«Orkestra asko aldatu da, eta eskakizun-maila are handiagoa da orain»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uzt. 16a, 09:59
Xabier Peña tolosarra. ATARIA

Xabier Peñak 26 urte daramatza Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, Jose Carrera tolosarra ordezkatu zuenetik; harro dago, herriko musikari bat gehituko delako bertara.

Donostiako Easo kaleko goi-mailako kontserbatorioan hasi zen perkusioa ikasten Xabier Peña Lorente (Tolosa, 1960), Jesus Mari Garmendiarekin batera. Hala ere, Tafallako festetan izan zuen lehen kontaktua, txistulariekin batera jotzen hasi zenean. Madrilen amaitu zituen ikasketak eta 1992az geroztik Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kidea da.

26 urte Euskadiko Orkestra Sinfonikoan. Zer duzu esateko?

Asko eskatzen dizun bezala, asko ematen dizun lanbidea da. Oso pozik nago, gure herria ordezkatzen duen orkestrako kide naizelako ere. Gainera, ohore bat da niretzat, kultur mailan erreferente den proiektuko kide izatea. Zure bizitza aurrera eramateko afizio bat da, bere argi-itzalekin. Esperientzia profesionalak garrantzi handia du musikarion kasuan, jotzen dugun obra berri bakoitza bestelako ikuspegi batekin hartzen dugulako, musikalki geroz eta aberatsagoak garelako.

Perkusioko sekzioaren barruan, nolakoa izan da zure garapena?

Orkestra guztietan bezala, gurean ere kide bakoitzak bere plaza dauka. Ni, esaterako, tutti naiz, hau da, edozein perkusio instrumentu jo dezaket, eta horrela aritu naiz urte guztietan zehar. Bestetik, bakarlariak daude, ia instrumentu guztietan.

Eta nola aldatu da orkestra?

Ikustekoa da asko aldatu dela duela 36 urte sortu zenetik gaur arte. Bertako kideoi (baita zuzendariei ere) eskatzen zaigun eskakizun-maila ere geroz eta handiagoa da, eta teknikoki orkestrak duen maila hobea da. Jotzen ditugun obren errepertorioa, gainera, zabalagoa da. Lehen, bost edo sei egunen buruan egiten ziren entseguak, eta orain hiru egunetan begiratzen ditugu partiturak. Beraz, oraindik garapen prozesu batean dagoela esango nuke.

Euskadiko Orkestra sortu zenean, harizko instrumentuak jotzen zituztenak, gehienbat, Poloniatik eta Errumaniatik etorri ziren; haizezkoak, berriz, Valentzia aldetik. Baziren nafar batzuk ere bertan. Orain, orkestraren %25a, gutxi gorabehera, Euskal Herrikoak gara, eta gezurra badirudi ere, asko gara. Gainera, orain belaunaldi aldaketa bat ere eman da, eta gazteak nagusitzen ari dira, kontserbatorioetatik prestatuago iristen direlako eta lehendik zeudenak ere erretiroa hartzen doazelako. Hortaz, jarraitzen dugun beteranoen esperientzia eta sartzen diren musikari berrien jakinduria eta gogoa bateratzeari esker, binomio oso interesgarria sortzen da, emankorra eta estimulatzailea, orkestra bezala hazteko eta garatzeko indarra ematen diguna. Asko entzuten da musikari gazteak ez daudela prest horrelako saltoak emateko, baina nire ustez, gogoz eta ilusio handiz aritzen dira lanean, eta hori azpimarratzekoa da.

93 musikariren artean, lau perkusio jotzaile, horietatik bi, herritarrak.

Nire ustez, harro egoteko modukoa da Igorren sarrera. Egia esan, egoera azpimarragarria da, kasualitatea baita bi tolosar Euskadiko Orkestrako sekzio berean elkarrekin aritzea. Igor gainera oso pertsona ona da, langilea eta serio egon behar duenean serio egoten dakien horietakoa. Bestetik, badira beste orkestratan tolosar gehiago, eta beraz, errealitatea da, herrian badela perkusiorako harrobia, eta ona gainera.

Egia da konpetentzia geroz eta handiagoa dela Euskal Herrian?

Orkestra batean sartzeko bai behintzat. Gainera, ez dira bestelako oposizioak bezala, non plaza kopuru handiak eskaintzen dituzten; hemen bakarrarentzat egoten da tokia; beraz, oso zaila izaten da hori eskuratzea.

Kulturalki, nolakoa da jasotzen duzuen errekonozimendua?

Kanpora joaten zarenean, eta bertakoek orkestraren lana baloratzen dutenean, eta emanaldiekin hunkitzen direnean, emozio berezi bat sentitzen duzu. Atzetik lan handia egiten dela ederki asko dakite, eta horrela eskertzen dute joaten garen bakoitzean. Beharrezkoa da hori hemen ere jasotzea. Kultura ezinbestekoa da gizartearentzat, eta kultura zainduz gero, etorkizuna ziurtatuta izaten du gizarteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!