Larunbatean Aiz-Orratz elkartearen 53. Haur Jaialdia ospatuko da Leidorren

Ataria 2022ko ots. 16a, 07:57

Aurten ez dute marrazki eta mozorro lehiaketarik antolatu, baina parte hartzaileei mozorrotuta joateko deia luzatu diete; Zaldunita bezperan ez da Haur Danborrada ospatuko.

Bi urteren ondoren, bueltan da Tolosako Aiz-Orratz elkarteak antolatzen duen Haur Jaialdia; 53. edizioa izango da aurtengoa. "Inauteri giroko lehen ekitaldia izango da, zalantzarik gabe, berezia, iaz festak ospatu ezinik ibili ondoren", esan dute antolatzaileek.

Larunbat goizean egingo dute jaialdia, Leidor antzokian. Kanpoaldean egitearen ideia ere buruan zuten antolatzaileek, baina eguraldiaren iragarpenak bultzatuta, leku itxi batean egitea erabaki dute azkenean.

Azken edizioetako ohiturari jarraituz, kalejirarekin hasiko dute ospakizuna. 11:45ean, elkartetik abiatuko da Aiz-Orratz txaranga, Leidor Aretora. Aurten ez dute parte hartuko Tolosako Buruhandi eta Erraldoiek, baina aldez aurretik, esker ona adierazi nahi die elkarteak, "haien nahia bertan egotea zelako".

Erraldoiak ez, baina pailazoak izango dira jaialdian. Txirri, Mirri eta Txiribiton Trianguloan batuko dira kalejirara, eta 12:30eatik aurrera, emanaldia eskainiko dute Leidorren. Joseba Usabiagaren laguntzarekin, jolasak egingo dituzte haur eta gurasoekin, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, "umorea ez da faltako". Gainera, sariak egongo dira parte hartzaileentzat, besteak beste, Ostegun Gizeneko zezen festa palkotik ikusteko sarrerak.

Aurtengo Haur Jaialdia "xumeagoa" izango dela adierazi dute elkarteko ordezkariek. "Hilabeteetakoa izaten den lana astebete pasatxoan egin behar izan baitugu, eta dena bere horretan egitea ez da posible izango. Hala ere, aurrera egitea erabaki dugu. Guztiok merezi dugu ospakizun bat, eta batik bat, haurrek. Hori behintzat eskaini nahi genien”, gaineratu dute.

Sarrerak ostiraletik aurrera jarriko dira salgai Leidorreko leihatilan, 18:00etatik 20:00etara, euro baten truke. Egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira, 11:30etik aurrera. Behin barruan, nahitaezkoa izango da maskara jantzita izatea. "Mozorro lehiaketarik egingo ez den arren, mozorrotuta joateko deia luzatzen diogu edonori", ohartarazi dute.

Haur danborrada ez

Zaldunita bezperako Haur Danborrada ere Aiz-Orratz elkarteak antolatzen du. "Aurten, ordea, antolaketarako ez ezik, ikastetxeekin koordinatzeko eta entseguetarako epeak oso estuak izanik, ez antolatzea erabaki da. Datorren urtean betiko ilusio berarekin helduko diogu antolaketari", adierazi dute elkartetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!