Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo erregistratu zuen udaletxean eskualdeko ospitale berrirako egindako Plan Funtzionala, Tolosako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez. Udalak esan du eskualdeko premietara egokitutako ospitalea aurreikusten duela planak: ospitalizazio medikurako 50 ohe eta beste 20 oheko ospitalizazio-unitate bat susperraldirako eta egonaldi ertainerako, "Tolosaldeko beharrizanak gaindituz, Donostia ESIko ohe mota horien beharrei ere irteera emateko, kirurgia txikia eta kirurgia handi anbulatorioa, 24 orduko larrialdi zerbitzua eta 18 espezialitate, ospitale berriko zerbitzu zorrora txertatuz zerbitzu berriak: Osasun Mentala eta Tokoginekologia".
Udalak gehitu du Plan Funtzionalak jasotzen duela ospitale berrian egingo diren ebakuntza kirurgikoak, egun Asuncion Klinikan egiten diren ebakuntza kirurgiko gehienak izango direla. "Beraz, kirurgiagatiko ospitaleratzeak eta kirurgia konplexuak Donostian egingo dira, orain arte bezala". Azpiegiturak honako zerbitzuak eskainiko ditu: 18 espezialitate, 24 orduko larrialdi zerbitzua, etxeko ospitalizazioa, errehabilitazioa eta fisioterapia, eta zenbait laguntza zerbitzu.
Kanpo kontsultetako arreta espezializatua eta ondorengo espezialitate mediku eta kirurgikoetako Eguneko Ospitaleko zerbitzuak:
- Kardiologia
- Pneumologia
- Dermatologia
- Neurologia
- Endokrinologia
- Erreumatologia
- Barne Medikuntza
- Errehabilitazioa
- Hematologia
- Osasun Mentala
- Tokoginekologi
- Traumatologia
- Oftalmologia
- Otorrinolaringologia
- Urologi
- Kirurgia Orokorra
- Anestesiologia (minaren arreta barne)
- Digestio-aparatua
Kirurgia handi anbulatorio zerbitzuak izango ditu ere eta baita errehabilitazioa eta fisioterapia, ospitalizazio medikua, etxeko ospitalizazioa, 24 orduko larrialdi zerbitzua eta MIR irakaskuntza Familia Medikuntza. Laguntza zerbitzuei dagokienez izango ditu erradiodiagnostikoa erradiologia konbentzionalarekin, Ekografia (OTA eta EMN), oinarrizko Laborategia (farmazia), prebentzio medikuntza eta lan osasun arloa. Zerbitzu orokorrei lotuta administrazioa eta kudeaketa, Kudeaketa Sanitarioko Unitatea, Informatika Unitatea, biltegia eta hornidurak, elikadura eta sukaldea, eta mantentzea aurreikusi dituzte Plan Funtzionalean. Ospitale berriak, halaber, jada Tolosaldean eskaintzen diren Osasun Mentala eta Tokoginekologia zerbitzuak ere hartuko ditu.
Ohe kopurua
Ohe kopuruari dagokionez, Asuncionek 79 logela eta 132 ohe ditu guztira, baina udalak esan du guztiak ez direla hitzarmenaren barruan sartzen. "Gaur egun Asuncionen egiten diren ospitaleratze gehienak arlo medikuko ospitaleratzeei dagozkie. Ospitaleratzeko oheen erabileraren batez bestekoa urteko sasoiaren araberakoa da, baina gutxi gora behera 60 ohe ingurukoa izan ohi da. Horregatik, eskualdeko ospitale publiko berriak ospitalizazioko 50 ohe izango ditu, eta egonaldi ertainerako edota susperraldirako 20 ohe gehiago izango ditu. Plan Funtzionalak jasotzen duen Kirurgia Handi Anbulatorioaren atalean, Asuncion Klinikan egiten diren ebakuntza kirurgiko gehienak jasotzen dira, eta ebakuntza konplexuak, orain arte bezala, Donostiako Unibertsitate Ospitalean egingo dira".
Bestalde, kirurgiarako eta endoskopietarako eguneko ospitale kirurgikoak bi endoskopia gela eta kirurgia handi anbulatoriorako bi ebakuntza gela izango ditu. Era berean, kirurgia txikirako hirugarren ebakuntza gela bat ere egongo da, klinikan urteko egiten diren bataz besteko 800 ebakuntzei erantzuteko. Larrialdiei dagokienez, osasun zentroetan artatuko dira ohiko ordutegian eta gainerako orduetan Tolosaldeko ospitalean. Hau da, EAG ospitale berrira eramango da.