Elkarrizketa

«Desberdin pentsaraztea eragiten duen liburua da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko martxoaren 22a

Argazkia: Bidasoako Hitza

Mertxe Trancherentzat (Irun, 1965) pasioa dira liburuak, eta Yo vieja irakurtzea ere gustagarri suertatu zaio. Berak gidatuko du biharko solasaldia; jada prest ditu Freixasekin partekatzeko zenbait galdera eta zalantza.

Nolako saioa izango da?

Niri bi zahar feministen arteko solasaldi bat izatea gustatuko litzaidake. Liburua irakurtzean zenbait zalantza sortu dizkit, eta sorpresa ugari izan ditut. Hortaz, Annak horiek argitzea eta azaltzea nahiko nuke. Gainera, kontuan izan beharko dut solasaldira bertaratzen diren herritar batzuek liburua irakurri gabe izango dutela, eta beraz, testuinguruan kokatu beharko dut galdera bakoitza.

Zer iruditu zaizu liburua?

Laguntza handiko irakurgaia izan da, oso interesgarria. Zenbait gairen inguruan beste modu batera pentsaraztea eragiten du, esaterako, zahartzaroaren eta egoera ekonomikoaren arteko loturari buruz. Gainera, zenbait termino beste modu batera izendatzen ditu, guk erabili ohi ez ditugun hitzekin, eta horrek harritu egin nau.

Belaunaldi ezberdinak kontzientziatzeko balio dezake?

Nire iritziz, bai. Adin guztietako emakumeen artean elkarlanean aritzearen garrantzia nabarmentzen du Annak. Gainera, azaltzen duen kezka nagusietako bat da zaharrek eginkizun edo betebehar bat dugula gazteei begiratuta. Ikasi duguna transmititzea da gure eginkizuna. Esaterako, zaharrak edertasunaren modelo bilakatu gaitezke, eta hori hala dela sinetsarazi behar diegu atzetik datozenei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!