Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak deituta, manifestazioa egin dute eguerdian, Tolosako Trianguloa plazatik abiatuta. Alde Zaharrean barrena joan dira lehenik, gero zezen plazaraino igo eta berriro Trianguloan amaitzeko. Antolatzaileek adierazi dutenez, 2.000 herritar baino gehiagok egin du bat gaurko mobilizazioarekin.
TOPA-ko ordezkariak «oso pozik» agertu dira deialdiak izandako erantzunagatik, baina aldi berean, haserre jarraitzen dute, eskualdeko osasungintzaren egoeragatik. Tolosaldeko osasungintza egoera larrian. Konponbidea orain! izan da gaurko mobilizazioko leloa. «12 urte baino gehiago daramatzagu osasun arreta prekarioa jasotzen, eta ez dugu ikusten arazoa konpontzeko arrastorik. Aspertuta gaude benetako konpromisorik ez egoteaz, soilik hauteskunde aurreko promesa hutsalak aditzeaz, eta eguneroko jarduera penagarriarekin kontraesanean dauden adierazpenak entzuteaz. Parte hartzeari eta gardentasunari buruz ere, hitz antzuak entzuten ditugu», azaldu dute.
Azken urteetan egin bezala, gaur ere EAEko gainerako eskualdeek duten osasun sistema bera exijitu dute: «Nahikoa da. Gainerako eskualdeekin alderatuta, ez daukagu ekitaterik. Arreta kaxkarragoa jasotzen dugu, azpiegitura aldetik ere eskasago gabiltza, eta gainerakoetara baino diru gutxiago iristen da eskualde honetara».
Halaber, batera lan egiteko deia luzatu die TOPA-k inguruko talde eta eragileei: «Elkartu gaitezen alderdi politiko, sindikatu, gizarte mugimendu eta, batez ere, Tolosaldeko herritar guztiok, eta egin dezagun borroka elkarrekin, gure eskualde honetan ere, jaso dezagun gainerakoek bezalako osasun arreta, eskualdeko ospitale publiko bat eginda, eta ez erresoluzio handiko zentro bat, eta bitarte luze horretan, Donostiara joateko aukera bermatuz».
Asuncion Klinikako langileen kezka
TOPA-k salatu duenez, ez diete garbi azaltzen zer kalitate edo zerbitzu izango dituen jaso behar duten arreta sanitarioak: «Ez dakigu ia ezer ospitale berriaz, eta are gutxiago plan funtzionalaz. Eta ez dakigu, era berean, zer etorkizun izango duten Asuncion Klinikak eta bertako langileek».
Hain justu, Asuncion Klinikako langileak beraien lan-baldintzak hobetzeko borrokan dabiltza, «kalitatezko atentzio bat» lortu nahian, eta gaur bat egin dute manifestazioarekin. «Denok dakigu gaur egun osasun sistemak bertako langileen profesionaltasunari esker funtzionatzen duela, eta ez kudeaketagatik, baina hau ez da modua. Tolosaldeako %100 publikoa izango den ospitale bat behar du, langile guztiekin», adierazi dute.
EAJ-k ospitale publikoa errealitatea izango dela adierazi eta biharamunean, langileek esan dute hainbat galdera sortu zaizkiela: «Zer gertatuko da Asuncion Klinikarekin? Zer gertatuko da langile guztiekin? Noiz izango dugu plan funtzionalaren berri?».
Amaitzeko, «osasun publikoaren aldeko apustua» egiten dutela aitortu dute langileek: «Hala ere, galdera gehiegi dauzkagu erantzunik gabe, eta guzti honengatik borrokan jarraituko dugu, denok merezi dugulako».