WATTARIA

Historia pixka bat (II)

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2022ko ots. 14a, 07:57

Aurreko atalean baterien historiaren hastapenak aztertu genituen. Zientzia komunitatea Volta eta Galvaniren artean bananduta egon ondoren, lehenengoari eman zitzaion baterien asmakuntzaren aitortza. Dena den, bateriak zertxobait aldatu dira 1799 urtetik, eta datozen lerroetan eboluzio honen errepasoarekin jarraituko dugu.

Lehen aurrerapausoak Voltaren zelda erabilita eman ziren. Aipagarriak izan ziren Sir Humphrey Davy britainiarrak egindako lanak: energia metatzeko gailu bezala ez ezik, elektrolisi bidez metalak lortzeko erabili zuen Voltaren zelda. Davyk metal ezberdinen gatzak edota oxidoak pilan bertan metal puru gisa banatzeko teknika garatu zuen: elektrolisia. Naturan, kaltzioa, magnesioa, edota sodioa bezalako metalak mineral moduan aurkitzen dira. Davyk horrelakoak hartu eta pila baten elektrolitoan disolbatu zituen. Jarraian, korronte elektrikoa pasarazi zuen zelda horretatik. Korronte horren laguntzarekin mineral hauen osagai metalikoek erreakzionatu eta elektrodoen gainazaletan ezartzea lortu zuen.

Ez zen britainiarrek egindako aurkikuntza bakarra. Michael Faradayk ere Voltaren zelda erabili zuen bere ikerketetan. Zelda hauek martxan zeuden bitartean eremu magnetiko bat ezartzearen eragina aztertu zuen: eremu elektromagnetiko bat sortzen lehena izan zen.

Hobekuntza txikiak, apurtzaileak, edota komertzialak: neurri ezberdineko pausoz egindako bidea da bateriena. 

Dena den, Voltarenak ezin zuen betirako erreferentziazko zelda izan. XIX. mendearen erdian, 1866an, Georges Leclanche frantsesak baterien mundua hankaz gora jarri zuen. Zinka eta manganesoa bezalako metalak erabilita 1.5 V emateko gai izan zen, eta telegrafia, seinalizazioa eta antzeko aplikazioei autonomia eman zien. Pila honen elektrolitoa likidoa zen (amonio kloruro disoluzio bat), eta hori dela eta, «pila hezea» bezala izendatu zuen. Gainera, ikuspegi zientifikoaz gain, begirada industriala ere izan zuen sortzaile frantsesak. Barbier enpresariarekin elkartu eta Laclanche-Barbier pilak ekoizten hasi ziren (arrakasta handiarekin, gainera).

Antzeko ikertzaile-enpresari elkarrekintza batek gaur egungo untxi nekaezin batzuek irudikatzen duten piletan amaitu zuen. Ruben Samuel zientzialariak instrumentu batzuk behar zituen bere esperimentuak aurrera ateratzeko. Horretarako, Philip Rogers Mallory enpresariarengana jo zuen. Hizketan hasi eta Samuelek bere ideien berri eman omen zion. Malloryk negozio aukera ona ikusi zuen eta merkurioan oinarritutako pilak garatu zituen. Pila hauek, lehenago deskribatutako «hezeak» baino gaitasun handiagoa zuten tenperatura eta hezetasun handiko tokietan. Gainera, pila hezeak birdiseinatu ere egin zituen konpaktuagoak izateko.

Bitartean, Gaston Plantek historiako bateria arrakastatsuenak sortu zituen: berunezko bateriak. Plantek egungo auto askotan aurki daitezkeen baterien lehen harria jarri zuen, baina egiazko arrakasta komertziala Camille Alphonse Faure ingeniariak ahalbidetu zuen. Planteren sorkuntzari aurrerapen tekniko batzuk erantsi zizkion.

Azkenik, gailu eramangarrietan dauzkagun litio-ioi bateriek 30 urte bete dituzten honetan, eta sortzaileek (Whittinghamek, Yoshinok eta Goodenoughek) 2019an Kimikako Nobel saria jasota, aldaketa tekniko ugari izan dituzte beraien sorreratik. Hobekuntza txikiak, apurtzaileak, edota komertzialak: neurri ezberdineko pausoz egindako bidea da bateriena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!