Erosketak egiteko egun polita

Ataria 2022ko martxoaren 12a

Azken maukak erostera jende ugari atera da, eta festa giroa izan da nagusi Tolosako kaleetan egun osoan.

Tolosa & Co merkatarien elkarteak antolatuta Braderie azoka izan da egun osoan Tolosako kaleetan. Parte hartu duten saltokiek euren produktuak kalera atera dituzte ohi baino prezio baxuagoetan, eta herritarrek aukera baliatu dute erosketak egiteko.

Eguraldiak ere asko lagundu du horretarako, eta giroa alaitzen erraldoi eta buruhandien konpartsa, txarangak nahiz txu-txu trena ere izan dira. Bada, dendariak gustura agertu dira ekimenak izan duena erantzunarekin. Kimetz arropa dendako Kattalin Zubizarretak azaldu duenez, bazegon zalantza pixka bat pandemiagatik herritarrek nola erantzungo ote zuten, baina, eguna "primerakoa" izan dela esan du; "salmentak ondo joan dira eta eguraldiak ere asko lagundu du, beraz, ezin gara kexatu".

Niko arropa dendako Leider Uzkudunek goizean ibili dela batik bat jendea erosketak egiten esan du, eta agian beste urteetako braderiak baino apalagoa izan dela, baina, hala ere pozik daude izandako erantzunarekin. Colors arropa dendako Amaia eta Elia ere gustura azaldu dira: "Eguraldi ona eginez gero jendea asko mugitzen dela ikusi da. Gainera, orain jendea osasun egoeragatik pixka bat lasaiago dabil eta gustura ibili da. Mugimendu handia egon da, eta giro polita izan dugu".

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!