Lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen hitzarmen baten alde greba egingo dute Tolosako kiroldegiko langileek, bihartik martxoaren 26ra. Gaur, 17:30ean, elkarretaratzea egingo dute, Usabal kiroldegi aurrean.
Kiroldegian zerbitzua ematen duten langileak BPXport S.L.U. enpresaren bidez daude azpikontratatuta. Tolosako Udalarenak dira instalazioak, eta lizitazio bidez kudeatzen du enpresa horrek zerbitzu publikoa. ELA sindikatuak adierazi duenez, 35 langile inguru dira denera. Besteak beste, Usabal kiroldegian, Berazubiko udal kirol instalazioan, eta Beotibar eta Uzturpe pilotalekuetan egiten duten lan langile horiek.
Sindikatuak esan duenez, 2019tik ez dute hobekuntzarik izan lan baldintzetan: «2020ko martxoan, hitzarmen berriaren negoziaketa hastera zihoanean, pandemia etorri zen, eta gogor eragin zuen kiroldegietan. Behin pandemia pasata, lizitazio berriarekin enpresa aldaketa etorri zen, Kirolzer enpresak kudeatzetik BPXport enpresak kudeatzera pasa zen, eta negoziaketa 2023ra atzeratzea ekarri zuen horrek».
Esan dute langileak udalarekin eta enpresarekin bildu direla beraien egoera azaltzeko, baina ez dutela» inolako aurrerapausorik» izan eta langileentzat «onartezina» dela.
Batetik, soldataren hobekuntza eta eguneratzea eskatzen dute, eta bestetik, gainerako lan baldintzen erregularizazioa. «Urte hauetan guztietan erosahalmena galdu dute langileek, denok dakigu KPI altuak izan direla azken urteetan eta erosahalmen galera nabarmena ekarri du horrek», esan du ELA sindikatuak.
Lanaldiari dagokionean ere hutsuneak dituztela salatu dute: «Lanaldi partzial asko dituzte, zaila zaie lanaldi osora egotea. Tolosako kiroldegian, zerbitzu integrala izanik, monitoreak berdin-berdin egin ditzake sorosle lanak edota harrerakoak, eta horrek lanaldietan hobekuntza ekartzen badu ere, lanaldi partzial asko topatzen ditugu». Horri aurre egiteko klausula batzuk txertatu nahi dituztela esan dute hitzarmenean.
Bestalde, klaseen prestakuntzari dagokionean ere hobekuntzak nahi dituzte. «Hitzarmenak klaseak prestatzeko denbora jakin bat jasotzen du, baina ez da nahikoa» argitu dute. Asteburuetako lana ere erregulatu nahi dute.
Orain arte, enpresak proposamen bakarra egin die langileei, ELAk jakitera eman duenez: %1eko soldata igoera proposatu die 2023rako. «Irtenbide horrek erosahalmenaren berreskurapenean aurrerapauso gutxi ekartzen ditu, eta beste puntuak ez dira aipatu ere egiten». Esan dute ez dela «negoziaketa serioa».
«Udalaren erantzukizuna»
Tolosako Udalak lizitazio publiko bidez esleituta dauka Tolosako kiroldegiko kudeaketa. ELAk uste du zerbitzu publiko azpikontratatua den heinean, zerbitzu horren erantzulea udala dela. Tolosaldeko Ataria harremanetan jarri da Tolosako Udalarekin gai honen inguruan galdegiteko, baina esan dute «dagokionean» emango dituztela azalpenak.
«Plegua udalak diseinatzen du, eta suposatzen da plegu horrek zerbitzuaren beharrak barnebiltzen dituela. Zerbitzuaren behar horietaz hitz egiten dugunean, ordea, langileen baldintzak ahaztu egiten dira», salatu dute. «Enpresak argi du bere instalazio horietan helburua irabaziak ateratzea dela, baina, zerbitzua bera udalaren erantzukizuna da».
ELAk, bere aldetik, argi du gatazka horren irtenbidea enpresaren eta udalaren eskutik etorri behar duela, «lehenbailehen». «Bide horretan, betiko errealitatearekin egiten dugu topo: udalak zerbitzua azpikontratatzen du, eta ulertzen du azpikontratatu duen momentutik ez dela bere ardura, baina zerbitzu publikoa azpikontratatzeak badauzka bere eraginak eta udalak ezin du isilik geratu gatazka honen aurrean».
Kirol jardueretan eragina
Kiroldegiko langileen grebak instalazio horiek erabiltzen dituzten kirol taldeen jardunean aldaketak izan ditzake. ELAk esan du pasa den astean elkartu zirela kirol taldeekin eta langileen egoera azaltzeko tartea hartu zutela.
Langileek bihar grebari ekin baino lehen, elkarretaratzea egingo dute gaur, 17:30ean, Usabal kiroldegiaren atarian.