Tolosako bi musikari, Euskadiko Orkestrarekin Polonian

Ataria 2023ko api. 4a, 20:00

Igor Arostegi (eskuinean), Euskadiko Orkestrarekin, Poloniako kontzertu batean. Argazkia: Euskadiko Orkestra.

Igor Arostegi eta Xabier Peña perkusio-jotzaileak, Poloniako Beethoven Jaialdian izan dira Euskadiko Orkestrarekin. Sarrera guztiak agortu dituzte, 5.000 entzule baino gehiagoren gozamenerako.

41 urte dira Euskadiko Orkestra abian jarri zenetik. Urte hauetan guztietan Europako herrialde ugari bisitatu ditu, baita Hego Amerikakoak ere, baina Poloniara egindako bidaia berri hau, historiako hogeita bigarrena, inflexio-puntua izan da bere nazioarteko ibilbidean. «Polonia ikaragarrizko musika-tradizioa duen herrialdea da, artista eta musikagile handien eta ehun urte baino gehiagoko orkestren sorterria, eta Beethoven Jaialdia, Robert Treviño titularrarekin duen harremanari esker Euskadiko Orkestra gonbidatu duena, Poloniako jaialdi garrantzitsuenetako batean bilakatu da bere fundatzaile Krzysztof Pendereckiren eskutik», adierazi dute orkestrako kideek.

Euskadiko Orkestrari ongietorria emateko prest zeuden Varsovia, Wroclaw, Krakovia eta Katowice hirietan, sarrera guztiak bukatuta, guztira 5.400. Horrela, bada, ezin genuen huts egin, eta programa exijentea eta maila altukoa eraman genuen, eta indarrez egin diogu aurre.

Polonian aurkezpen honetarako diseinatutako programa berbera izan da lau kontzertuetan. Lehenik, Ravelen Boléro eta Pavane pour une infante défunte; ondoren, kontzertuaren funtsezko obra, Mahlerren Bosgarren Sinfonia konplexua. «70 minutuko partiturak konpositorearen soinu-unibertso osoa ezagutzeko tartea ematen du, baina baita orkestra baten gaitasuna egiaztatzeko ere. Erronka handia zen, baina Euskadiko Orkestrak sendotasunez gainditu du, konfiantza, kontzentrazio eta kalitate estandar altua erakutsiz. Txalo-zaparrada luzeak eskaini dituen publikoaren erantzunak eragin handia izan du orkestran, eta bi edo hiru bisekin erantzun du, hiri bakoitzean ia hiru orduko kontzertua osatuz», azaldu dute orkestrako kideek. Jesus Guridiren Amorosa, Geronimo Gimenezen Luis Alonsoren Ezteien Intermedioa eta Brahmsen 5. Dantza Hungariarra zituen orkestrak atriletan gordeta kontzertuak amaitzeko, eta publikoari «oroitzapen ahaztezina» uzteko balio izan dute.

Robert Treviño orkestrako zuzendari titularrak adierazi duenez, musikariek «pasio, botere eta gogo handia» erakutsi dute. «Soinurik onena eta interpretazio sakona eskaintzea lortu dute. Horregatik guztiagatik oso harro nago Euskadiko Orkestraren zuzendari titular izateaz. Orkestrak maila oso altuan dagoela erakutsi du», gaineratu du. Euskadiko Orkestra Varsovia, Wroclaw, Krakovia eta Katowice hirietatik igaro ostean, pozik agertu da Oriol Roch zuzendaria: «Harreman sendoa ezarri dugu Beethoven Jaialdiarekin, eta etorkizunean itzultzeko aukera zigilatu dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!