WATTARIA

Historia pixka bat

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2021ko aza. 6a, 10:58

Lehenago edo beranduago iritsi behar zen orri hauetara, idatzi behar nuen honi buruz. Ez da oso gai berritzailea, baina bada interesgarria bezain kuriosoa. Nola? Noiz? Zergatik? Zertarako? Non? Denak du hasiera bat (eta amaiera bat?) eta honek ere badu. Baterien sorrerari buruz hitz egiteko garaia da.

Ekiteko, nire berdina egin dezakezue: Googlen baterien sorrerari buruzko bilaketa egin. Garrantzitsua da bateriari «elektrikoa» abizena jartzea, (oraingo honetan) instrumentu musikalaren inguruko informazioan interesik ez baduzue. Orrialde gehienek izen bat aipatuko dute: Alessandro Volta italiarrarena. 1800 urtearen inguruan sortu omen zuen bateria elektrikoa. Gogoan al duzue azken atalean aurkeztu nizuen limoi-bateria? Ba antzeko zer edo zer egin zuen, baina elektrolito bezala limoia (edota beste edozein fruitu) erabili beharrean gatzuna erabili zuen. Kartoi zatiak gatzunean busti eta zinc eta kobrezko diskoen artean ipini zituen, sandwich tankerako egituran. Disko hauek kanpo zirkuitu baten bidez konektatuta, korronte elektrikoa zegoela erakutsi zuen, eta Voltaren asmakizuna lehen pila elektriko bezala onartu zen. Ez da kasualitatea nazioarteko sistema tentsioa neurtzeko unitatea volta izatea!

Hala ere, denboran hogei urte atzera eginez gero, Luigi Galvani italiarrak antzeko aurkikuntza bat egin zuen. Bere kasuan, gatzuna erabili beharrean, metal piezak igel baten gihar baten bidez elkartu zituen. Zorionez, gaur egun ez dugu animalia zatirik behar gure bateriak eraikitzeko (beganoak direla esan daiteke?).

Edonola ere, pasarte honek erakusten du detaile txiki batek eragin handia izan dezakeela historia liburuetan; baldintza dezakeela zer idatziko den. Galvanik ikusi zuen korronte elektrikoa alde batetik bestera mugitzen zela, baina ez zuen egoeraren deskribapen zuzena eman. Izan ere, bere ustez, korrontea igelaren giharrean sortzen zen. Interpretazio akatsa! Korrontea metal piezen artean sortzen da eta elektrolitoak (igelaren giharrak, gatzunak, limoi batek) karga orekatzea ahalbidetzen du. Ez dago garbi Voltak gertatzen ari zena detailean ulertzeko ezagutza nahikoa zuenik 1800 urtean: oxidazio eta erredukzio erreakzioen interpretazioa, elektroiak, atomoak, kargen orekatzea... kontzeptu ezezagunak ziren. Baina gai izan zen aurrean zuena behar bezala interpretatzeko. Hala ere, polemika handia izan zen eta ikertzaile biek aldekoak eta aurkakoak izan zituzten. Animalia-elektrizitatearen aldekoak eta metal-elektrizitatearen aldekoak. Galvanierrak eta Voltierrak.

Esan dugu zein izan zen irabazlea: volta. Izan ere, tentsioa neurtzeko unitatea ez da galvanoa, volta da. Baina Luigi Galvanik ere jaso zuen aitortza: pila elektrikoaren sortzailea Volta den arren, pila bera pila galbaniko nahiz pila voltaiko izan daitezke. Biak dira zuzenak. Eta ez du ez gatzun, ezta igel giharrik ere elektrolito bezala: sulfato gatza du uretan disolbatuta (ikusi irudia). Oso erabaki salomonikoa Kimikaren Erret Elkarteak hartutakoa. Hala ere, 1800 urtetik gauza dezente gertatu dira baterien munduan. Istorio gehiago kontatuko ditut hurrengo batean!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!