Zumarditxikia eraberritzeko proiektua aurkeztu du Tolosako Udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko abe. 1a, 16:59

Naparzubitik Dama Berderainoko eremu osoa hartzen du eta Santa Klara kalea guztiz eraberrituko da. «Garai bateko izaera eta erabilera soziala gaur egungo parametroei begira berreskuratuko duen lana da», adierazi dute.

Zumarditxikia berreskuratzeko proiektua tolosarrei bilera ireki batean aurkeztu ondoren, gaur, udal gobernuak publiko egin du proiektua. Aurkeztutako proiektuak aurreko legealdian du abiapuntua. 2018an ekin zion Tolosako Udalak Zumarditxikia berreskuratzeko aurre lanketari. 2015-2019 legealdian, aurreproiektua landu zen eta partaidetza prozesua egin zen herritarrekin, eremuak bete beharreko baldintzak eta helburuak zehazteko. «Legealdi honetan, berriz, proiektua garatu dugu, aurrez herritarrekin zehaztutako baldintza eta helburuak oinarri hartuta, tolosarrekin elkarlanean, beraien iritziak eta ekarpenak proiektuan barnebiltzeko», esan du Olatz Peon Tolosako alkateak.

Honakoak dira tolosarrekin zehaztu ziren eremuak bete beharreko helburu eta baldintzak:

  • Eremua irisgarria izatea, irisgarritasun unibertsala bermatuz.

  • Tolosar guztien erabilerarako espazioa izatea, parke erabilera izango duena, ibaira begira, ibaira jaisteko aukerarekin.

  • Azpi-erabilera ezberdinak ahalbideratuko dituen eremua.

  • Ingurumena errespetatuko duen gunea. 

Udal gobernuko kideek adierazi dutenez, teknikoki landu den proiektuak kontuan hartu ditu, baita ere, indarrean dagoen Mugikortasun Plana, Oria ibaiaren Udal Ekintza Plana, Ingurumen irizpide eta legediak, genero ikuspegia eta uholde arriskuak.

Santa Klara kalea

Egoitz Sorozabal Lurralde arloko zinegotzi arduradunak azpimarratu du proiektua lantzean «garrantzia handia» eman zaiola historiari, garai batean Zumarditxikiak izandako erabilerari; horrez gain, herritarrekin adostutako helburu eta baldintzak «abiapuntu» izan dituela nabarmendu du. 

Proiektuak Naparzubitik Dama Berderainoko eremu osoa hartzen du; zubi batetik besterako eremua proiektuan integratzeko beharra partaidetza prozesuan adierazi zen. Herritarrek ez zuten Dama Berdea bere horretan utzi nahi eta eremua berreskuratu egingo dute, Dama Berdearen esentzia mantenduz, espazio hobetuta. Santa Klara kalea ere osotasunean eraberrituko dute, bidegorri berria kokatuko dute bertan eta espaloiak zabaldu egingo dituzte, eremu osoa seguruagoa eta irisgarriagoa egiteko.

Zumarditxikiari dagokionez, oinezkoen ardatz berria sortuko dute oinezkoentzako pasealeku irisgarriarekin. Parkean ere bide alternatiboak egongo dira eta erabilera anitzeko espazioak aurreikusten dituzte parkean: egoteko eremuak, berdeguneak, itzalguneak, ibaira begirako terraza, besteak beste, eta kota desberdintasuna gainditzeko harmailak eta begetazioa duten eremuak uztartuko dira. «Esanguratsua da harmailen zergatia, harmailak jarriko baitira ibaira begira, ibaiarekin harremana handitzeko, balioa eman nahi zaiolako Oria ibaiaren ertzari, beraz, ibaira hurbilduko gaituen parkea izango da, ibaira jaisteko aukera emango diguna erdialdean, eskaileren bidez. Ibaiari bizkarra ematetik ibaira begira jartzera igaroko gara», azaldu du Sorozabalek. 

Hiri-altzarien kasuan, egurrezko eta harrizko eserlekuak jarriko dituzte, argiztapena energia kontsumo baxukoa izango da, eta askotariko argiteria jarriko dute: ibaitik gertuen dagoen eremuan altuera baxuko argiak eta parkearen goiko aldean farolak. Ureztatzeko sistemak ere jarriko dituzte landaredia zaintzeko. Iturriak, bizikleta aparkaleku berriak eta komun publikoa ere izango du parkeak.

Biodibertsitatea

Proiektua zehaztu aurretik, bertako zuhaitzen azterketa sakona egin du udalak. Antzinako zuhaitz asko galdu egin dira eremuak azken hamarkada luzetan izandako erabileragatik eta zuhaitzen arteko distantzia ezagatik; gaur egun, 69 zuhaitz daude; zaharrena, 1930ekoa da. «Oro har, egoera txarrean daude, hazteko aukerarik izan ez dutelako, eta kalteak eta arazoak izan dituztelako sustraietan eta adarretan; egin izan diren asfaltatze lanetan, gainera, ez dira kontuan izan. Gauzak horrela, segurtasun arrazoiak medio, 69 zuhaitz horietatik soilik 5 mantendu daitezkeela ondorioztatu du egindako azterketak», esan du Sorozabalek. 

Ibaiertzari lotutako landaredia jarriko dute eta eremu horretarako egokiak diren zuhaitz berriak kokatuko dituzte parkean, zuhaitzak hazteko beharrezkoa den espazioa bermatuz. «Hala ere, eremuko lanekin hastean aztertuko da berriro ere zuhaitzak mantentzeko aukera. Udalak ahal diren zuhaitz guztiak mantentzearen alde egingo du lan», gaineratu du zinegotziak.

Askotariko erabilerarako

Zumarditxikia garai bateko zein egungo erabilera puntualari lotutako eremua dela esan du Xarles Iturbe Herritarren arloko zinegotzi arduradunak. «Tolosarren iruditerian daude garai bateko dantzaldiak, euskal jaiak eta estropadak; baita azken urteetan bertan ospatu diren Mikologika, Kultura Plazara edota Haragi. Zumarditxikiaren izaera eta balioa, hein batean, erabilerari lotuta daudelako», azpimarratu du. 

Egungo Zumarditxikiak egungo errealitateari, hala nola, ohiturei eta herri dinamikei, erantzun behar diola gaineratu du Iturbek. «Erreferentziazko eremua bilakatu behar dugu berriro. Tolosar guztientzako eremua izatea nahi dugu, aisialdiari eta ibaiari lotutako parke sozial eta ludikoa. Espazio hau berreskuratzean, mila aukera eskainiko dizkio herriari, egunerokotasunari edota ekintza berezien ospakizunari lotuta: kontzertuak, azoka bereziak, ibaiari lotutako kirol probak... Lasai egoteko, irakurtzeko eta haurrak jolasean ibiltzeko eremuak izango ditu, berdegune eta itzalguneak ere izango ditu, baita ibaira jaisteko eta bainatzeko aukera ere», azaldu du.

Zumarditxikia «belaunaldi ezberdinen arteko elkargunea» izatea nahi du udal gobernuak, «Asteburuetan, astegunetan, udan zein neguan, urteko 365 egunetan. Espazio anitza izango da, parke bat, tolosar guztiei irekia, itxura modernoagoa izango duen arren, betiko esentziari, erabilerari eta izaerari eutsiko diona, baina XXI. mendera egokituta», azpimarratu du Iturbek.

2024rako amaituta

Gaur aurkeztutako proiektuak datozen hilabeteetan izango duen prozesuari buruz galdetuta, alkateak esan du, lehenik eta behin, aparkalekuen arazoari irtenbidea eman behar diotela. Aparkalekuentzako alternatibak aurkeztu zizkien udal gobernuak Alde Zaharreko bizilagunei. «Orain, beraien iritziak eta kezkak jaso eta aztertzeko garaia da».

Ondoren, aparkalekuen ordenantza abiatuko du udalak, eta segidan lizitaziora aterako du Zumarditxikiko proiektua. «Hori datorren urte hasieran izatea nahiko genuke, eta obrak, berriz, legealdia amaitu aurretik hastea aurreikusten dugu. Ondo bidean, 2024an itxura berria izango luke Zumarditxikiak».

«Proiekturik onena»

Peonek azpimarratu du Zumarditxikia berreskuratzeko proiektua udal gobernuak egindako «apustu ausarta» dela, «orain artean inork egin ez duena». Udal gobernuarentzat «balio berezia» duen eremua dela gaineratu du: «Balio historikoa du, erabilera sozialari lotuta; 1970. urtean erabilera hori galdu zuen espazioak, aparkaleku erabilera ematean. Gobernu honek Zumarditxikia herritarren eskura jarri nahi du, garai batean zuen erabilera soziala eta izaera soziala berreskuratzeko. Zumarditxikia balioan jarri nahi dugu, tolosar guztien erabilerarako parkea izan dadin aurrerantzean».

Sestra ingeniaritza eta arkitektura enpresak egin du lanketa. Alkateak esan du legealdi honetako «proiektu estrategikoetako bat» izan dela. «Lan fina eta mardula egin du proiektua garatu duen enpresak», gaineratu du.

Peonek adierazi du udal gobernu honek eutsi egiten diola Zumarditxikia berreskuratzeko konpromisoari. «Bizilagunekin aparkalekuaren gaia lantzen jarraituko dugu eta lanean jarraituko dugu Zumarditxikia berreskuratzeko, herritarren eskura jartzeko, pausoz pauso. Uste dut herriari eskaini diezaiokegun proiekturik onena dugula esku artean, bai mugikortasun ikuspegitik, baita ingurumenaren, biodibertsitatearen, generoaren, irisgarritasunaren eta erabileraren ikuspegitik ere. Herriko eguneroko jardunean integratuta egongo den gunea izatea nahi dugu, erabilerari lotuta, horretan baitu Zumarditxikiak bere baliorik handiena, erabileran eta kokapenean».

Udal webgunean atal berezia sortu dute proiektuaren inguruko informazioarekin eta irudiekin, tolosarrek proiektua ezagutzeko aukera izan dezaten.

Horrez gain, proiektuari lotutako hainbat dokumentu ere aurki daitezke udalaren webgunean:

Argazkiak: Tolosako Udala.

Erlazionatuak

Espazioaren egitura berriarekin kezkatuta

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 abe 01 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!