Tolosako EH Bilduko hautagaiek osasun sistema publiko eta integral bat aldarrikatu dute. Andu Martinez de Rituerto Arregi alkategaiak esan du Osasun Sailak koalizioari helarazi dion Plan Funtzionalak ez diela erantzuten pasa den larunbatean osasun sistema publiko bat eskatzeko kalera atera ziren milaka herritarren eskaerei. Era berean, manifestazioan parte hartu zuten herritarrei eskerrak eman dizkie.
Gehitu du alkatetza eskuratuz gero urgentziazko bilera eskatuko diola Osasun Sailburuari: «Alkate makila hartu eta hurrengo egunean Osasun Sailburuari urgentziazko bilera eskatuko diot, eskualde honen eskaera historikoa mahai gainean jartzeko. Eta horrekin batera, sailak eskuartean dituen asmoak jaso eta Tolosako herritarrei jakinaraziko dizkiet. Batzar publiko baten bidez, hortik aurrera erakunde eta eragile guztien artean Tolosaldeko osasun sistema publikoak behar dituen zerbitzuak lantzea izango da eskatu eta bultzatuko duguna».
Nabarmendu du duela lau urte EAJ eta Osasun Sailak hauteskunde bezperan onartu zutela Tolosaldean ospitale publiko bat behar zela: «Ez dugu ahaztu behar, agerikoa zen behar eta eskaera hori bere egin dutela, milaka herritarrek modu oso agerikoan eskatu dutelako». Salatu du Osasun Sailak «korrika eta presaka» helarazi diola Plan Funtzionala EH Bilduri Gasteizko Legebiltzarrean, «EH Bilduren eskariari azken orduan erantzunez eta herri mobilizazioaren presioaren ostean».
Plan Funtzionala
EH Bilduk ostegunean jaso zuen Plan Funtzionala eta hori aztertu ondoren, koalizioak uste du planak «argi ilunak» dituela. «Positiboki baloratzeko hainbat alderdi biltzen ditu planak, besteak beste, espezialitateak berreskuratzen direla, eta errehabilitazioa eta etxe ospitalizazioa ere aurreikusten dituela. Baina aldi berean, soilik Kirurgia Anbulatorio Handia jasotzen du planak, eta gaixo kronikoen ospitalizazioa eta paliatiboen zaintza ez dira aurreikusten. Gainera, ez ditu gaur egungo egoerak sortutako hainbat korapilo askatzen eta hainbat arazo argitzen. Lehenik, ez da argitzen ospitale berriak Donostiako ospitalearekin eta Asuncionekin egituratuko duen harremana. Bigarrenik, ez du jasotzen zein izango den Tolosaldeko erreferentziazko klinika. Eta azkenik, ez du esaten zer gertatuko den Asuncion Klinikarekin eta bertako langileekin». «Hori dena ikusita, argi dago Osasun Sailak egindako Plan Funtzionalak ez dituela jasotzen pasa den larunbatean kalera irten ziren milaka herritarren eskaerak», gehitu du.
Horiek horrela, esan du EH Bilduren konpromisoa dela Plan Funtzional hori aztertzea Tolosako eta Tolosaldeko erakunde, eragile eta herritarrekin eta baita Osasun Sailarekin ere, eta eskualdearen beharretara egokitzen den ospitalea lortzeko lan egitea.
Hauteskundeetatik harago, EH Bilduk osasun sistema publikoa bermatzeko lan egiten jarraituko duela gehitu du: «Gu gara denbora gehiago ez galdu eta hauteskunde hitzordu bakoitzaren aurrean pausotxo hutsalak ez ematearen bermea. Herritarren indarrez osasun publikoaren alde lan eginez eta maite dugun Tolosa eta Tolosaldea eraikiz jarraituko duela».