Atzo hasi zuten hilaren 26ra arte luzatuko den greba Tolosako kirol instalazioetako langileek. Lehen egunean egin bezala, gaur kalera atera dira eta manifestazioa egin dute, Trianguloa plazatik abiatuta. Langileak haserre azaldu dira. «Ez dugu soilik soldata igoera eskatzen; lan-baldintzak hobetzea nahi dugu. 2019az geroztik, negoziazio baten esperoan gaude, udalarekin eta enpresarekin adostasunera heltzeko helburuarekin. Nazkatuta gaude, eta hori lortu ezean, borrokan jarraituko dugu».
Zenbait herritarrek bat egin dute gaurko deialdiarekin; langileen hitzetan, baina, «babes handiagoa» eskertuko lukete. «Zerbitzu bat eskaintzen diegu, baita kirol talde askori ere, eta erabiltzaile horien babesa behar dugu gure helburuak lortzeko. Oraingoz mezu ugari jaso ditugu sare sozialetan, baino kalean babes handiagoa nahi dugu», azpimarratu dute.
Herritarrei ez ezik, kirol instalazioetako langileen grebak ondorioak izan ditu zenbait kirol talderen jardunean. Jardunaldi honetan etxean jokatzen zuten Tolosa CF-ko taldeek, esaterako, ezingo dute Usabalen edo Berazubin jokatu, eta beraz, bestelako aukerak bilatu behar izan dituzte: Alegiko Elorri eta Villabonako Arratzain futbol zelaietan jokatuko dute, baita Realak Zubietan dituen instalazioetan ere. «Jakitun gara instalazioak itxita egotea oztopo handia dela beraientzat, entrenamenduak nahiz partidak aurrera atera ahal izateko».