2019ko abenduan amaitu zen Tolosako Pasaban SA enpresako langileek arduradunekin azken aldiz sinatu zuten lan-hitzarmena. Orduz geroztik, langileek ez dute enpresa zuzendaritzarekin adostasun batera iristeko modurik ikusi. «Azken urtean batez ere, ez da inongo aurrerapausorik eman langileen eskubide eta enpresa irabazien banaketan. Hori gutxi ez, eta aspalditik lortu eta finkatu diren baldintzak kentzeko intentzioa ere azaldu du gerentzia berriak», aipatu dute langileek.
Hori dela eta, orain arte izan duten lan-hitzarmena berritu, eta enpresak aurrerapausoak ematea eskatzen du langile batzordeak. «Laburbilduz, soldatak igotzea, hitzarmenaren ultra-aktibitate mugagabea, hitzarmena ez aplikatzearen aurkako klausulak eta egungo hitzarmenean jasota dauden eta betetzen ez diren klausulak betetzea eskatzen dugu».
Hitzarmenaz gain, bestelako gaiak ere landu behar direla uste dute. «Besteak beste, atzerrira bidaiatzen dutenen egoera, COVID-19a eta bere ondorioak edota langile bakoitzaren kategoria profesionala, kontuan izan beharreko gaiak dira. Izan ere, badirudi hemen garrantzia duen bakarra enpresaren onura dela».
Etorkizunera begira, enpresaren jarduera bide onetik doala gogorarazi dute langile batzordetik. «2020an irabaziak izan ditu, eta datozen bi urteetarako are hobeak dira aurreikuspenak, langileek beren jarduna egoki egin duten seinale».
1928an sortu zen Tolosako Pasaban SA enpresa. Paperaren eta kartoiaren akabera-prozesuetarako, sektore honen industriari soluzioak nahiz makina pertsonalizatuak eta kalitate handikoak ematea du helburu.