Elkarrizketa

«XXI. mendeko zaharrak ari gara mundua mantentzen eta zaintzen»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mar. 22a, 07:59
Argazkia: Alisa Guerrero

Anna Freixas Bartzelonako psikologo eta idazleak iaz argitaratu zuen 'Yo, vieja' liburua aurkeztuko du, bihar 18:00etan, Tolosako kultur etxean; Mertxe Tranchek gidatuko du solasaldia eta gaztelaniaz izango da.

Tolosako Jabetze Eskolaren udaberriko egitarauaren barruan, lehen saioa izango da Anna Freixas (Bartzelona, 1946) idazleak Yo, vieja liburuari buruz eskainiko duen solasaldia. Psikologian lizentziaduna eta doktoratua da, eta ekarpen aitzindariak egin ditu Espainian gerontologia feminista garatzeko.

Nola sortu zen Tolosako Jabetze Eskolan liburuari buruz aritzeko ideia?

Aspalditik dut harremana Tolosako Udaleko Berdintasun Sailarekin, eta duela urte batzuk ere gonbidatu ninduten Jabetze Eskolan parte hartzera; hala ere, osasun arazoak medio, ezin izan nuen bertaratu. Beraz, badut Tolosara joateko desira, baita nire lana herritarrekin partekatzekoa ere.

Zer da 'Yo, vieja'?

Liburu laburra da, irakurterraza. Zerikusia du 2013an argitaratu nuen Tan frescas liburuarekin, baina hura zuhurragoa da; hau, berriz, bihurriagoa. Umore-sena handia du, baina aldi berean, tonu serioa ere bai. Zahartzaroa bizi-zikloaren aldi bat da, eman ohi dizkiogun konnotazio negatiborik gabekoa. Zahartzaroak ez zarela hil esan nahi du, eta urte luzez bizi izan zarela. Harro gaude zahar izateaz, eta lorpen bat da gure adinera iristea. Ondorioz, zahartzaroaren esanahia bere tokian ezarri eta nabarmendu nahi izan dut.

Umorea bai, baina hausnarketarako tartea ere bai, ezta?

Feminismotik abiatuta erabiltzen dut umorea. Ikusezina den oro ikusgarri bihurtu nahi dut; naturala edo normala kontsideratzen den hori argitara eraman nahi dut, txantxaren bitartez, ironia edo trufa erabiliz, berez, naturala edo normala ez denean. Hausnarketari dagokionez, hiru ideia nabarmendu nahi izan ditut: nahi duzun bezalako zaharra izateko askatasuna, gure gorputzarekiko eta izatearekiko duintasuna, eta eskubide guztientzako justizia.

'Biziraupena' hitza azaltzen da izenburuaren bigarren zatian. Zer dela eta?

Gizarteak adinekoei egiten dien erasoen aurrean, edo zahartzaroarekiko duen izaeraren aurrean bizirautea da irtenbide bakarra. Esaterako, pertsona batek niri «amona» esateak zer esan nahi du? Batetik, ni ez naiz bere amona; bestetik, adineko ugari daude amonak edo aitonak ez direnak.

Estereotipoez ari zara, ezta?

Gizartearentzat zaharrak ez gara izaki interesgarriak, baina egiari zor, XXI. mendeko zaharrak era guztietako aldarrikapen, borroka eta mugimendu sozialetan inplikatuta egon gara; gaur egun, mundua mantentzen eta zaintzen ari gara. Horrez gain, edertasunaren gaia dugu. Izaki ederrak gazteak bakarrik izan daitezkeela esan ohi da, baina badira oso ederrak diren zaharrak ere.

Adineko emakumeei soilik zuzendutako liburua da

Aurkezpenak egiten aritzen naizenean, zaharrak ez diren emakumezko asko inguratzen zaizkit liburuagatik galdetzera. 45-55 urte bitarteko emakume zein gizonek aitortu didate baliagarria suertatzen ari zaiela. Zahartzarorako aurreikuspenik egiten ez badugu, baliteke gerora zailtasunak izatea.

2021ean argitaratu zenuen liburua, baina nolakoa izan zen idazketa prozesua?

Osasun larrialdia ezarri zenerako, nahikoa aurreratuta nuen liburua; ia amaitua nuen. Gerora, zenbait arrazoirengatik, 2020an argitaratu ordez, urtebete beranduago egin nuen publiko. Pandemiak berak ere eragina izan du; izan ere, erresidentzietan bizi izandako egoeren inguruan zenbait testu ditu eleberriak, baita bizitzaren amaieran zaharrek duten askatasunari buruz ere.

Zein iritzi duzu Jabetze Eskola bezalako proiektuez?

Euskal Herrian nahiz Kantabrian, antzeko egitasmoetan parte hartu izan dut. Guztiz interesgarriak eta garrantzitsuak iruditzen zaizkit, parekidetasunaren gaiaren inguruan pentsatu eta ikasteko. Hori lortzeko antolatzen diren ekintzek jarraipena izatea bermatzen dute.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!