53. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Hamaika herrialde eta hamazazpi abesbatza

Ataria 2022ko urr. 20a, 15:54

Urriaren 28an hasi eta azaroaren 1ean amaituko da 53. Tolosako Abesbatza Lehiaketa; aurten, berrikuntza gisa, haurren abesbatza lehiaketa berreskuratu da eta zazpi haur abesbatzek parte hartuko dute.

Hamaika herrialdetako hamazazpi abesbatzek parte hartuko dute, urriaren 28tik azaroaren 1era bitartean egingo den 53. Tolosako Abesbatza Lehiaketan. Aurten ez da euskal partaidetzarik izango. Parte hartuko duten abesbatzak Estonia, Polonia, Mexiko, Estatu Batuak, Letonia, Suedia, Irlanda, Ukraina, Txekia eta Esloveniatik etorriko dira. Estatu mailan, Katalunia, Valentzia eta Asturiasko hiru talde ere etorriko dira.

Bost urtez egitarautik kanpo utzi ondoren, berriz egingo dute haurren lehiaketa. Hori da normaltasuna berreskuratzen duen edizio honen berritasun nagusia; bestetik, koruetako partaideek maskararik gabe abestuko dute, 2019ko ediziora bitarte bezala.

Gaur goizean egin dute lehiaketaren aurkezpena Topic-en, eta Luis Miguel Espinosa lehiaketaren zuzendariak azaldu duenez, pandemiak Asiako eta Zeelanda Berriko abesbatzen parte hartzea eragotzi du. Espinosak parte hartuko duten haur taldeen kalitatea baloratu du, eta ganberako abesbatzen atalean, Europako abesbatzak eta bere tradizioa nabarmendu ditu.

Parte hartuko duten taldeen artean, Kieveko (Ukraina) Sophia Chamber Choir abesbatza egongo da. Tolosako Ekinbide Etxeko ordezkariek ez dute baztertzen azkenean Tolosara etortzerik ez izatea. «Duela gutxi esan ziguten metroan entseatzen ari zirela, bonbardaketen azpian, eta nolabaiteko etsipena sumatu genuen. Oraingoz hemen izango ditugu, baina ez dakigu bidaiatu ahal izango duten».

Mundu mailan erreferente

Aurten «apustu sendoa» egin dutela adierazi du Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak. «Europako Sari Nagusiaren barruan, bi lehiaketa soilik egingo dira aurten. Udan izan zen lehena, eta bigarrena Tolosan egingo dena izango da».

Olatz Peon Tolosako alkateak esker mezua helarazi die Tolosako Ekinbide Etxeari zein erakunde laguntzaile eta boluntario lanetan aritzen diren herritarrei, beste urte batez, ekimen honetaz gozatzeko aukera eskaintzeagatik. «Garrantzia bereziko lehiaketa da, Tolosa mundura begira jartzen duelako, baina, aldi berean, baita nazioartea gurera begira jartzen duelako ere. Lehiaketa honek gure kultura ezagutzera eman eta euskal kultura nazioartekotzen laguntzen du eta hori guztia posible da Tolosak eta bereziki tolosarrok kulturaren alde egiten dugun apustuari esker».

Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordeak eskerrak eman dizkie antolatzaileei. «Europa mailan ez ezik, mundu mailan ere erreferente da. Urrunekoak ditugun kulturez eta bertako ahotsez gozatzeko aukera izango dugu. Gainera, transmisioa da kulturak etorkizunerako duen erronka nagusietako bat, eta Tolosan ikusi ahal izango dena, horren erakusle da; beraz, goraipatzekoa da», esan du.

Bere aldetik, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendari nagusiak gogoratu du, Tolosan egingo den lehiaketaz gain, bertan parte hartuko duten abesbatzek nahiz talde gehiagok, kontzertuak eskainiko dituztela Gipuzkoan, Euskal Herriko beste probintzia batzuetan eta baita Euskal Herritik kanpo ere (Aragoi eta Kantabria). Nafarroaren kasuan, 25 herri bisitatuko dituzte, XXVII. Nafarroako Nazioarteko Koru Zikloaren barruan. «Eskuzabaltasunez jokatzen duzue, beraz, eskertuta gaude», esan die antolatzaileei.

Mundu osoko zazpi adituk osatuko dute lehiaketako epaimahaia: Xabier Sarasola (Beasain, Euskal Herria), Cesar Alejandro Carrillo (Venezuela), Martina Batic (Eslovenia), Mats Nilsson (Suedia), Jordan Sramek (Estatu Batuak), Shin-Hwa Park (Hego-Korea) eta Petra Grassi (Italia).

Estreinako lanak, Kup taldearen eskutik

Lehiaketa saioetatik kanpo beste bi hitzordu daude programatuta. Lehenengoa inaugurazio kontzertua izango da, Alemaniako Sttutgart Kammerchor abesbatza ospetsuaren eskutik. Urriaren 28an izango da, 19:30ean, Santa Klara elizan (sarrera librea). Bigarrena Kup taldearen emanaldia izango da, Musika Garaikidearen Nazioarteko Elkartearen mendeurrena dela eta. Urriaren 31n izango da kontzertua, 19:30ean, Santa Klara elizan (sarrera librea), estreinakoz abestuko dituzte obra koralen konposizio lehiaketan saritutako lanak.

Sarrerak salgai daude esteka honetan eta Leidor aretoko leihatilan saio bakoitzaren egun berean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!