Alde Zaharra gorriz janzteko deia egin dute

Ataria 2023ko urt. 5a, 10:59

Tolosako Alde Zaharreko hainbat bizilagun bildu dira eta auzoak bizi duen «urgentziazko» egoeraren berri eman dute.

Tolosako Alde Zaharreko etxebizitza bat baino gehiagotan Zaindu Alde Zaharra, SOS Alde Zaharra, Alde Zaharra bizirik edota Babestu Alde Zaharra dioten mezuak ikusi daitezke. Auzoak bizi duen egoera salatu nahi dute horrela eta biltzen hasiak dira egoera iraultzeko asmoz. Izan ere, Zumarditxikia berritzeko proiektuak hautsak harrotu ditu auzoan. «Aurretik genituen kezkei, azaroaren hasieran beste bat gehitu zaio, udalak Zumarditxikia oinezkoentzat berreskuratzearen ondorioz galduko diren aparkalekuak ordezkatzeko alternatiba». Finean udalak Alondegiko edota Lapurdiko 100 bat plaza eskaini dizkie bizilagunei, hilabeteko bonu baten truke. Jasotako proposamena ordea, ez da guztien gustukoa izan, eta «egindako proposamenak sortu duen egoerak, aurretik dekadentzian dagoen inguruaren okertzea baino ez duela ekarriko iritzita, Alde Zaharreko bizilagunok gure ezinegona publiko egin nahi dugu», esan dute.

Horiek horrela, pasa den abenduaren 13an «zonalde, errealitate eta adin askotariko» 130 bat bizilagun elkartu ziren Apaizetxean eta Zumarditxikiko aparkalekuen alternatiba aztertu ondoren, gai sakonagoak atera ziren mahaigainera, esan dutenez. «Horren ondorioz, presaz lantzeko hiru alor adostu genituen», azaldu dute.

Komunikazio kanala
Udalarekin komunikazio kanala ireki eta Zumarditxikiko aparkalekuak ordezkatzeko emandako alternatiba ez dela egokia adieraztea adostu zuten, lehenik eta behin. «Arrazoiak argiak dira eta alternatiba erreala landu bitartean, Zumarditxikiko lanekin ez hastea eskatzea adostu zen». Esan dute Zumarditxikiko aparkalekuak ezabatzeak TAOko 1. zonaldeko bertakoen aparkalekuen %30a kentzea suposatzen duela. «Lehendik ere, lurgaineko aparkaleku kopuru txikiena duen zonaldea da Alde Zaharra eta erabaki honek, are gehiago okertuko du zonaldean aparkatzea». Horrekin batera esan dute, udalak egindako ikerketak «hutsune asko» dituela eta horrek zailtzen duela emandako alternatiba ondo landutakoa izatea. «Izan ere, soilik Zumarditxikiko eraginera mugatu da eta ez ditu kontutan hartu etorkizunerako aurreikusten diren peatonalizazioak (Rondilla, Antonio Lekuona, Beotibar). Gainera, ez da aztertu TAOren egoera, Alde Zaharreko garajeena eta auzotarrek ditugun kotxe kopurua; ezta ere asteburuetako lurgaineko aparkalekuen egoera. Aipatzeko da ere bizilagunen parte hartzerik gabe eta oso berandu landu dela proposamena». Euren ustez ez da alternatiba errealista Alde Zaharreko bizilagunen egoera sozioekonomikoa kontuan hartuta, «Alde Zaharra da etxebizitza bakoitzeko errenta baxuena duen auzoa (etxebizitzako 29.500 eurokoa eta Tolosako bataz bestekoa baino %33 baxuagoa) eta langabezia tasa eta etorkin portzentaje altuena duena». Salatu dute emandako alternatibak urtean 1.380 euro aurreratzea suposatzen duela eta gainera, ez luketela aparkatzeko lekua bermatuta izango (errotazio plazengatik ordainduko genuke eta lurrazpiko aparkalekuak betetzen badira ez dugu sarbiderik izango). Bestalde, %50eko diru laguntza jasotzeko aukera aipatu bada ere, «hobaria jasotzeko prozesuak zailtasun ugari» izango dituela uste dute.

Plan integrala
Bizilagunen arteko bilera horretan Alde Zaharrerako plan integrala egitea eskatzea adostu zuten, bigarrenik. «Bileran argi geratu zen aparkalekuen arazoaz gain, auzoaren berezitasuna ikusita, zonaldearentzako plan berezia baten beharra zegoela. Azken urtetan, Alde Zaharra gainbeheran dago alor askotan: merkataritza, ostalaritza, Erretengibel desegitea eta diru laguntzak ezabatzea, etxe huts asko eta zaharberritze gutxi, urte luzez gauzatu gabeko proiektuak». 

Alde Zaharrak behar bereziak dituela uste dute eta ondo aztertu eta planifikatu beharreko alor asko identifikatuta daudela. «Horiek guztiak ondo aztertu eta etorkizuneko esku hartzeak landuko eta zerrendatuko dituen bide-orria behar du zonaldeak urgentziaz. Bizilagunon kezkak biltzea eta parte hartze zuzena sustatzea giltzarria izango da, gainerako eragileekin batera (merkatariak, elkarteak soziokulturalak, adituak...). Berehala lantzen hasteko gaia da plan integralarena».

Kezka bistaratzeko kanpaina
Azkenik, euren desadostasuna eta Alde Zaharrarekiko dute kezka bistaratzea erabaki zuten, balkoietan plastiko eta tela gorriak jarriz. Erabaki hori hartu zuten herritarrak eta udal ordezkariak Alde Zaharrak duen urgentziazko egoeraren berri emateko eta bertako bizilagunek duten kezka azaleratzeko.

Bilerak

Alde Zaharreko bizilagunek abenduaren amaieran egin zuten lehen bilera udalarekin, eta euren eskaera eta aldarrikapenen berri eman zioten, eta urtarrilean berriz ere elkarteko hitzordua adostu zutela azaldu zuten. Gainerako ordezkari eta eragileekin biltzeko asmoa dute eta Inauterien aurretik bizilagunen arteko beste bilera bat egingo dute.

Horiek horrela, Alde Zaharreko bizilagunei balkoietan tela edo plastiko gorria jartzeko deia egin diete eta horiek lortzeko aukera eskaini; urtarrilaren 14an 11:00etatik 13:00etara egongo dira Maria Luisa Agirre Doktorea plazan, Tonto Kale bezala ezagutzen den plazan. Bien bitartean, iritziak partekatzeko tolosakoaldezaharra@gmail.com posta elektronikoa sortu dute. «Aurrera begira egitekoak ere zerrendatu ditugu: bizilagunen elkartea berpiztea, arlokako lantaldeak sortzea... Jendearen artetik jasotzen ditugun kezkak eta lan egiteko gogoa ikusita, etorkizunean ere Alde Zaharraren alde egiteko indarra eta potentziala begi bistakoa da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!