpresa zuzendaritzak gero eta informazio gutxiago erakutsi eta ahalbidetzen diete. Argi dute zergatia: modu honetan, hainbat gai gezurtatzeko aukera murrizten digute. Bestetik, enpresa jarduera azpikontratatzen ari da Pasaban, estatu mailako zein atzerriko enpresetan. Azkenik, azpikontratazioa da zuzendaritzaren apustu nagusia. Langileak jubilatzen ari diren heinean, azpikontratatuen kopurua handiagotzen doa eta honen ondorioz enpresa kontratuak ere behera doaz. Gainera, lan-baldintza eskasagoak dituzte lanerako».

Langile batzordeak esan du, etorkizunera begira, zuzendaritzak gogorarazi diela enpresaren jarduera bide onetik doala, irabaziak izan dituela eta datozen bi urteetarako are hobeak direla aurreikuspenak.

2021eko urtarrilean ere, lan-baldintzak garrantzia galtzen ari zirela salatzeaz gain, ordura arte izan zuten hitzarmena osorik mantentzea eta betetzea eskatu zuten langileek, 2019ko abenduan amaitu zelako aurreko hitzarmena. Azkenean, 2021eko otsailean, hitzarmena berritzeko aurre-akordioa lortu zuten langileek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!