ERREPORTAJEA

Tolosaldea, baskoien lurraldea?

Aitor Arroyo Askarai 2022ko abenduaren 25a

Basagain Burdin Aroko herrixkan indusketak. JON MIRANDA

Tolosaldean ere badira Burdin Aroko herrixka gotortuen aztarnak, hain zuzen, Basagain, Anoetan eta Iruntxur edo Intxur, Albizturren eta Tolosaren arteko mugan. Aiestaranek kontatu duenez, aldi berean existitu ziren Basagain eta Irulegi; Iruntxur, ordea, pixka bat lehenagokoa ei da. 

Itzal handiko arkeologoek aztertu dituzte eskualdeko aztarnategiak, besteak beste, Jose Migel Barandiaran antropologoa hasi zen Iruntxurren indusketa arkeologikoak egiten, gerora Juantxo Agirre Mauleon aritu zen bertan, eta Xabier Peñalverrek ere ikertu du; gaur egun, Basagaingo aztarnategiko zuzendaria da Peñalver.

Juantxo Agirre: "Basagainen topatu duten pieza ikonografiko bakarra baskoien zilarrezko txanpon bat. Tolosaldea baskoien lurraldea al da?"

 

Ez dago garbi zein ziren baskoien lurraldearen mugak. Bidasoa eskualdea onartzen da haien eremutzat (gaur egungo Oiartzuneraino), baina hortik harago, adituek ez dakite zehazki zein zen muga barduliarren eta baskoien artean. Aranzadiko bulegoan, Agirrek bota dio galdera Aiestarani: «Basagainen topatu duten pieza ikonografiko bakarra baskoien zilarrezko txanpon bat. Tolosaldea baskoien lurraldea al da? Noraino iristen zen haien lurraldea?».

 

Mattin Aiestaran: «Ez nuke eskurik jokatuko esaten Basagainen zeudenak baskoiak ala barduliarrak ziren»



Aiestaranek zehaztu du bi garaitako bi elementu mota topatu dituztela Basagainen: bata, nafar-akitaniar fibulak [jantziei eusteko erabiltzen zen orratz antzeko zerbait], zeinak erromatar garaiarekin lotzen diren; eta, bestea, baskoien zilarrezko txanponak. Tolosaldea baskoien lurraldea ote zen? Aiestaranek zalantza egiten du: «Ez nuke eskurik jokatuko esaten Basagainen zeudenak baskoiak ala barduliarrak ziren. Gipuzkoan zehazki ez dakigu non zegoen haien arteko muga, eta aztarna horiek erakusten digute muga marraztearen zailtasuna».

Dena dela, nabarmendu du mendebaldeko Pirinioetako herri horien kultura «nahiko berdintsua» irudikatzen dutela, batik bat garai berean existitu zirelako, bizimodu berdintsua izango zutelako eta elkarren ondoan zeudelako. Kontrara, ziur dago ezberdinak zirela beste herri batzuekiko: «Garbi ikusten da ezberdinak zirela Soriako herrixka zeltiberiarretatik, Ebro arroan agertu diren hirietatik eta baita Kantabria inguruko herrixketatik ere. Hortik aurrera oso zaila da muga zehatzak marraztea. Ea datozen lanek pixka bat argitzen duten».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!