Espazioaren egitura berriarekin kezkatuta

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko abenduaren 1a

Tolosako Udalak atzo aurkeztu zien Zumarditxikiko proiektua herritarrei; 30 lagun inguru elkartu ziren udaletxeko batzar aretoan, eta era guztietako iritziak entzun ziren.

Atzo egindako aurkezpenean, herritarrengandik esperotako feedback-a jaso zuela adierazi du Olatz Peon alkateak, gaur eguerdian udal gobernuak egin duen aurkezpenean. «Garrantzitsua da horrelakoetan kezkak azaleratu eta mahai gainean jartzea, eta hori lortu genuen». Hala ere, zalantza batzuk ere sortu zaizkio. «Proiektuari buruz iritziak adierazten hasi gara, proiektua bera aurrez ezagutu gabe ere. Badago interes bat, logikoa, eremua ez delako nolanahikoa». Halaber, proposamenak egiteko, 2018an herritarrentzat prozesu parte hartzaile bat abiatu zutela esan du, eta beraz, nabarmendu du orain ez dela aldaketak egiten hasteko garaia.

Alkateak esan duenez, «oso zaila» zen eremuak bete beharreko legezko baldintza guztiak betetzea. «Baina proiektu honek oso ondo erantzuten die baldintza horiei guztiei. Ekarpen guztiak kontuan izan ditugu, eta orain herriak ilusio handiarekin hartu beharreko proiektua dela iruditzen zait».

Espazioak izango duen egitura berriaren inguruan eta azken urteetan bertan burutu diren ekitaldiak aurrerantzean egin ahal izango diren kezkatuta azaldu ziren herritar batzuk. Mailakatutako espazioa izatea eta kota ezberdinetan banatuta egotea ez dute begi onez ikusten. «Dagoen espazio horretara moldatu beharko dira ekitaldiak, eta moldatu ezin direnak beste eremu batzuetan egin beharko dira. Gainera, ziur nago, ekitaldi eta dinamika berriak sortuko direla espazio horretan», erantzun du Peonek gaur eguerdian udalak egin duen aurkezpenean. «Ez du oraingo eremuak duen lautada bera edukiko, baina espazioa ez da galduko. Estutu egingo da, baina beste era batera egongo da erabilgarri. Horrela, aberasgarriagoa izango da», gehitu du udaletxeko arkitektoak.

Bestetik, Alde Zaharrari gehiago erreparatzeko eskatu zioten udal gobernuari bertako zenbait bizilagunek. Alde Zaharrak «zaharberritze bat» behar duela adierazi zuen batek, «zentzu guztietan». Beste batek Alde Zaharrean duten «berdegune falta» aipatu zion alkateari: «Pizkundea plaza da eremu bakarra eta beldurra ematen du bertan sartzeak, txakur kaken aferagatik».

Espazioa bere horretan mantentzearen alde ere azaldu zen herritar bat, eremu horrek izan behar duen babes historiko, kultural eta artistikoagatik. «Ez da gauza bere leheneratzea eta zaharberritzea», esan zuen.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!