Praktika historiko bat, jazarpen historiko bat eta eztabaida historiko bat; hori guztia biltzen du prostituzioaren aterkiak. Diru truke sexu harremanak izatea ez baita atzo goizeko kontua: lekukotasun historikoen arabera, k.a. XVIII. menderaino egin behar da atzera, gutxienez.
Nork ez du sekula entzun «munduko ofiziorik zaharrena» dela? Askoren ustez, esapide horrek ez du emakumeen gaineko bortxa eta jazarpena normalizatu eta ezkutatu besterik egiten; badira, ordea, jardun horretan hautu asketik eta berme batzuekin aritu daitekeela defendatzen duten ahotsak ere.
Feminismoaren laugarren olatua ere ez baita debate horretatik libratu, eta prostituzioaren inguruko iritzi-talkak jarraitzen du emakumeen gorputz eta eskubideekiko ikuspuntuen gurutzaketa bat izaten.
Mataza hori askatzen saiatu gabe, baina aferaren gaineko ezagutza eta irizpideak aberasteko asmoz, Tolosako Asanblada Feministak erdigunean jarri zuen prostituzioari buruzko eztabaida, Topic zentroko aretoan, joan den azaroaren 16an: abolizioaren alde aritu zen Amelia Tiganus (Galati, Errumania, 1984), eta despenalizazioa defendatu zuen Aurora Iturriozek (Ordizia, 1978).
«Martxoaren 8ko edo azaroaren 25eko mobilizazio eta hitzorduak antolatzeaz aparte, pentsatu genuen beste zerbait ere eskaini behar geniola feminismoari», hala azaldu du Pilar Garaialde antolatzaileetako batek. Horrela, iaz asanblada-kideen artean generoari buruz egindako lan-saio baten jarraipen irekia izan da prostituzioari buruzko hitzordua: «Pentsamendu kritikoa sustatu nahi dugu, horri dagokionez ere gero eta garai eskasagoak bizi baititugu. Ikuspegi kritiko horri bide ematearekin batera, guk geuk ere jantzi nahi genuen gaian». Eta asmatu zuten aferak jendartean duen interes-mailarekin, leporaino bete baitzen Topic-eko aretoa.
Espainian, legea aurrera
Hego Euskal Herriko agenda politikoan badu gaurkotasunik gaiak, Espainiako Kongresuak joan den ekainean onartu baitzuen PSOEren lege proposamena.
Tirabira asko sortu dituen gaia izan da, eta PPk bakarrik azaldu izan du legearen aldeko jarrera argia; horrek, dena den, ez dio PSOEri testua onesteko babes faltarik ekarri. Argi azaldu izan dute prostituzioa desagerrarazteko asmoa, eta, lege proposamena ere ardatz horretan kokatu duten arren, proxeneten jardunaren aurka egin dute batez ere, abolizionismoan erabat posizionatu gabe.
Pilar Garaialde (TAF): «Pentsamendu kritikoa sustatu nahi dugu, horri dagokionez ere gero eta garai eskasagoak bizi baititugu»
Irailean gaia berriro izan zen hizpide Kongresuan, CUPek jarritako osoko zuzenketagatik: sexu lana legeztatzeko eta jardun hori Langileen Estatutuaren Araubide Berezian txertatzeko proposamena aurkeztu zuten alternatiba moduan, baina zuzenketak ez zuen aurrera egin, eta PSOEren proposamena ari da dagokion bide parlamentarioa egiten.
Nola lege proposamenaren bozketan, hala CUPen osoko zuzenketaren bozketan, abstenitu egin ziren EAJ eta EH Bildu, eztabaidarako prest azaldu ziren arren. «Kriminalizazioaren aurka» kokatu zen EAJ, eta EH Bilduk, bide beretik, legeak prostituzioan ari diren andreak «babesgabeago eta seinalatuago» utziko lituzkeela iritzi zuen.
Korapiloren bat elkarrekin askatuko duten itxaropena
Prostituzioarekiko aktibismoan bi posizio desberdinetatik ari badira ere, Amelia Tiganusek eta Aurora Iturriozek izan zuten adostasunerako tartea, joan den asteko solasaldian.
Gorputzetik eta ahalduntzetik ari da bata; bestea, berriz, pragmatikotasunetik eta datuetatik. Amelia Tiganus eta Aurora Iturrioz nor bere posizioa azaltzera eta defendatzera bertaratu ziren, joan den astean, Topic-en antolatutako saiora, eta ia 300 pertsona izan zituzten ikus-entzule. Eztabaida bat baino gehiago, hitzaldi bikoitz bat izan zen, eta publikoko galderak erantzuteko tartea ere izan zuten hizlariek.
Gaiaren bueltako ikuspegi eta eztabaida historikoak sarri zaildu egiten du aparteko jarreren artean hurbilketaren bat ikustea. Baina, desberdintasunak desberdintasun, joan den asteko hitzorduak utzi zuen itxaropenerako zirrikitu bat, ideal feminista askoren bueltan azaleratu baitziren bi posizioen arteko elkarguneak.
Batetik, biek ala biek intersekzionalitatearen prismatik begiratu zioten gaiari, eta agerian utzi nahi izan zuten sexu indarkeria eta, zehazki, prostituzioa jasaten duten emakumeei gurutzatzen zaizkiela beste hainbat menderakuntza ere, generoaz gain: jatorria, arraza eta klasea, besteak beste.
Halaber, Tiganusek nahiz Iturriozek prostituzioa egiturazko auzitzat, sistema oso baten piezatzat jo zuten: «patriarkatuak emakumeei emandako posizioa» ekarri zuen hizpidera Tiganusek eta, Iturriozek, berriz, «sexu-genero sistemari sexualitatea gehitu» nahi izan zion, fokua heteropatriarkatuan jarriz.
Azkenik, bi ahotsek egin zieten erreferentzia legezko neurriei eta prostituzioa juridikoki arautzeko beharrari.