ERREPORTAJEA

Lurraren iragan-fruituak

Aitor Arroyo Askarai 2022ko abe. 25a, 07:58
Irulegi aztarnategia, atzean herrixka eta aurrean gaztelua. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

Irulegiko eskua 2021eko ekainaren 18an topatu zuten, eta 2022ko urtarrilaren 18ra arte ez zuten jakin piezak idazkunik zuenik; Nafarroako Gobernuko Carmen Usua zaharberritzaileak atzeman zituen letra batzuk eskuan idatzita. Aztarnategietako landa-lanak bi modalitate orokor ditu: batetik, urgentziazko lanak edo esku-hartze azkarrak; eta, bestetik, ikerketarako esku-hartzeak.

Irulegiko aztarnategia ikerketa-eskuhartzea da, eta lan egiteko moduaz hitz egin du Aiestaranek: «Landa-lana gehienbat udan egiten dugu, eguraldi onarekin eta ondo planifikatuta. Material guztia, berriz, gainerako hilabeteetan lantzen da: txostenak, inbentarioa, artikuluak… Udako interbentziotik ateratzen dena urtean zehar digeritzen da».

 

"Udako interbentziotik ateratzen dena urtean zehar digeritzen da"



Nork egiten du, ordea, lan hori? Batetik, jakina, arkeologoek; haiek arduratzen dira arkeologia-lanak egiteaz, hots, piezen erregistroaz, txostenez, artikuluez… Eta, bestetik, auzolandegietako boluntarioek. Gehienak bailarako eta unibertsitateko ikasleak izaten dira, zeinak auzolanean egiten duten lan; zenbait kasutan nazioarteko ikasleek ere hartu dute parte: «Beti historiari eta arkeologiari lotutako ikasleak izaten dira, eta formakuntza eskaintzen diegu».

Zorioneko aztarnategia

Irulegin lan egiteko «jende parrasta batek» ematen du izena, eta azaldu dutenez, irizpideak dituzte lantaldea osatzeko, besteak beste, bertakoa izatea, ikasketa-arloa eta lan-esperientzia. Aiestaranek gehitu du behin parte hartu dutenek errepikatu egiten dutela, eta hori «sari handia» dela: «Errepikatzeak esan nahi du gustura etortzen direla, eta asko ikasten dutela. Badira bospasei kanpainaz lanean aritu direnak».

«Sartzen dugun ordu bakoitzak bere fruitua ematen du aztarna arkeologikotan», aztarnategi pribilegiatutzat du Aiestaranek Irulegi, eta Leire Malkorrak aurkitutako eskuaz gain, «pieza dezente» topatu dituzte. Horiek, baina, ez dituzte argitaratu oraindik: «Gainerako guztiak Cordovillan [arkeologia-biltegian] daude. Zenbaitzuk aurkeztu baditugu ere, adibidez, haur jaio berria edo zenbait zeramika-ontzi; guztiak egoki argitaratzeko unea iritsiko da hemendik ez askora». Eskuaren kasuan, berriz, «isilpean» eduki dute urtebetez, baina «duen garrantziagatik» erakutsi dute.

 

"Sartzen dugun ordu bakoitzak bere fruitua ematen du aztarna arkeologikotan"



Ondare-lapurrak

Euskal Herrian araututa dago metal-detektagailuen erabilera: proiektu arkeologikoen barruan soilik erabili daitezke, eta beti dagozkien baimenekin. Alabaina, ez da beti horrela izan, eta ia aztarnategi guztiek bezala, Irulegikoak ere jasan zituen kalteak.

Arkeologoek badakite detektagailuekin jendea ibili zela Irulegin, bertako pieza batzuk Zaragozako museoan azaldu direlako. Museo horrek bilduma pribatu bat erosi zuen 80. eta 90. hamarkaden inguruan, eta bertatik hainbat pieza lortu zituen. Eskuratu zituzten objektuen artean bazen nabarmen bat, hain zuzen, brontzezko xafla txiki-txiki bat, zeina idatzita zegoen. Pieza, ordea, oso-oso puskatuta dago, eta horrek irakurtzea zailtzen badu ere, adituek ez dute baztertzen baskoiera izatea.

«Piezak ez badira behar bezala lurretik ateratzen, puskatu egin daitezke, oso hauskorrak eta zaurgarriak direlako», Aiestaranek aipatu du beste elementu batzuk ere badaudela Zaragozako museoan, baina jatorrian «Aranguren» jartzen diela: «Objektuek informazio ikaragarri eman dezakete, baina horretarako leku zehatzean agertu behar dute, arkeologoen eskuetan, erregistro batekin, ondoren, zaharberritzaileek landu…». Haren ustez, Irulegiko eskuak eta brontzezko xaflak islatzen dute gauzak «nola egin behar diren» eta «nola ez»; eta ez hori bakarrik, «ondo egindakoak» jendarte osoari egiten diola mesede, eta «gaizki egindakoak», jendarte osoari kalte.

 

"Piezak ez badira behar bezala lurretik ateratzen, puskatu egin daitezke, oso hauskorrak eta zaurgarriak direlako"



Izan ere, xaflaren gauza bera gerta zitekeen eskuarekin ere: «Eskua azaldu balitz bilduma pribatu batean, testuinguru arkeologiko gabe, fidagarritasunik gabe, jakin gabe nongoa den, jakin gabe deus… Kaltea ez dagokio ondareari bakarrik, informazioari ere kalte handia egiten diete». Aiestaranen ustean «guztion ondarea lapurtzen dute» detektagailuekin, eta horren larritasunaz jabetzeko dei egin du.

Aranguren, mezenas

Aranzadi 2007an hasi zen lanean Irulegin Aranguren bailarako udalak eskatuta. Hain zuzen, udal horrek hasietarik lagundu du diruz ikerketa, eta baita Nafarroako Gobernuak ere, azken lau urteetan. Lehen hamar urteetan gazteluan aritu ziren, eta 2017an jaitsi ziren herrixkara; urte horretan hartu zuen aztarnategiaren zuzendaritza Mattin Aiestaranek. Gazteluaren behealdean lehen indusketak egin eta topatu zuten gutxienez lau herrixka zeudela gainjarrita, Brontze Arotik K.a I. mendera arte.

 

«Nafarroan udal gutxi daude haien ondarearekiko horrelako apustua egin dutenak»



Ezohikoa da aztarnategi bakarrean elementu horiek guztiak topatzea, baina, Aiestaranen ustez, are ezohikoagoa da hainbeste urtez lan egin ahal izatea aztarnategi batean. Azaldu duenez, hori posible izan da Aranguren bailarako udalari esker: «Aztarnategiak eman dezake edo ez, baina lehenik aukera behar da han lan egiteko hainbeste urtez. Nafarroan udal gutxi daude haien ondarearekiko horrelako apustua egin dutenak. Aranguren horietako bat da, ez bada kasik bakarra».

Uste berekoa da Juantxo Agirre Mauleon (Tolosa, 1965) Aranzadiko zuzendaria, eta gehitu du «giza-inpaktu handia» izan duela Irulegiko eskua aurkitzeak: «Piezaren aurkikuntzaren eraginaren ostean, aurten diru laguntza handia jaso dugu Espainiako Gobernutik, aztarnategia zaintzeko eta balorean jartzeko; EH Bilduko legebiltzarkideen iniziatiba izan da». Diru laguntza, baina, Arangurengo Udalera zuzendu dute, eta harekin adostuko dituzte ekimen estrategikoak, Agirreren hitzetan, Aranzadiren filosofia baita herri txikiekin eta bertako komunitateekin lan egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!