ELKARRIZKETA

«Ez da batere ohikoa nire adinean horrelako aztarnategi bateko zuzendari izatea»

Aitor Arroyo Askarai 2022ko abe. 25a, 07:59
Mattin Aiestaran Aranzadiko laborategian, alboan Irulegiko eskuaren irudiarekin. A. ARROYO

Irulegiko aztarnategiko zuzendaria 2017tik, Magisteritza eta Historia ikasketak egin zituen EHUn. Haurra zenetik gustatu zaizkio kontu zaharrak Mattin Aiestaran de la Sotilla (Tolosa, 1991) arkeologoari. Gozogilea ere izana da; lehen, orain baino gehiago. Gaur egun Aranzadi Zientzia Elkarteko kide da, eta doktore-tesia prestatzen ari da. Aranzadi topatu izana mugarritzat du, eta ez lan-arloan bakarrik, kontatu du «mundu oso bat» erakutsi diola zientzia-elkarteak.

Ikasketaz, irakasle eta historialari; ofizioz, gozogile?

Lanbidez ez naiz inoiz irakaslea izan [Barrez]. Tokatu izan zait klaseak emateko aukera unibertsitatean, doktoretza egiten ari naizen marko horretan, eta, egia esan, atsegina da: beti daude ikasleak interesatuta, zalantza ezberdinekin… Esperientzia polita da. Baina, batez ere, ikerkuntzara dedikatzen naiz momentu honetan. Txokolategiarekin, berriz, momentu batean baldin banintzen profesionalki gozogilea, eta, aisialdian, arkeologoa; dagoeneko badira urte batzuk beste aldera dela: profesionalki arkeologoa naiz, ikertzailea, kasu honetan, EHUko laguntza bati esker; eta etxean, baserri bat duenak bezala, batzuetan tokatzen da txokolategian laguntzea.

Zerk bultzatu zintuen Historia ikastera?

EHUn lehenik Magisteritza egin nuen, eta historiari lotutako hautazkoak hartu nituen; bada, hainbeste gustatu zitzaizkidan, gero Historiako gradua egitea erabaki nuela. Lehen urteko udan Aranzadiko auzolandegietan izena eman nuen, eta hortik hasita, garai eta toki ezberdinetako aztarnategietan izan naiz: 36ko gerrako lubakietan, Erdi Aroko gazteluetan, mendiko trikuharrietan… Horixe egitea aholkatuko nieke arkeologian dabiltzan ikasleei: probatu dezatela landa-lana, eta, batez ere, probatu ditzatela garai ezberdin bakoitzeko metodologiak; oso aberasgarria da arkeologia bere aniztasun guztian ezagutzeko.


Mattin Aiestaran eskuinean, alboan Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendariarekin. AITOR ARROYO


Alde handia dago aztarnategi batetik bestera?

Bai, eta ikerketa-taldearen arabera ere aldatzen da. Aranzadiren barruan talde ezberdinekin egin dut lan, baita EHUn ere, eta, orokorrean, beti izan dira esperientzia positiboak. Badaude aztarnategi batzuk gehiago ukitzen zaituztenak, nire kasuan, bat izan daiteke Amaiur, eta beste bat, noski, Irulegi.

 

«Badaude aztarnategi batzuk gehiago ukitzen zaituztenak, nire kasuan, bat izan daiteke Amaiur, eta beste bat, noski, Irulegi»



Ez da erraza aztarnategi bateko zuzendari izatera iristea. Zu, berriz, Irulegiko zuzendaria zara 2017tik. Nola gertatu zen hori?

Ba hemen dagoen gizon honi esker [parean du Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko zuzendaria; keinu egiten dio barre txikiarekin]. Bera aitzindari nagusia da Aranzadiko arkeologia historikoko belaunaldi-transmisioan. Beti eduki du nahia belaunaldi gazteei bultzada emateko, eta ikusi zuen bazirela hori egiteko aukerak aztarnategi garrantzitsu askorekin. Ez da berehalakoan gertatu. Auzolandegietan pixkanaka ardurak hartzen joan da nire belaunaldia, eta gero eta ardura gehiago hartzen gindoazen heinean, aparteko aukera hori ere eman digute. Ez da batere ohikoa nire adinean horrelako aztarnategi bateko zuzendari izatea.

 

«Auzolandegietan gero eta ardura gehiago hartzen gindoazen heinean, zuzendari izateko aukera ere eman digute»



Baina ez zara bakarrik aritzen, ezta?

Noski, gazteagoak izanik, ez daukagu katedratiko batek duen esperientzia, eta, beraz, beharrezkoa da ikerketa-talde batekin joatea. Are gehiago, beharrezkoa da ikerketa-talde hori sendoa izatea, baita Aranzaditik kanpo ere; unibertsitateko irakasleak ere izaten ditugu lantaldean. Helburua da gazteak garelako izan genitzakeen gabezia batzuk talde-lanarekin osatzea. Baditugu bertute batzuk, agian, nagusiagoak direnek ez dituztenak, esaterako, zailtasun fisikoak izan ditzakete landa-lanerako; ez da gure kasua. Bai, ordea, beharrezko ditugula haien begiak eta jakintza.

Horrek eskatzen zuen, Aranzadiko ikerlari baten baino gehiagoren kasuan, aztarnategiaren zuzendaritza egitea doktoretza-tesi baten barruan, epe ertaineko ikerketa bat aurkeztuta, eta ikerlari-sare horrekin; eta, jakina, gure tutoreen laguntzarekin eta berme zientifiko guztiekin.


Irulegiko herrixkaren indusketa. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA


Zu zeu doktore tesiarekin ari zara orain, eta zuzendari dituzu Joxean Mujika irakaslea eta Jesus Sesma Nafarroako Gobernuko arkeologoa. Nondik bideratu duzu lana?

Nahiko konplexua izan da. Doktoretza zerbait bizia da, eta baita ikerketa ere. Hasieran lau urte dituzu eta abiapuntu asko, baina egin ahala ikusiko duzu benetan zein forma hartzen joango den. Nire kasuan, hasieran planteatu genuen estrategia egokia izan zitekeela Irulegin eta Nafarroako beste toki batzuetan pixka bat sartzea eta haien artean konparatzea. Baina berehala ohartu ginen Irulegik bakarrik ematen zuela aski eta sobera informazio; berak erantzungo dizkigula ditugun galdera asko eta asko. Orduan, Irulegin zentratu ginen batez ere, eta gero berretsi egin da uste hori.

Atera da elementu bat espero ez genuena [Irulegiko eskua], zeinak hitz egiten digun alderdi materiagabe batzuez. Horiek oso zailak dira hautematen: beraien hizkuntza, sinesmenak… Oso zaila da kontu horietara hurbilpen arkeologiko bat egitea. Oraindik geratzen zaizkit urte bat eta hilabete batzuk, eta nork daki, baina, hasiera batean, eskuarena izango bazen oso gainetik aipatuko nuen zerbait, orain, tesiko kapitulu potolo bihurtu da.

 

«Hasieran, eskuarena izango bazen oso gainetik aipatuko nuen zerbait, orain, tesiko kapitulu potolo bihurtu da»



Cambridge unibertsitateko 'Antiquity' aldizkarira bidali duzue aurkikuntzari buruzko artikulua, eta lortu du editorearen oniritzia. Zer dator orain?

Orain zuzentzaileen zain gaude. Honakoa da prozesua: lehenik editoreak onartu behar du, eta gero, bi zuzentzaile anonimori pasatzen diete testua; haiek ere ez dakite nork idatzi duen. Guk bidalitako artikuluak jaso zuen lehenengo oniritzia, eta orain zuzentze-prozesuan dago. Editoreak aipatu digunaren arabera, oso balorazio positiboa izaten ari da momentuz.


Aiestaran Euken Alonso ingeniari eta Aranzadiko topografoarekin hizketan, Irulegiko eskuaren 3D modeloa aurrean dutela. A.A.


Argitaratze-prozesuak bost edo sei hilabete irauten ditu; eta hori, azkar doanean. Beraz, pazientzia pixka bat gehiago eskatuko digu [irailaren 11n bidali zuten]. Argitaratzen badute pozgarria izango da, nazioarteko zientziaren esparruan onarpen bat delako guretzat; hau da, egindako lana aitortzea.

Parte hartu zenuen Irulegiko eskua deszifratzen? Nolako esperientzia izan zen?

Parte hartu baino gehiago, hor egon nintzen [Barrez]. Aztarnategiko zuzendari bezala joan nintzen Leire Malkorrak nire indusketa batean atera zuelako pieza, eta, noski, estrategia guztia defendatzeko garaian-eta, bertan egon behar nintzelako. Baina adituak izan ziren irakurri zutenak. Momentuaz oso ondo gogoratzen naiz eta sekulakoa izan zen.

Irulegiko brontzezko eskua garbiketan. CARMEN USUA

«Momentuaz oso ondo gogoratzen naiz eta sekulakoa izan zen»

Irulegiko eskua aztarnategian. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA



Aurreikusten al duzue antzeko aztarna gehiago topatzea?

Ba begira, Irulegiko herrixkak baditu hektarea dezente. Momentuz, lau urteko ibilbide bat egingo dugu, eta hurbilpen txiki bat besterik ez da. Hain justu nire tesia hori izango da: aztarnategira lehendabiziko hurbilpen bat. Horren ondotik, aztarnategia erakusten hasi zaigun potentzialtasun guztiarekin, noski, aukerak daude aztarna gehiago agertzeko, eta guk ere itxaropen hori badugu.

 

«Aztarnategia erakusten hasi zaigun potentzialtasunarekin, aukerak daude aztarna gehiago agertzeko eta guk ere itxaropen hori badugu»

Irulegiko herrixkaren indusketa. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

Erlazionatuak

Lurraren iragan-fruituak

Aitor Arroyo Askarai 2022 abe 25 Tolosaldea

Tolosaldea, baskoien lurraldea?

Aitor Arroyo Askarai 2022 abe 25 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!