Prostituzioan aritu eta gorputza gudu-zelai izan ondotik, Amelia Tiganusek bide bat hartu zuen, duela urte batzuk, ahalduntzeko eta bizitakoa teoria feministatik berreraikitzeko. Besteak beste, La revuelta de las putas (Puten matxinada) saiakera da bere aktibismo hori guztia bildu duen argitalpena eta, liburua eskuan aitortu zuen, Topic-en, aktibismo hori bizitza arriskuan jartzen ari zaiola: «Ohean sartu eta une horretan neska bakar bat ere sexu indarkeriaren pean ez dagoela jakiten dudanean, orduan bukatuko da hau guztia».
Feminismoetatik auzia konpontzeko modu bakarra ulertzen du Tiganusek: «Fede onez arituta». Eta praktikaren jatorrira jo nahi izan zuen, 7.000 urte atzera eginda: «Prostituzioa instituzio patriarkala da, gizakiak nomada izateari utzi, jabetza pribatua sortu eta emakumeak gizonen jabetza izatera pasatu ziren garaitik datorren zerbait».
Egitura horrek, ezkontzaren instituzioa baliatuta, emakumeak bitan banatzen dituela azaldu zuen: «Emakume pribatuak eta emakume publikoak; emazteak eta putak; gizon bakoitzarentzat emakume bat, ala emakume gutxi batzuk gizon guztientzat». Sailkatze horretatik sortutako dikotomiak, gainera, bizi-bizirik ikusten ditu oraindik ere: «Emakume onak eta txarrak, putak eta santuak daude, eta horrek betikotu egiten du prostituzioan aritzen diren emakumeen bazterkeria eta estigma».
Betikotze hori, esaterako, emakumeen arteko «dena gaizki ateratzen bazait, puta sartu eta kito» broma normalizatuan ikusten du, haserretik: «Keinu horrek erakusten du zenbateraino daukagun barneratuta pentsamolde misoginoa, eta nola esleitzen diegun prostituta izaera emakume jakin batzuei, besteei».
Arazo kolektibo bat
Zentzu horretan, afera hau besteen kontutzat hartzea ere gaitzetsi zuen Tiganusek, gaiari errotik modu kolektiboan heltzea galdeginez: «Askotan entzun izan dut, prostituzioaren auzian prostitutek erabaki behar dutela. Zergatik? Bestelako sexu indarkeria kasuetan salaketak modu kolektiboan egiten ditugu, eta hemen ere hori behar da».
Frantziako Iraultzara bitarte, emakume bat bortxatzea gizonezkoek jabetza pribatuaren aurkako delitua zen; ordutik aurrera, ez. Baina, nola onartzen dute emakumeek sexu eraso bat? «Erasoa gertatu aurretik, probokazioaren bitartez, Lilith, Eva eta emakume gaizto guztien bidetik. Erasoa gertatzen den bitartean, etsita: borrokarik egin ezin duzunean, egoera horretara makurtzen zara, bizitzeko. Eta, erasoa gertatu ondoren, eraso hori ez salatuta. Askotan hurbileko ingurunean gertatzen baitira eraso horiek, eta horrek eragindako beldurra eta zalantzak hain dira larriak, ezen erabatekoa baita deskonexio emozionala».
Horregatik uste du ez dela diskriminazio objektiborik, subjektibitateak beti zeharkatuko duela diskriminazio hori. Izan ere, zazpi urterekin bere osabaren sexu abusua eta hamahirurekin aldibereko bost bortxaketa jasan, eta 40 prostituta-etxetan aritu eta gero, Tiganusek argi dauka bere inguruak ekoitzi zuela puta gisa, eta prostituta ia denak modu berean ekoizten dituela gizarteak, pertsona gisa suntsituz: «Ulertu nuen nire sexualitatea zela bizitzen jarraitu ahal izateko truke-txanpona, eta hori zela nire aukera bakarra».
Pornografiatik jaten du
Azpiratze-sistema bat baino gehiago pilatuta dituzten gorputzak izan ohi dira prostitutenak, baina, Tiganusen iritziz, bada egitura konplexu hori guztia belaunaldiz belaunaldi etengabe erreproduzitzeaz arduratzen den beso bat: pornografia. «Pornoa prostituzioaren marketina da, multinazional kriminal bat, maskulinitate eredu jakin bat eta horren baitako sexualitatea diseinatzen dituena».
Haur eta gaztetxoei eskaintzen dizkien formakuntza-saioetan ikusitakoak pizten dizkio alarma guztiak: «Mutikoak zortzi urterekin hasten dira pornoa kontsumitzen, eta hamar gizonezkotik lau onartzen dute putazaleak direla. Beren azal eta gorputzetatik deskonektatu eta burmuina kolonizatzen diete; sexu indarkeria eta sexualitatea gauza bera dela uste dute». Eta horrek neska gazteengan duen eraginak ere kezkatzen du: «Emakume gazte askoren ametsa sugar daddy bat izatea da gaur egun; haurrak bestelako bide batean hezi behar ditugu».
Amelia Tiganus: «Pornoa prostituzioaren marketina da, multinazional kriminal bat (…); haurrek uste dute sexu indarkeria eta sexualitatea gauza bera direla»
Deslegitimazioa aukera bakar
Amelia Tiganusek lege abolizionista baten beharra azpimarratuz itxi zuen saioa: «Prostituten eskubideak bermatu eta babestuko dituen lege bat behar da, haiei bestelako lan bat, sare bat, babes psikologikoa eskainiko diena. Eta, aldi berean, putazaleak zigortuko dituena; gaizki dagoena gaizki dagoela esan behar baita, legez arautu. Eta gaizki dago emakume bati baginatik, uzkitik edo ahotik zakila sartzea, berak nahi izan gabe». Deslegitimaziotik bakarrik ulertzen du prostituzioa, agenda feministan.
Prostituzioaren ikuspegi despenalistari erreferentzia eginez, berriz, sexualitatea fribolitate moduan tratatzea kritikatu zuen: «Ez ditut garbitzaileak gutxietsi nahi, inondik inora; baina, gauza bat da eskailerak garbitzea, eta beste bat eskailera horietako bizilagunen genitalak miazkatzea. Produktua zerbitzatzea edo produktua bera zeu izatea, hor dago aldea. Prostituzioari ezin zaio ahalduntze deitu, askatasun sexuala mugatzen duen neurrian».