Soldataren hobekuntza eta eguneratzea eta lan baldintzen erregularizazioa biltzen dituen hitzarmena eskatzen dute Tolosako kiroldegiko langileek. 2019 urtetik ez dutela euren lan baldintzetan hobekuntzarik izan salatu dute, eta euren egoera azaltzeko udalarekin eta enpresarekin bildu arren, ez dute «inolako aurrerapausorik» izan. Hori izan da bihartik grebara jotzearen arrazoia. Usabal kiroldegian, Berazubiko udal kirol instalazioan eta Beotibar eta Uzturpe pilotalekuetan lan egiten duten 35 langile inguru dira, eta 11 eguneko lanuztea egingo dutela iragarri dute.
ELA sindikatutik adierazi dutenez, enpresak hainbat proposamen jarri zituen mahai gainean atzo egin zuten bileran, eta ondoren, langileekin eztabaidatu zituzten. «Langileentzat erosahalmenaren berreskuratzea eta zerbitzuetan hainbat hobekuntza txertatzea gutxieneko eskakizuna da, eta proposamenetan hori bermatuta ikusi ez dutenez, greba deialdiari eustea erabaki dute».
Erabakiaren berri enpresari ematearekin batera, kontraproposamena ere luzatu diote, «langileentzat beharrezkoak diren puntuak barnebilduz». Sindikatuak esan du oraingoz ez dutela ez erantzunik ez eta beste bilera baterako deialdirik jaso.
ELAk adierazi du, halaber, Tolosako Udalak ere zeresana duela gatazkan. «Astelehenean bildu ginen udal arduradunekin, eta hainbat aukera jarri zituzten mahai gainean. Guk esan diegu aukera horiek beraiek planteatu behar dituztela, izan ere, udalak gatazkan esku hartu behar duela ulertzen badu, esku hartu beharko du». ELAk argi du, azpikontratatutako zerbitzua denez, bertan pasatzen denaren inguruan erantzule zuzena dela udala.
Bestalde, grebari bihar hasiera eman aurretik, gaur kiroldegi atarian elkarretaratzea egin dute langileek, eta datozen egunetan ere mobilizazioekin jarraituko dutela aurreratu dute sindikatutik. «Gure asmoa gatazka gizarteratzea da, izan ere kiroldegia ixten den unetik erabiltzaile ugari geratuko dira zerbitzurik gabe, eta beraiekin elkarbanatu nahi dugu zein den gure egoera, eta nolatan iritsi garen egoera horretara».