Herritarrek ekarpenak edota iradokizunak egiteko aukera dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 7a, 13:30

Alde Zaharreko bizilagunei aparkalekuen alternatiba aurkeztu ondoren, proposamenak eta iradokizunak egiteko aukera zabaldu du udalak. Halaber, herritarren eskura jarri du aparkalekuen inguruan egindako azterketa.

Tolosako Udalak Zumarditxikiko aparkalekurako alternatiba lantzeko, lehenik eta behin epe motz, ertain eta luzera begirako aukerak aztertu zituen. Epe ertain eta luzerako aukeren gainean lanean jarraitzen du Udalak.

Epe motzerako aukera bakarra lurrazpiko aparkalekuak erabiltzea zela ikusita, Tolosako aparkalekuaren eta bereziki Zumarditxikiko eta lurrazpiko aparkalekuen azterketa sakona egin du Udalak LEBER enpresaren laguntzarekin.

Azterketa horren ondorio nagusiak kontuan hartuta, (Zumarditxikiko erabiltzaile gehienak Alde Zaharreko bizilagunak direla eta lurrazpiko aparkalekuetan erabilgarri dauden aparkaleku plaza nahikoa badela) Alde Zaharreko bizilagunei (Alde Zaharra, Euskal Herria plaza eta  Santa Klara kalea) zuzendutako aparkalekuaren alternatiba diseinatu du Udalak.

Zumarditxikiko 100 aparkalekuak Alondegia eta Lapurdiko lurrazpiko aparkalekuetan eskainiko dira. Beraz, bizilagunek bertan aparkatzeko aukera izango dute eta horretarako udalak diru laguntza emango die.

Alde Zaharreko bizilagunek bi bonu modalitate izango dituzte aukeran ibilgailua Alondegian edo Lapurdin aparkatzeko: gaueko modalitatea (55€) eta egun osokoa (115€). Udalak bonuen kostuaren %50a ordaintzeko diru laguntza emango die Alde Zaharreko bizilagunei, hau da, hileko kostuaren erdia ordainduko du.

Diru laguntza hau jasotzeko ezinbestekoa izango da Alde Zaharrean, Euskal Herria plaza inguruan edota Santa Klara kalean erroldatuta egotea eta aparkaleku pribaturik jabetzan ez izatea. Diru laguntza emateko bizikidetza unitatea kontuan hartuko dute.

Diru laguntza ordenantza berria garatzeko prozesua abiatu du udalak. Lanketa prozesua abiatu denez, denbora honetan, bizilagunek proposamenak egiteko aukera izango dute.

Iradokizunak egiteko aukera:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!