Tolosa euskararen lekuko

Ataria 2022ko apirilaren 8a

Urtebeteko atzerapenez eta zehaztutako orduarekin atzerapen txiki batekin, ziztu-bizian sartu da Korrika Tolosan, Belatetik. 2032. kilometro eginak zituen Korrikak Tolosan sartzerako. Euskara ahoan eta indarra hanketan. Euskararen aldeko Korrikak ez du etenik eta festa giroa nagusi izan da Tolosako kaleetan barrena, baita Korrika iritsi aurreko uneetan ere.

‘HitzEkin’, hitzetatik ekintzetara leloarekin bat, jende andanak korrika egin du Tolosako kaleetan. Tolosako lehen kilometroetan (2032-2035) lekukoa ikastetxeek, sindikatuek eta tokiko komunikabideek eraman dute.

AEK-ren 22. Korrika babestu duten elkarte eta erakundeen zerrenda luzea izan da Tolosan: Asanblada Feminista, Pentsionistak, Tolosako Udala, Tolosaldea Sahararekin, Galtzaundi, udal langileak, Asuncion klinika, Lizardi, Oargi... Kilometroa erosi duten horiei norbanakoen indarra ere gehitu zaie. Korrikalari asko eta asko izan baitira errepidea hartu eta kalez kale euskararen aldeko aldarria egin duten euskaltzaleek.

Olarrain auzotik atera da 22. Korrika Tolosatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!