Zumarditxikiko 100 aparkalekuak Alondegia eta Lapurdiko lur-azpiko aparkalekuetan

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 4a, 11:09
Alde Zaharreko bizilagunekin elkartu zen atzo Tolosako Udala

Bizilagunek egun osoko edo gaueko egonaldien artean aukeratu ahal izango dute eta Tolosako Udalak egonaldi horien zenbatekoaren erdia ordainduko die hilero. 

Tolosako Udalaren arabera, Zumarditxikian, gaur egun, 100 aparkaleku plaza daude. Plaza gehienak, %78, Alde Zaharreko bizilagunek erabiltzen dituzte eta, gainera,  kotxe asko ez dira mugitu ere egiten. Aparkalekuen %18 kanpotik datozen pertsonek erabiltzen dituzte, eta horiek egonaldi motzak egiten dituzte eta gainerako plazen  %4a Alde Zaharrean bizi ez diren tolosarrei dagokie. Kanpotik Tolosara izapideak egitera edota erosketak egitera datozenek badute eta izango dute non aparkatu egindako azterketaren arabera: San Estebanen, lurrazpiko aparkalekuetan edota egonaldi laburreko aparkalekuetan. 

Datu horiek kontuan hartuta, eta erabiltzaileen gehiengoa Alde Zaharreko bizilagunak direla aintzat hartuta, bertako bizilagunentzat (Alde Zaharra, Euskal Herria plaza inguruko bizilagunak eta Santa Klarako bizilagunak barne hartuta) Zumarditxikiko aparkalekuaren alternatiba diseinatu du Tolosako Udalak eta 100 plaza horien ordez,  Alondiga eta Lapurdiko lur-azpiko aparkalekuetan aparkatzeko aukera emango zaie, udalak horretarako diru laguntza emanez. 

%50eko dirulaguntza

Alde Zaharreko bizilagunek bi bonu modalitate izango dituzte aukeran ibilgailua Alondigan edo Lapurdin aparkatzeko: gaueko modalitatea eta egun osokoa. 

Bonuen kostua 55€ eta 115€koa izango da, hurrenez-hurren, eta Tolosako Udalak kostuaren %50a ordaintzeko diru laguntza emango die hilero Alde Zaharreko bizilagunei, hau da, hileko kostuaren erdia ordainduko du. Laguntzak kontuan hartuta, eguneko modalitatea 27,5€koa izango da hilero eta egun osokoa, aldiz, 57,5€koa.  

Diru laguntza hau jasotzeko ezinbestekoa izango da Alde Zaharrean erroldatuta egotea eta aparkaleku pribaturik jabetzan ez izatea. Diru laguntza emateko bizikidetza unitatea kontuan hartuko da. Bizilagunek ez dute plaza zehatz bat izango, TAOaren funtzionamendu bera izango baitute lur-azpiko aparkalekuek. Halaber, udalak jakinarazi duenez, orain arteko berezitasun eta onura berdinez gozatzen jarraitu ahal izango dute Alde Zaharreko bizilagunek. Hau da, TAO txartela ere mantendu ahalko dute orain arteko baldintzak mantenduz. 

Diru laguntzak emateko ordenantza jada martxan du Tolosako Udalak, Zumarditxiki eraberritzeko lanak hasterako Alde Zaharreko bizilagunek bonuen eskaera egiteko aukera izan dezaten. Ordenantza udal webguneko iragarki taulan dago ikusgai eta behin-betikoz onartzen denean zabalduko du udalak diru laguntzen deialdia. 

Deialdia zabaltzearekin batera azalduko dira eskaerak egiteko bideen, aurkeztu beharreko dokumentazioaren edota ordainketen inguruko xehetasunak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!