«Zorionekoa naiz, hain aukera urria edukita, etxean jotzen aritzeagatik»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko uzt. 16a, 09:02
Igor Arostegi tolosarra. ATARIA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikari izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztularen parekoa. Igor Arostegik, aldiz, egindako lanari esker, ilusioz hartu du bertan perkusio jotzaile bezala aritzeko albistea; amets bat bete duela dio.

Musikarako lotura familiatik datorkion arren, harreman hori sortzetik soilik ez, eta egitetik ere indartu dela aitortzen du Igor Arostegi Acostak (Tolosa, 1990). Betidanik izan du notak irakurtzeko grina eta abilezia. Eduardo Mocoroa Musika Eskolan burutu zituen solfeo eta perkusio ikasketak, eta gerora, Musikenen Goi-Mailako ikasketak gauzatu zituen. Duela gutxira arte, irakasle bezala ari zen lanean, baina aurrerantzean ezin izango du jarraitu. Izan ere, Euskadiko Orkestran aritzeko postu finkoa lortu zuen ekainean, eta lehenago kolaboratzaile gisa aritu zen taldeak zama handiagoa eskatuko dio hemendik aurrera. Berak, ordea, ilusioz hartu nahi du, postua ezaguna zaion arren, ez duelako egoera berri honetan presiorik sentitu nahi. Ikasten jarraitzeko asmoa du, baita datozenei irakastekoa ere.

Ez dakiten horientzat, zer suposatzen du Euskadiko Orkestran musikari bezala aritzeak?

Euskal Herrian izen handia duen entitatea da. Orkestra batean sartzea, ez Euskal Herrian soilik, oso zaila da, plazak mugatuak izaten direlako. Amets bat da niretzako, postu hau lortzeko, urte luzez aritu naizelako lanean.

Nola suertatu zitzaizun aukera, eta zein izan zen zure erreakzioa? 

Plataforma desberdinak daude, mundu mailako orkestra ugarietako postuak libre daudela iragartzen dutenak. Horien bitartez jakin nuen postu honen berri, eta pentsatu gabe erabaki nuen bertan izena ematea.

Aurrena, ordea, lehen perkusio jotzailearentzako probak egin zenituen, baina ez zenuen postu hori eskuratzea lortu.

Duela bi urte, erretiroa hartu zuen perkusio jotzaile batek, eta beranduago, Parisko Orkestrara joan zen beste bat. Orduan, bi postu zeuden libre, bakarlari batena eta tinbalak joko zituenarena. Ez da oso ohikoa izaten horrelako aukera bat suertatzea, baina bi frogak bi asteren barruan zirela jakinda, bietan eman nuen izena. Lehenengoan, ordea, zapore gazi-gozoarekin geratu nintzen, bigarren errondara igarotzea lortu nuelako, baina ezin izan nuen postu hori lortu, agian ez zelako egun onena izan. Hortaz, bigarren frogarako, entseguak egiten eta ikasten jarraitzea erabaki nuen, eta noski, mentalki ere indartsu egotea beharrezkoa nuen.

Gerora egin zenuen bigarren posturako froga. Zer egin behar izan zenuen bertan?

Lehenengo frogan, tinbalak jotzeari garrantzi gehiago eman zioten, eta perkusioari ez horrenbeste, postu hori tinbal jotzailearentzat zelako. Bigarrenean, berriz, alderantziz izan zen, postu berria perkusio jotzailearena zelako. Hortaz, nire prestaketan ez ziren gauzak asko aldatu. Errepertorioa areagotu egin zen bigarren frogarako, nahiz eta harrigarria izan, izan ere pentsa daiteke bakarlariarena kategoria bat goragoko postua dela, baina ez, zehatzagoa da.

Arratsalde batean egin genituen frogak. Froga guztietan niri egokitu zitzaidan lehena izatea, zozketak hala erabakita. Bigarren errondara bost pertsona igaro ginen, eta horietatik lauk lortu genuen finalera igarotzea. Bertan, 40 minutuz jo behar izan genuen obra bat, eta oso gustura geratu nintzen nire jardunarekin. Hala ere, gutako inork ez zekien besteek zer moduz egiten zuten, eta beraz, nahiz eta esperantza banuen, ez nuen pentsatu nahi postua nirea izango zela.

«Gustav Mahler Gazte Orkestrarekin jo izanak, balio handia du beste orkestretako probetara aurkezten naizenerako», esan zenuen zuk elkarrizketa batean. Zenbaterainoko eragina izan du horrek?

Egia esan, alde batetik esperientzia hartu behar da kontutan. Europa mailako musikari onenekin aritzea izugarria izan zen, baita Bilboko, Donostiako nahiz beste leku gehiagoetako orkestrekin kolaboratzaile modura aritzea ere, batez ere, esperientzia pertsonala eskuratzeko, jotzeko garaian duzun trebeziarako. Bestetik, curriculuma dago, frogak egiterakoan aukera handiagoa ematen dizun elementua. Esaterako, jende gehiegik izena emanez gero, filtro bat pasatzea beharrezkoa izaten da, eta gutxik izaten dute lehen errondara igarotzeko aukera. Horretan ere balioko zuen, noski.

Eta orain, zein dira Euskadiko Orkestrarekin dituzun hitzorduak, entseguak eta kontzertuak?

Orain, orkestra bera eta bertako kideak oporrez gozatzen ari gara. Abuztuaren 2an itzuliko gara, Donostiako Musika Hamabostaldirako kontzertuetarako entseguekin. Gero, egutegi osoa ondo begiratu beharko nuke, baina urtero izaten diren kontzertuak ditugu, hau da, obra ezberdinez osatutako programa bera hilabetean behin Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen jo behar dugu. Horrez gain, proiektu ezberdinak suertatzen dira urtean zehar: Angeluko Ravel jaialdian eskainiko dugu emanaldia, Alemanian nahiz Austrian zehar bira bat egingo dugu abenduan eta grabaketa ezberdinak ere egingo ditugu. Hortaz, orain burua Musika Hamabostaldian daukat jarrita, eta azken hilabeteetan beraiekin jotzen aritu naizenez, entseguetara joatea ez da zerbait berria izango, baina bai ilusio handiko zerbait. Gauzak ondo egiteko gogo handia dut, horregatik, hainbeste entzuten dudan presio hitza alde batera utzi nahi dut.

Europan zehar Gazte Orkestrarekin aritzeak miresmena sortu zuen zuregan, batez ere, bertako herrialdeetan kultura bizitzeko dagoen moduagatik. Ilusio hori ere izango duzu, ezta?

Alemanian edo Austrian jotzea oso berezia izango da. Nik hemen inguruan kultura bizitzeko dugun modua ezagutzen dut, baina erabat ezberdina da. Batetik, adinean aurkitzen dut aldea, kanpoan edozein adineko jendea joaten delako kontzertuak entzutera, eta gainera, arreta handiagoa eskaintzen diote egiten duzun lan horri, eta gehiago baloratzen zaituzte. Bestetik, orokorrean hartuta, hemen baino garatuagoa da bertakoen kultura maila, eta ikuspegi kritiko bat izateko ahalmen eta gaitasun handiagoa dute. Kontzertu guztian zehar, isiltasuna nagusitzen da, ez da eztul hotsik ere entzuten, eta sortzen den atmosfera hori oso berezia da, hemen inguruan ez dut hain sakon bizitzeko aukera. Beste bizi-estilo bat da, haurrak direnetik irakatsi zaiena, eta bertara kontzertu bat eskaintzera doan orkestra ezezaguna izan arren, auditorioa beti beteta egoten da.

Zein dira orkestrarako dituzun helburuak, bai pertsonalki baita musikalki ere?

Bizitza guztian bezala, beti izango dugu lanean jarraitzeko ilusio hori eta ikasten jarraitzeko behar hori. Batetik, eman dezakedan mailarik onena emateko asmoa dut, ikuspegi musikaletik begiratuta, ahalik eta mailarik altuena ematea, eta publikoa gozaraztea, emaitza ahalik eta onena izan dadin. Bestetik, Musikenen ikasten ari nintzenean, eredutzat nituen orkestrako perkusio jotzaileak, eta orain, ni neu bertan nagoela ohartzean, nik ere etorkizuneko perkusio jotzaileentzako eredu izatea nahiko nuke.

Euskadiko Orkestra izena eraman arren, Estatuko nahiz Europako musikariak ere badabiltza. Hemen errazagoa da postua lortzea?

Ez nuke esango hori hala denik. Lehen aipatutako plataforma horiek aukera ematen diete musikari askori beren herrialdetik harago musika klasikoa jotzen aritzeko, hau da, orkestra batean lanpostu finko bat lortu eta beraiek gustuko duten lanean aritzeko. Nire kasuan, ez nuen inondik inora ere kanpoan aritu nahi, ez nengoen prest behintzat. Horregatik, zorionekoa naiz, hain aukera urria edukita, etxean aritzeko aukera izateagatik. Gaur egun, geroz eta euskaldun gehiago dira, musikan, formakuntza aurreratu bat dutenak, eta duela 35 urte, Euskadiko Orkestran oso gutxi baziren bertakoak, orain gehiago gara. Izan ere, beste herrialde askotan, betidanik jaso dute formakuntza hori, eta beraz, musikalki garatuagoak daude.

Eta postua lortu izan ez bazenu, ez zenukeen kanpora jauzi egiteko aukerarik planteatuko?

Ez dut uste. Orain arte, Bilboko nahiz Euskadiko Orkestrarako egin ditut frogak soilik. Bestela, kolaborazioak egiten aritu izan naiz hemengo nahiz estatuko orkestra desberdinetan. Gainera, irakaskuntzan ere murgilduta nenbilen, eta Euskadiko Orkestran ere kolaborazioak egingo nituzke. Beraz, musikaz gozatzen jarraitzeko aukerak ere izango nituen hemen, eta horiek mantendu nahiko nituzke, orkestra berri batera jauzia eman aurretik.

Lehenago ere, jo izan duzu Euskadiko Orkestrarekin, baina kolaboratzaile modura. Orain, zertan nabarituko duzu aldea?

Aldea faktore ugaritan nabarituko dut. Urteak pasa ahala, nire esperientzia areagotzen joango da. Kolaboratzaile nintzenean, esaterako, kontzertu bakoitzean ikasten jarraitzen nuen, baina ez nuen orkestraren garapena gertutik ezagutzen. Hortaz, normala izango da, musikako aspektu askotan, kolaboratzaile modura joango dena baino adituagoa izatea, egunero arituko naizelako. Hala ere, bere garaian nik jaso nituen bezala, laguntzaile modura joaten diren musikariei ere, nire aholkuak emango dizkiet. Oraindik ez dut presio hori nabaritzen, kolaboratzaile moduan izaten nuen bezala, ahal zenuen onena eman behar zenuelako orduan; baita orain ere, noski.

Duela hiru urte zenionez, orkestra batean postu finkoa duenak, posible du bizitza aurrera eramatea. Zu, orain, horrela sentituko zara.

Eta oraindik horrela dela iruditzen zait. Ezer finkorik ez nuenez, alde batetik bestera nenbilen, talde desberdinekin kontzertuak eskaintzen, han edota hemen lanean, txarangarekin... Hortaz, alde horretatik, bizitza pixka bat lasaiagoa izango dut, nire kabuz gauzak prestatzeko aukerarekin, eta noski, lanpostu honi lehentasuna eman beharko diot. Ondorioz, iruditzen zait ez dudala arazorik izango orkestrarekin bizitza aurrera eramateko.

Euskadiko Orkestraz harago, ba al duzu bestelako helmugarik?

Aipatu bezala, orkestrak markatuko ditu nire lehentasunak. Behin gehiago finkatzen naizenean, eta erosotasun bat lortzen dudanean, agian proiektu ezberdinak jorratzeko aukera planteatu dezaket: lankide batzuekin bildu eta kamara-orkestra bat sortzea, adibidez. Betiere, aitortu beharra daukat, gure lana, zorionez, plazer bat dela. Azkenean, nagusiek aukeratzen dute orkestrako errepertorioa, eta bestelako obrak jotzea, zure esku dago. Proiektu txikiagoak ere egin ditzakezu, bizpahiru lagunekin batera bestelako kontzertuak eskaintzeko. Orain arte, gainera, kontserbatorioan ari nintzen irakasten, eta hori ere alde batera utzi beharko dut.

Orkestrak jarri diezazukeen muga nagusiena, denbora izango da, bai lehen egiten zenituen gauzak egiteko eta lehen heltzen zinen lekuetara heltzeko, ezta?

Noski baietz! Lanaldi oso bat denez, egun osoa horretan aritzea eskatuko dit postu honek. Bestela, ditudan afizioez gozatzeko denbora ere izango dut, askatasuna emango dit horretarako, nahiz eta ezingo dudan toki gehiagotan lanean aritu, lanpostu finkoa delako. Ondorioz, denboraz lasaiago ibiliko naiz orain, eta erritmoa lasaitu egingo zait, bai niretzako, baita gustuko ditudan gauzak egiteko ere.

Europako Gazte Orkestrarako deitu zizutenean, honako hau esan zenuen: «Egunero entseatu beharra dago, kirola bezalakoxea da hau». 

Argi dago ez ditugula zortzi ordu igaroko soilik entseguak egiten, izan ere, horiez gain sartu beharreko orduekin osatzen da lanaldi osoko jardunaldi hori. Horregatik, normalean oso ondo konpentsatuta dago, egunero landu beharrekoa den zerbait da, baina programaren arabera, gauza konplexuago bat jotzea edo gutxiago jotzea eskatu dezake programa bakoitzak. Urte guztiko programazioa eskuartean dugunez, aurretik jakin dezakezu noiz duzun kontzertu konprometituago bat edo lasaiago bat. Hortaz, eginbeharrak denborarekin hartuta eta gauzak ondo prestatuta, emaitzak oso onak izan daitezke. Gauzak nola dauden ikusita, normala iruditzen zait egunero entseatu beharra, eta horrela izan beharko luke.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!