Kaldereroak eta pregoi kontzertua, inauterien iragarle

Ataria 2022ko ots. 16a, 11:05

Inauteriak ospatzeko erabakia hartu ondoren, larunbatean Kaldereroen Konpartsa aterako da Alde Zaharreko kaleetara, eta igandean kontzertu berezia eskainiko dute Udal Txistulari Bandak eta Udal Musika Bandak.

Bazirudien ezetz, baina hemen dira: badatoz 2022ko Tolosako inauteriak. Astebete barru lehertuko da suziria eta orduan emango zaie hasiera etenik gabeko sei festa egunei. Udalak inauterietako egitaraua astelehenean aurkeztuko badu ere, aurrez, inauteriak iragartzeko hiru ekitaldi izango dira asteburu honetan Tolosan.

Larunbatean, Aiz-Orratz elkarteak antolatuta, 53. Haur Jaialdia ospatuko da Leidor aretoan, 12:30ean. Aiz-Orratz txarangaren kalejirarekin hasiko da ospakizuna, 11:45ean, elkartetik abiatuta. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak Trianguloa plazan batuko dira kalejirara, eta Leidorren eskainiko dute emanaldia, Joseba Usabiagaren laguntzarekin, 12:30ean hasita. Jolasak egingo dira eta sariak ere banatuko dituzte.

Arratsaldeko 19:00etan, Urdina Txiki Elkarteak antolatzen duen Kaldereroen Konpartsa aterako da Plaza Zaharretik, eta Alde Zaharrean barrena ibiliko da. 23:30eatik aurrera, inauterietako lehen txaranga doinuak entzuteko aukera izango da, Incansables txarangaren eskutik.

Bestetik, igandean, Tolosako Udal Txistulari Bandak eta Udal Musika Bandak inauterietako kontzertua eskainiko dute, 12:00etan hasita, Zerkausian. Kontzertu horretan, inauterietako errepertorioko kantuak interpretatzeaz gain, Udal Musika Bandak, iaz eta aurten urteurrenak bete dituzten elkarte eta txarangen kantuak ere joko ditu, omenaldi modura, eta zenbait sorpresa izango dira.

Maskara erabiltzea eskatu du udalak

"Larrialdi egoera indargabetu bada ere, oraindik ere, birusak gure artean jarraitzen du", adierazi du udalak. Horregatik, maskara erabiltzea eskatu du, "aire librean, 1,5 metroko distantzia mantendu ezin den kasuetan, festaz modu seguruan gozatu ahal izateko".

Udala jakitun da gauza bera gertatuko dela datozen egunetan ospatuko diren ekitalditan ere. "Aste honetan buru belarri ari gara inauteriak prestatzeko lanetan", adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!