Garaipen elkartetik, praktika feministatik eta lesbianismotik eraiki du bere posizio politikoa, eta posizio horretatik hitz egin zuen Topic-eko saioan. Aurora Iturriozek aktibismoarekin uztartzen du zerbitzu sozialetako lana, eta dio bertan ez direla pertsonak existitzen: pertsonak testuinguru batean kokatzen direla, eta testuinguru horrek botere-harremanak sortzen dituela. Bide horretan, «ezin da hitz egin prostituzioaz testuinguruz kanpo».
Aurora Iturrioz: «Praktika feministak ezkontza eta bikote heterosexualak eraldatu dituzten modu berean heldu behar zaio prostituzioari; emakumeen bizitzak hobetzeko»
1970eko hamarkadan teorizatutako sexu-genero sistemari, sexua kultur kategoria dela baieztatzen duenari, sexualitatea gehitzeko beharra nabarmendu zuen Iturriozek: «Finean, hortik sortzen da heterosexualitatea, eta horrek ekarri du emakume eta gizonentzako eduki desberdinak sortzea».
Zerbait bitan zatitzen bada, bat boterearen jabe egiten dela eta besteak botere hori jasan behar duela uste baitu Iturriozek: «Helburu argi hori du zerbait bitan zatitzeak, eta zatiketa horrek ekarri du emakumeek gizonei, etengabe, behin eta berriro, pribilegio ekonomikoak, sinbolikoak, kulturalak, politikoak nahiz sexualak transferitzea».
Adibide bat eskaini zuen aipaturiko pribilegioen transferentzia hori argitzeko: «2018ko datuen arabera, emakume pobreenek 890 euroko soldata izan zuten urtean; gizonezko pobreenek, berriz, 10.676 eurokoa. Datu horrek hezurmamitzen du emakumeek jasan behar izaten duten botere-sistema guztia». Eta sistema horrek, ondorioz, klasea markatzen eta zehazten duela baieztatu zuen, baina ez hori bakarrik: «Generoaz janzten eta moldatzen dira gorputzak, lanbideak, koloreak… dena».
Familia ere indarkeriaren instituzio
Egitura horren barruan kokatu zuen sexu biolentzia, eta «patriarkatuaren polizia» deitu zion: «Nor bere tokian egotea bermatzen baitu biolentzia horrek». Modu horretan, fokua jarri zion familiari, eta sexu indarkeria ia beti inguru horretan gertatzen dela azpimarratu: «Emakumeen %71k bikotearen eta bikote ohiaren aldetik jasaten dute biolentzia; indarkeria hori gauzatzen duena bikotez kanpokoa denetan ere, kasuen %82tan oso pertsona ezagunak izaten dira. Eta, zer esanik ez haurren kasuan: 5 haurretik 1ek sexu indarkeria jasaten du, eta ia kasu guztietan familiako edo gertuko pertsonen eskutik. Izugarrikeria bat da».
Datu bidezko argazki hori baliatuta, Aurora Iturriozek behin baino gehiagotan jarri zuen zalantzan familiaren instituzioa bera, antolamendu horiek baitira, bere ustez, herritarrei biolentziarekin sozializatzen irakasten dietenak: «Emakumeok beldurrez eta biolentzia hori jasan behar izatea aukera bat dela jakinda sozializatzen gara; gizonezkoak, berriz, indarkeria hori gauzatzeko boterea dutela jakinda».
Sistema heteropatriarkala arazoaren muinean dagoela uste du Iturriozek, eta hortik dator familia eta bikote heterosexuala abolitzearen aukera mahai gainean jarri izana: «Heterosexualok fikzio kultural eta soziala zarete, eta heterosexual izate horrek markatzen dizue nola komunikatzen zareten, nola disolbatzen zareten maitasunean, nola zaintzen duzuen ingurua musu-truk…».
Jatorri berera jo zuen heteropatriarkatuak emakume zein gizonen bizkar gainean jartzen dituen estigmak hizpidera ekartzeko ere: «Gizonezkoen sozializatze-moduak arautzeko marikoiaren estigma sortzen den modu berean, emakumezkook putaren estigma hartzen dugu».
Bizitzeko tresna batzuentzat
«Posible al da prostituzioa baleko tresna bat izatea, egoera jakin batzuetan dauden emakumeentzat? Bai. Batzuentzat bizirauteko modu bat da». Bide horretan, gizarteak sarri prostituzioan ari diren emakumeak infantilizatzeko joera duela iritzi du Iturriozek eta, hori egin beharrean, ondo bizitzeko aukerak eman behar zaizkiela: aukera-baldintza zabalagoak eskaintzen dizkien legeak behar dituztela.
Eztabaida historiko hau nolabait argitzera joz, begirada intersekzionalaren ezinbestekotasuna aldarrikatu zuen Aurora Iturriozek: «Prostituzioarekin ezin da ezer egin eta lortu, baldin eta atzerritar legea ukitzen ez bada. Zaurgarritasun egoeran dauden emakumeak are gehiago mugatuko ditugu».
Eta muga horietan harrapatuta ikusten ditu gaur egun prostituzioaren kontra Espainian indarrean dauden ordenantzak eta neurriak ere: «Ez dago eztabaida kolektiborik, jazarpena dago, erru osoa emakumeei egozten zaie…». Herrialde nordikoetan prostituzioaren jarduna debekatu eta gero gertatu denarekin alderatu zuen egoera hori: «Azpisare bat sortu da eta langileak egoera are zaurgarriagoan daude».
Maila sinbolikoa vs. praktikoa
Abolizionismoaren defentsan ari direnei elkarguneetara jotzeko eskua ere luzatu zien Aurora Iturriozek: «Lehenetsi ditzagun zenbait neurri, emakume horiek ez birbiktimizatzeko».
Praktika feministak ezkontza eta bikote heterosexualak eraldatu dituen modu berean heldu behar zaio prostituzioari, bere arabera. «Maila sinbolikoan ados nago ahots abolizionistek diotenarekin, baina maila praktikora ekarri behar da eztabaida, eta markoak sortu emakume horien ikusgarritasuna handitzeko eta beren bizitzen hobetze material bat lortzeko. Ezin ditugu lehen ere gaizki zeuden emakumeak okerrago utziko dituzten baldintzak sortu».